Pertsonalizazioaren magia eta sortzaile berrien oparotasuna
TikTok-en algoritmoa erabiltzaile bakoi- tzaren gustuak detektatzeko diseinatuta dago. “For You” orrialdea da horren erakusgarri: bideo bakoitzean igarotako denbora neurtuz, interesa sortu digun edukiaren antzeko argitalpenak eskain- tzen dizkigu plataformak etengabe. Baina... zergatik da horren erakargarria? Alde batetik, algoritmoak eduki berritzaile eta freskoa eskaintzen duelako, eta bestetik, erabiltzaile guztiei ospea eta ikusgarritasuna lortzeko aukera ematen dielako. Hala, egunero sortzen diren bideoen kalitateak eta aniztasunak plataforma honen arrakasta bermatzen dute.
Emozioak eta pribatutasuna jokoan
Aitzitik, erabiltzaileen arreta mantentzeko teknikek albo-ondorio kezkagarriak sortzen dituzte; alegia, eduki emozionalki kargatuak –polemikoak edo toxikoak– lehenesten ditu sarritan algoritmoak, erabiltzaileengan erreakzio indartsuak eragiteko. Horrek desinformazioa eta gorroto-mezuak zabaltzeko bidea irekitzen du, nerabe eta gazteei, batez ere, antsietatea eraginez.
Horrez gain, pribatutasunarekin lotutako kezkak ere handiak dira. TikTok-ek datu pertsonalen bilketa masiboa egiten du; hau da, erabiltzaile bakoitzaren jokabide digitalaren jarraipena kodifikatzen du. Horra hor gakoa… jarduteko era hori informazio-pribatuen urraketatzat har daiteke; are gehiago, sare sozial horren jatorria –Txina– kontuan hartuz gero, mendebaldeko herrialdeek behin baino gehiagotan zalantzan jarri dute segurtasun nazionalean izan dezakeen eragina. Ildo horretan ere, sortzaileek maiz salatu dute algoritmoak modu arbitrarioan funtzionatzen duela, eta Txinako gobernuaren interesen arabera jokatzeko diseinatua izan dela.
Ondorioak eta etorkizuneko erronkak
TikTok-ek arrakasta itzela lortu du bere algoritmoaren sofistikazioari eta edukien pertsonalizazioari esker. Hala ere, ezin ditugu alderdi negatibo horiek gutxietsi, gizartean izan dezaketen eragina handia baita. Haboro, algoritmoaren gardentasuna eta erantzukizuna areagotzeko beharra premiazkoa da; hots, pribatutasunaren babesa lehenetsi beharko litzateke.
Oreka hori lortzea izango da etorkizuneko erronka nagusia: teknologia aurreratua eskaintzea, baina, betiere, arrisku sozialak eta etikoak murriztuz. Izan ere, sare sozialen aro honetan, TikTok bezalako plataformek ardura kolektibo handiagoa izan beharko lukete, edukiak entretenimendurako tresnak ez ezik, gizartea aldatzeko tresnak ere badirelako.