Harro herri, Txorierri

a: Korrika 2024ko mar. 8a, 09:27
a: Korrika

Harro herri” lelopean, 23. KORRIKA martxoaren 14an irtengo da Irundik, eta hamaika egunean Euskal Herri osotik igaro ostean, martxoaren 24an ailegatuko da Baionara. Txorierri hiru egun lehenago, martxoaren 21ean, zehartuko du; guztira 32 kilometro. Herrietako KORRIKA-batzordeak lanean dabiltza euskararen aldeko lasterketa erraldoia hartzeko eta euskalduna izatearen harrotasuna erakusteko.

KORRIKA Erandiogokotik sartuko da eta handik Larrabetzura abiatuko da, bidea Galdakaotik jarraitzeko. Aurreikuspenaren arabera, hurrengo ibilbide eta ordutegi hauek izango ditu gurean: Erandiogoikoa (09:35) –  Sondika (09:57) – Loiu (10:13) – Derio (10:20) – Zamudio (10:45) – Lezama (11:07) – Larrabetzu (11:30). Olga Loroño Txepetxa AEK-ko arduradunak gogora ekarri duenez, “oraindik KORRIKA egiten jarraitu behar dugu. Alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko, eta beste aldetik, AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko”. Loroñok aurtengo leloan ere ipini du azpimarra. “Harro hitza erabiltzen dugu aurten. Izan ere, aurreko edizioaren parte-hartze masiboak erakutsi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela, euskararen inguruan komunitate sendoa osatzen dugula eta oztopoak gainditzeko gai den herria garela; batez ere azken garaiotan bizi izan ditugu oldarraldi guztiak kontuan hartuta. Jendarteak erakusten duen gaitasun hori oso ondo dago eta eskertzen da, baina erakundeen papera eta ardura ere aldarrikatu nahi dugu: hizkuntza-politika ausartagoak eta inbertsioak egin behar dira. Bien bitartean, KORRIKA egiten jarraitu beharko dugu, eta jasotzen den dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizaziora bideratu”.

Ekarpenak

KORRIKAK Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea omendu du arten, eta Loroñok haientzat ere izan ditu hitzak. “Bizitza osoan euskaraz ikasi badute ere, ezin dituzte euskaraz egin hezkuntzaren lehen zikloaren amaieran egiten den azterketa, brebeta, eta bigarren hezkuntza amaituta egiten dena, baxoa; aitortza xumea egin diegu jendeak euren egoera ezagutzeko”. Gazte horiek aurre egin diote Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari eta esandako azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute, beren notek eta etorkizun akademikoek kaltea jasoko dutela jakitun. Lander Garrok Oihaletxea dokumentala egin du eta bertan ikasleen, irakasleen eta gurasoen testigantza jaso du. Azkenik, Loroñok euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonentzat.

Tipi-tapa eta harro-harro, 23. KORRIKAk 32 kilometro egingo ditu Txorierrin. Lekukoa eskuz esku, hainbat modu daude euskaren aldeko lasterketari laguntzeko: korrika eginez, kilometroak eta arropa erosiz, AEKren webgunean dagoen kontu korrontean diru-ekarpenak eginez, informazioa gizarte-sareetan partekatuz… Petoak eta arropa Txepetxa euskaltegian dago salgai, eta kilometroa erosi nahi duenak ere hara jo dezake: txepetxa@aek.eus eta 944 543 967.

KORRIKA Kulturala

Txorierriko KORRIKA Kulturala lerro hauek idaztean guztiz itxita ez badago ere, Derioko Txepetxa AEK euskaltegiak aurreratu digu aurreko egunetan ekitaldiak egingo direla, euskararen aldeko lasterketa erraldoiari begira herriak girotzeko. Horrela, domekan, martxoak 10, 18:30ean, Bizkarsoro filma ikusi ahalko da Sondikako Kultur Etxean; horren ostean, solasaldia egongo da Hibai Castro filmaren argazki-zuzendariarekin. Filma Lezaman eta Larrabetzun ere ikusteko aukera egongo da: Larrabetzun martxoaren 22n emango dute, 19:00etan, eskolako jantokian; baina Lezamako hitzordua konfirmatu barik dago. KORRIKA martxoaren 15ean aurkeztuko da Erandiogoikoan: Dj Noraik diskofesta girotuko du, eta aurkezpen-ekitaldiaren ostean, Mixerabliak taldeak egingo du kontzertua. Martxoaren 15ean ere bertso-afaria izango da Txorierriko Baserri Antzokian, Lagatzu Zamudioko elkarteak eta Zorrizketan Lezamako euskara elkarteak antolatuta. Era berean, zirku-tailerra egingo da martxoaren 20an, Lezaman.

Bea Egizabalek, bestalde, Magma mia bakarrizketa aurkeztuko du martxoaren 21ean, 19:00etan, Derioko Marikobaso Espazioan. Esandakoez gainera, herri-bazkariak eta askoz ekintza gehiago antolatuko dira. Sondikan, adibidez, herri-bazkaria egingo da martxoaren 16an, eta txartelak martxoaren 12ra arte eskuratu ahalko dira Egarri tabernan; era berean, umeentzako jolasak izango dira martxoaren 17an, 12:00etan, Ikurrinaren enparantzan. Derion ere herri-bazkaria egingo dute martxoaren 16an; izena ematea Txepetxa AEK euskaltegian egin daiteke, edo marikobaso.martxan@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Gainerako ekitaldien berri gizarte-sareen bidez eta herrietako kultura-agendetan emango dute datozen egunetan; beraz, adi-adi egon beharko da!  Azkenik, autobusa antolatuko da martxoaren 24an Baionara joateko. Autobusa 8:30ean aterako da Sondikatik eta herriz herri hartuko ditu Txorierriko euskaltzaleak. Izena emateko, martxoaren 19ra arte idazti daiteke txepetxa@aek.eus helbide elektronikora, edo 944 543 967 edo 688 875 481 telefono-zenbakietara deitu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).