Herrietako datuei dagokienez, Larrabetzun 391 pertsonak eman dute izena aurtengo edizioan (326 ahobizi eta 65 belarriprest); Lezaman, 185ek (150 ahobizi eta 35 belarriprest); Zamudion, 206k (152 ahobizi eta 54 belarriprest); Derion, 253k (164 ahobizi eta 89 belarriprest); Loiun, 117k (81 ahobizi eta 36 belarriprest); eta Sondikan, 247k (168 ahobizi eta 79 belarriprest). Hala ere, Peio Kortazar Zugazak, Euskaldiaren Txorierriko arduradunak, aipatu duenez, kontuan hartu behar da izena eman ez arren zenbait pertsonak ere hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialean parte hartu dutela. Pertsona horiek, beharbada, ez dute hainbeste datu eman nahi izan.
Kortazarren esanetan, txapa nahikotxo ikusi dira kalean, baina euskara gutxiago entzun da. Aurreko edizioetan egon den joerari erreparatuta, antolatzaileek espero zuten izena emateak behera egitea, baina beherakada ez da izan espero bezain handia. “Horretan eragin handia izan du herrietako batzordeek egindako lanak. Egia esan, egundoko lana egin dute eta gogotsu ibili dira ekintzak antolatzen. Txorierrin 1.400 pertsonak izena eman badute, euren lanagatik izan da. Gainera, azpimarratu behar da Euskaraldia hasi baino lehen herrietan giro itzela egon dela eta hainbat ekintza antolatu direla: bakarrizketak, kalejirak, trikiti-poteoak, txapak banatzeko eta izena emateko ekintzak… Horrek guztiak ere animatu ditu txorierritarrak txapa ipin- tzera eta euskaraz egitera”.
Euskaraldiak bi nobedaderekin etorri da aurtengo edizioan. Alde batetik, hamaikakoa berreskuratu da eta 11 lagunek osatutako taldea sortu da herrietan. “Euskararekin lotura duten eta edo euskara bultzatzen duten herritarrak izan dira, eta horrek indarra eman dio Euskaraldiari”. Beste alde batetik, izena ematea QR baten bidez egin ahal izan da. “Horrek ere erraztu du izena ematea, batez ere halako teknologiekin moldatzen direnen kasuan”. Azaldu digunez, ezberdina izan da aurtengo Euskaraldia. “Beste data batean egin da, eguraldi hobea egon da, ekintza asko egin dira, herri batzuetan ere jaietan ibili dira… eta horrek aldaketa apur bat ekarri du. Espero dezagun aldaketatxoak etorkizun hurbilean ere eragina izatea euskararen erabileran. Ez dakit zenbaterainoko aldaketa izango den, baina espero dut egotea, txikia bada ere”.
Herritarrak ez ezik, entitateak ere –hau da, elkarteak eta enpresak– murgildu dira Eskaraldian; bakoitzak bere erritmora eta parte-hartze maila ezberdinetan. Guztira Txorierriko 110 entitatek eman dute izena Euskaraldian: 21, Larrabetzun; 18, Lezaman; 26, Zamudion; 22, Derion; 14, Sondikan; eta 8, Loiun. Entitate horietako bi dira Patxikoop eta Naguspea. “Euskaraldia ospakizun berezi giza bizi izan dugu”, esan du Patxikoopeko Galder Uriartek. “Langile guztiak animatu ditugu ahobizi edo belarriprest izatera, eta barne-dinamikak prestatu ditugu hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta euskaraz gehiago egiteko. Kanpora begira, kanpaina bereziak prestatu ditugu, eta tokiko ekitaldiak babestu”. Aitziber Amenedo, bestalde, Naguspeako gizarte-langilea da. Kontatu duenez, ilusio handiz parte hartu dute Euskaraldiaren aurtengo edizioan. “Euskarari lotutako ekintzetan parte hartzea gustatzen zaigu: Korrikan, Euskararen Egunean… Gainera, zoragarria da komunitatekoa izatea eta edozein ospakizunetan edo festatan partaidea izatea. Euskaraldia dela eta, programazio berezia prestatu dugu familien zein langileen eta erabiltzaileen laguntzarekin eta ederto pasatu dugu. Espero dugu ekintzak gure egunerokotasunaren parte izatea”.
HABIA
Txorierriko beste 10 enpresarekin eta bi ikastetxerekin batera, Patxikoopek eta Naguspeak bat egin dute HABIA egitasmoarekin. Horrek lan-eremuan euskara sustatzea du helburu. “Gure ingurunearekiko konpromisoa ez da soilik produktuetan edo zerbitzuan islatzen: gure hizkuntzan ere bai. Egitasmoa aukera ezin hobea da gure eguneroko jardunean euskararen erabilera bultzatzeko eta gure balioekin bat egiten duten beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeko. Txorierrin dagoen kooperatiba izanda, naturala da guretzat euskararen aldeko ekimenetan parte hartzea”, azaldu du Uriartek. “Konpromisoa dugu komunitatearekin, eta horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu egitasmoan parte hartzea, euskara gure nortasunaren zati handi bat da eta”, gaineratu du Amenedok.
Euskara modu naturalean sartu dute euren eguneroko dinamiketan, eta hainbat neurri hartu dituzte horretarako, hala nola langileentzako prestakuntza-saioak, dokumentuak eta informazioa euskaratzea, komunikazioetan euskara lehenestea, euskararako guneak atontzea eta hizkuntza-irizpideak sortzea. Euren ustez, euskarak balio erantsia ematen dio euren enpresari. “Euskarak gure nortasuna indartzen du eta bezeroekin dugun gertutasuna handitzen du. Euskara erabiltzea ez da soilik identitate-kontua: gure inguruarekiko errespetua eta arduraz jokatzea ere bada”, aipatu du Uriartek. Amenedoren iritziz, garrantzitsua da zentroko egoiliarrek kanpoaldearekin lotura izaten jarraitzea. “Horregatik, egoi-tzan euskararen erabilera normaliza- tzeak eta sustatzeak zerbait inportantea dakarkigu: kide izatearen sentimendua”.
Patxikoopen 80 agente, langile edo kooperatibista daude, eta horietatik 50ek egiten dute euskaraz. “Gure arteko lan-harreman asko euskaraz dira, eta bezeroekin ere euskaraz egiten dugu, batez ere Txorierriko euskaldunekin. Gainera, euskarazko arreta eskaintzea gure jardunaren funtsezko zatitzat dugu”. Beste alde batetik, Naguspean 100 langile daude, eta % 40k euskara erabiltzen dute. “Beste hainbatek ez dute egunero erabiltzen, baina erabiltzeko gai dira, eta gainerakoek pixkanaka aurrera egiteko jarrera adierazi dute. Egoiliarrekin euskaraz egiten saiatzen gara”.