Gurean pisu handia duten industria-sektoreak eta automobilgintzak urteak daramatzate krisian, eta ez da tunelaren amaieran argirik ikusten. Multinazionalek erosi dituzte inguruko enpresa handiak; etorri egin dira; joan egin dira; eta berriak ere etorri dira. Izenari eutsi badiote ere, haietako askok ez dute lurraldearekin loturarik. Agintariek modu progresiboan eta programatuan saldu diete gure burujabetza industriala atzerriko enpresa eta multinazionalei, eta politika publiko eraginkorrik ezean, dena libre izan da. Ondorioz, berton zer, zertarako eta zelan ekoiztuko da? Erabakia ez dugu hartzen ez herritarrok, ez ustez ordezkatzen gaituen administrazio publikoak, multinazionalek baizik. Politika industrial eraginkorrik gabe eta esku-hartze publikorik ez badago, ez dago burujabetzarik. Batzuk etorri dira, eta beste batzuk joan dira. Euskal Herriko ekoizpenaren zati handi bat atzerrira eraman da, han ekoiztea merkeagoa delako. Eta joan direnak ez dira bakarrik lurraldearekin loturarik ez duten enpresak izan; Eusko Labela dutenek ere alde egin dute, eta askok, gainera, diru publikoa jaso ostean. Industrian trantsizioa gertatzen ari da, eta horri heltzen ez badiogu, multinazional handiek erabakiko dute zein norabidetan izango den. Zein industria behar dugun hausnartu behar dugu, eta zer eta zertarako ekoiztu nahi dugun erabaki. Herritarron beharrizanak aseko dituen industria behar dugu, jasangarria eta sozialki justua. Gainera, planetaren muga biofisikoak kontuan hartuta erabaki behar dugu, izan ere, lehen aipatutako trantsizioa ekosoziala ez bada, ez da bidezko trantsizioa izango. Zelan ekoitzi ere pentsatu behar dugu. Burujabetza industriala berreskuratu behar da, eta ekoiz-penaren eta enpresen gaineko kontrol publikoa eta parte hartzea indartu. Horretarako, finantzazioaz gain, inbertitzen den diru publikoa eta enpresa-politikak kontrolatu behar dira. Langileok eta herritarrok, bestalde, politika horien parte izan behar dugu.