Ganbara Gizarte Irratiak 60 saio bete ditu

Joanes Camara. Gizarte-teknikaria 2025ko ots. 28a, 09:37

Orain dela bost urte, Emaús Gizarte Fundazioak irrati komunitario baten aldeko apustua egin zuen, gure zerbitzuetan artatzen ditugun pertsonei ahotsa emateko. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarbideak egitasmoaren laguntzari esker, lehen pausoak egiten hasi zen Ganbara Gizarte Irratia, zeina irrati komunitarioa, esperimentala eta berritzailea baita. Gainera, gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen eta komunitatearen arteko harremanaren balioa azpimarratzen du.

Ganbara Gizarte Irratiaren helburuetako bat da erabilera komunitarioko tresna izatea, nahi duen guztiak esan beharra duena esan dezan, esperientziak partekatzeko, bestelako harremanak hasteko, eta, modu horretan, ahalik eta entzule gehienengana ailegatzeko. Era berean, kontzientzia sozial handiagoa sortu nahi da, estereotipoak ezabatu, eta laguntza-sare berriak bultzatu. Hori dela eta, irratsaioetan pertsona adierazgarriek parte hartzeko ahalegina egiten da, eta eskualdeko babesa ere bilatzen da. 

Aurreko lerroetan esandakoak funtsezko zutabe bihurtu du Derioko PAI Bitartean eguneko zentroa, eta lekuari izaera ezberdina eta berezia ematen dio. Horretarako, giltzarria da podcast-etan ibiltzen diren pertsonek askatasunez adierazi ahal izatea, gustatzen zaizkien gaiak landu ditzatela eta mikrofonoa  gizartean merezi duten lekua erreibindikatzeko erabili dezatela.

Bost urtean, 50 elkarrizketa baino gehiago egin diegu elkarteei –esaterako, Gure Señeak, Marikobaso, Hamadako Izarrak, Acambi, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak–, erakundeei –hala nola APNABI, Lantegi Batuak, Derioko Udala, Txorierri Institutua, EHU eta Politeknika Txorierri– eta inguruko pertsona esanguratsuei –Iñigito Txapelpunk, Andoni Goikoetxea, Toti Martinez de Lezea, Kerman Lejarraga, Eli Ibarra, Foisis, Hakima eta Porco Bravoko Manu, batzuk aipatze- arren–. Elkarrizketa horiei guztiei zein irratsaio bakoitza prestatzeko lanari esker lortu da 60 saio betetzeko edukia sor-tzea. Saioak YouTube, Spotify eta beste plataforma batzuetan daude entzungai, entzuleek podcast entretenigarriak eta dibertigarriak gozatu ditzaten. Plataformen bilatzailean “Ganbara Gizarte Irratia” idaztea nahikoa da gure irrati komunitarioa topatzeko eta gozatzen hasteko.

Bestalde, lerro hauetatik esan nahi dugu Ganbara Gizarte Irratiak eta PAI Bitartean eguneko zentroak atsegin handiz hartuko dituztela komunitateari ekarpena egiten dion edozein bisita, kolaborazio-proposamen eta egitasmo.