LABek eta ESKek salatu dute Gizardatz eta Geroan patronalek uko egin diotela Bizkaiko esku hartze sozialaren sektorerako hitzarmen bat sinatzeari eta ez dutela negoziatzeko borondaterik. “Blokeoaren erantzule egiten ditugu eta Hitzarmen Kolektiboa bahituta izatea leporatzen diegu”. Euren hitzetan, martxoaren 26an akordio-proposamena helarazi zieten langileei zein Gizardatzeko negoziazio-taldeari eta sektoreko elkarteei. “Haien erantzukizuna da hitzarmena desblokeatzea eta haien ardura da langile guztien lan-baldintzak hobetzea. Konponbidea eta adostasuna eskuetan dituzte. Erantzukizun-ariketa egin dugu hitzarmena sinatzeko, baina Gizardatz eta Geroan erakundeen erantzuna da negoziazioari uko egitea”.
Sindikatuek adierazi dute administrazio publikoetako arduradunak direla esku-hartze sozialeko langileek ematen dituzten zerbitzuen publikoen titularrak, baina hauteskunde-kanpainan zentratuta daudela eta ez dutela “inongo erantzukizunik hartu”. “Eskatzen diegu beren erantzukizuna har dezatela eta beren agenda politikoan jar dezatela ematen ditugun zerbitzu publikoen kalitatea eta gure lanaren aintzatespena”. Amaitzeko, erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia egin diete gainerako langileei.
Gaur goizean auto-karabanan atera dira Jesusen Bihotza plazatik. Goizeko 10,30ean baraualdia amaitu, eta 11:00etan manifestazioa egingo dute Aldunditik udaletxera eta udaletxetik Aldundira. Arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta 18:15ean asanblada irekia izango da.
Beste aldetik, ELAk esan du negoziazioaren blokeoa dela-eta sektorean lan egiten duten 5.000 pertsonek bi urte baino gehiago daramatzatela hitzarmenik gabe. “Erosteko ahalmenaren galera % 15etik gorakoa da, eta lan-osasunaren eta kontziliazio-neurrien arloan ez dago aurrerapenik”. Sindikatuaren hitzetan, martxoaren 18an bilera-mahaira deitu zieten patronalari, EUDELi eta Bizkaiko Foru Aldundiari, baina “zoritxarrez, azken bi horietako inor ez zen bertaratu”.