Sustraiak baserrian

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 21a, 13:04

Zamudio-Derioko lur-langileen kooperatibak 100 urte

Berezia da Zamudio-Derioko lur-langileen kooperatiba. Izatez Zamudioko kooperatiba da, baina Zamudioko zein Derioko lurrek inguratuta dago eta, horregatik, udalerri bateko zein besteko herritarrei ematen die zerbitzua. Inguruan egin beharreko konpontze-lanak ere udal bati edo besteari dagozkio, lan horiek egin beharreko lurrari dagokion udalaren arabera. Aurten, kooperatibak mende bat bete du guztien lurretan, eta mendeurrena handitasunez ospatu dute. Euren helburua da beste 100 urte gehiago ospatu ahal izatea.

San Isidro da lur-langileen zaindaria eta, hortaz, mendeurrena maiatzaren 15ean ospatu zuten, zaindariaren egunean, hain zuzen ere. Goizeko lehen orduetatik festa-giroa izan zen kooperatiban: abadeak kooperatiba bedeinkatu zuen eta oparitxo bat eman zieten kooperatibaraino hurbildu zirenei eta marrazkia eraman zuten umeei. Ondoren, bazkideen arteko bazkaria egin zuten eta musikak girotutako jaitxoaz gozatu zuten eguna borobiltzeko. Gainera, 15 egunean zehar, egindako erosketen arabera, deskontu-txekeak banatu dituzte bezeroen artean, hurrengo erosketetan erabil ditzaten.

Idoia Zaratek 37 urte daramatza Zamudio-Derioko kooperatiban lanean, eta bere ahotik ezagutu dugu kooperatiba nola sortu zen. “Egia esan, ez dakit zenbat pertsonek sortu zuten kooperatiba, baina badakit zergatik. Bendejan ibiltzen ziren baserritarrak batu ziren erosketak egiteko: pentsua, ongarria, lastoa, belar-zamak… Modu horretan, erosketak merkeago egin zitzaketen, eta gero, Bilbon, prezio lehiakorragoak ipin zitzaketen euren produktuak saltzeko orduan”. Kooperatiba errepidetik beste aldera ipini zuten hasieran, hilerriaren inguruan, baina 1925ean gaur egungo kokapenera ekarri zuten. “Zergatik? Bada, trenbide ondoan egonda, errazagoa zelako erosgaiak-eta deskargatzea. Are gehiago, gogoratzen dut duela urte batzuk arte errailak eraikinaren barruan zeudela eta, hortaz, trenetako bagoiak barruraino sartzen zirela”.

Bigarren eraikina 1963an altxatu zuten. “Hasieran biltegi moduan erabiltzen zen; baina gero, 80ko hamarkadaren amaieran-edo, denda ipini zen. Gaur egun, beste eraikina erabiltzen dugu biltegi moduan, eta bertan batez ere pentsuak gordetzen ditugu. Dendan, bestalde, apur bat denetarik dugu: garbitzeko produktuak, jatekoak, animalia txikientzako gauzak… Jadanik ez dago baserri handirik, baserri txikiak daude. Gazte batzuek, bestalde, oilo batzuk dituzte, edo ardiren bat, edo loreontzietan ipinitako ortuari batzuk… Halandaze, garai berrietara egokitu behar dugu, eta moldatu”.

Kooperatibak 129 bazkide ditu gaur egun, eta kopuru txikia da aurreko urteetako kopuruarekin alderatuta. “Gauza da ez dagoela erreleborik, gazte gutxi daude lehen sektorean”. Horrek eragin zuzena du kooperatiban, eta aurrera jarraitzeko, urterik urte berrasmatu behar du bere burua. “Modernizatu behar dugu, eta zahar geldituz doana egokitu. Gainera, badugu indargune inportante bat: hurbiltasuna”. Kooperatiba astelehenetik barikura, 09:00etatik 19:00etara dago zabalik; eta zapatuetan, 09:00etatik 12:00etara. Gainera, eskariak telefonoz edo whatsappen bidez ere egin daitezke. Ateak ere herritar guztientzat daude zabalik.

Zarateri gustatuko litzaioke kooperatibak beste 100 urte betetzea eta badaki, horretarako, ezinbestekoa dela gazteengana ailegatzea. Bost langile dira Zamudio-Derioko lur-langileen kooperatiban, baina Zaratek aurten hartuko du erretiroa. Lasai joango da, badakielako kooperatiba esku onetan utziko duelako. Hala ere, ingurutik ibiltzen jarraituko duela esan digu. “Batzordean segituko dut, eta laguntzera etorriko naiz, hasieran zein behar nautenean”. Ea oraingo eta hurrengo belaunaldien lanari eta ardurari esker kooperatiba bigarren mendeurrenenera ailegatzen den!