Maitasun erromantikoak ezkutatzen dituen desberdintasunak hausnartzeko kanpaina sustatu du Aldundiak

a eta b: Bizkaiko Foru Aldundia 2024ko ots. 14a, 14:27

Gaur, otsailak 14, San Valentin eguna da. Dataren harira eta “San Valentin FAQ” lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak kanpaina bat ipini du martxan, herritarrak, eta batez ere gazteak, sentikor bihurtzeko bereziki emakumeentzat kaltegarria den maitasunaren kontzeptuarekiko.

Horrela, kanpainaren bidez hainbat galdera egiten dira; adibidez, hurrengo hauek: Ez naiz ezer zu barik? Jeloskorra izatea benetako maitasunaren ikurra da? Gizarte-sareetan beste pertsona batzuei like ipintzen badiet, bikotekidea traizionatzen dut? Maitasun erromantikoaren mitoak desberdintasuna sortzen du? “Kanpainaren helburua da berdintasunean oinarritutako harreman sanoak eta aberasgarriak eraikitzea. Maitasun erromantikoaren mitoaren aurkako kanpaina da; hala ere, aldi berean, maitasuna aldarrikatzeko kanpaina ere bada”, esan zuen atzo, prentsaurrekoan, Teresa Laespada diputatuak.

Kanpaina formatu digitalean zabalduko da gizarte-sareetan eta komunikabideetan. Gainera, Bilboko Intermodal geltokiko plazan gune bat atondu da, bi pertsona bazkaltzeko edo afaltzeko gelditzen diren lehen aldia birsortzeko. Bertan pegatinak daude herritarren eskura, hausnartu dezaten eta galdera berriak eta oharrak idatzi ditzaten. Gunea bihar arte izango da plazan.

Pertzepzio soziala

Reina Sofia Fundazioaren inkestaren arabera, lau gazteetatik batek (% 23,1) uste du indarkeria matxista ez dela existitzen edo asmakizun ideologikoa dela. Bestalde, mutilen % 32,5ek adierazi du indarkeria matxista beti egon dela eta saihetsezina dela; eta % 19,2k esan du arazoa ez dela baldin eta arina bada. Azkenik, neskak zein mutilak kontuan hartuta, gazteen % 87k aitortu du beren inguru hurbilean ezagutzen dutela gizonek emakumeen aurka egindako indarkeria-kasuren bat: fisikoa, psikologikoa, sexuala, kontrola… Inkesta 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteei egin zieten.



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).