Josu Andoni Begoña EGAZ Txorierriko presidentearen eta Loiuko alkatearen esanetan, datuak dira “eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko konpromisuaren adierazle, baita, aldi berean, enpresen lehiakortasunaren adierazle ere, etengabeko berrikuntza ezarrita eta eskualdeko errealitate sozioekonomikoa eta lan-merkatua zuzenean ezagututa”.
Azaldu moduan, EGAZ Txorierrik bitartekaritza-lanak egiten ditu enplegu bila dabiltzan edo euren lan-ibilbidea hobetu nahi duten pertsonen eta langile-profil berriak behar dituzten enpresen artean. Horretarako, hainbat tresna baliatu ditu azken urteetan, hala nola Talentu Play, bideo-curriculuma eta HAZILAN. Tresna eta zerbitzu horien bidez, 27.451 kontsultari eman zieten erantzuna 2023an, eta 1.749 erabiltzaile berri egin ziren. Bestalde, 27 trebatze-saio antolatu ziren eta horietan 165 pertsonak hartu zuten parte. Halaber, 3R (Reorientazioa, Birkokatzea eta Birkualifikazioa) programan 112 pertsona ibili ziren eta enplegu-indizea % 75ekoa izan zen. Gazteentzako programei dagokienez, 192 pertsonak parte hartu zuten Batxilergoko ikasleentzako eta euren familientzako orientazio-ekintzetan, eta 40 lagunek, ekintzailetza-ideien bideo-lehiaketan. Azkenik, EGAZek kudeatu zituen eskualdeko udalek langileak kontratatzeko 74 dirulaguntza eta Lanbideren 36 dirulaguntza.
“Lan honen ondorioa da Txorierrik 2023ko amaieren % 6,7ko langabezia-tasa zuela. Lanbideren datuen arabera, zifra hori Bizkaikoa eta Euskadikoa baino txikiagoa da; % 10,9 eta % 10,1, hurrenez hurren”, azaldu dute prentsa-ohar batean. EGAZ Txorierrira hurrengo enpresa hauek jo zuten langile bila: manufaktura-industria (259 eskaintza), administrazioa (243), profesionala eta zientifikoa (198), merkataritza (188), ostalaritza (136), eraikuntza (106), osasuna (99), hezkuntza (67), artea eta aisialdia (58) eta beste zerbitzu batzuk (59).
Beste alde batetik, EGAZ Txorierrik 27 enpresa-proiektu gauzatzen lagundu zuen. Jakinarazitakoaren arabera, proiektu horiek 38 lanpostu sortu dituzte, eta 902.320 euroko inbertsioa ekarri. Inbertsio horren % 85,42 etorri zen Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzetatik. Txorierriko ekintzaileen profila hau da: 25 urtetik 45 urtera bitarteko gizonak eta 35 urtetik 65 urtera bitarteko emakumeak, erdi-mailako ikasketak dituztenak eta autonomoak direnak. Enpresak sektore hauetan sortu ziren: jarduera profesional, zientifikoak eta teknikoak (% 17), merkataritza (% 17), osasuna eta gizartea (% 11), hezkuntza (% 11), ostalaritza (% 11), nekazaritza, basogintzako abeltzaintza eta arrantzan (% 11), administrazioa eta zerbitzu osagarriak (% 11), manufaktura-industria (% 6) eta eraikuntza (% 5).