Kontraesankorrak gara, zalantzarik gabe. Neurri edo maila ezberdinetan, denok borrokan ari gara gure kontraesanekin. Irakasleok hainbat aldarri eta kexa ditugu, baina gure seme-alabez ari garenean… Langile gisa gure eskubideak defendatzen ditugu, baina patroi bihurtzen garenean… Iraultzailetzat dugu geure burua, baina “hau beti egin dugu horrela” esaten dugu; antirrazistak izan nahi dugu, baina “mejillón cebra” deitzen diegu alboko herritik datozenei.
Greziar filosofo klasikoek kontraesana, aldaketa eta gatazka negatibotzat jotzen zuten eta “platonismo herrikoiarekin”, kristautasunarekin, batera koherentzia, armonia, oreka… bultzatu nahi izan zituzten. Baina nolakoa da natura benetan? Nietzscheren ustez, helburu edo ideia horrek Mendebaldeko kultura gaixotu zuen, bizitzaren eta naturaren esentzia bera ukatu zuelako; bizitza kontraesana, kaosa eta gatazka ere badelako.
Gainera, kontraesanaz, kaosaz eta gatazkaz kontzientzia hartzea beharrezkoa da eboluzionatzeko, orduan bakarrik lortzen baitugu aldaketa eta hobekuntza. Azken finean, klasikoek nahi zuten helburura hurbiltzeko, gure natura kontraesankorra besarkatu besterik ez dugu.