Bizkaiko Erromeria Eguna jaioa da

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 12:54

Erromeriaren "kontzeptu guztiak batzeko" asmoz Bizkaiko Erromeria Eguna antolatuko dute aurten lehenengo aldiz. Urriaren 4an Durangon izango da, egun osoko egitaraua izango du euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren bueltako bestelako edukiez beteta

Euskal Herriaren nortasunaren parte dira erromeriak, hainbat jai girotzen dituzte urtero, urtarriletik abendura arte. Hori dela eta, Bizkaiko Erromeria Eguna ospatuko da lehenengoz aurten; hainbat oroitzapen sortzen dituen taldeen omenez. Durangon izango urriaren 4an.

Buruhandiekin, musikarekin eta dantzarekin aurkeztu dute egitaraua antolatzaileek: Bizkaiko Foru Aldundiak, Danok Pro taldeak eta aurten haiekin lankidetzan arituko den Durangoko Udalak.

Publiko guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekintzak hartuko ditu urriaren 4an Durangok, eta hala nabarmendu du Danok Pro taldeko Jon Garaik: «Bizkaiko Erromeria Egunak ez du soilik dantzariak edo musikariak diren horientzako eguna izan gura, gure musika eta dantzarekin gozatu nahi duen orok izango du tokia hemen, modu aktiboan parte hartuz zein ikus-entzule soil izanez».

Parte hartuko duten taldeen izenak ere eman ditu: : «Dantza-plaza izango dugu Aikorekin, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin, Larrain Dantza herrikoia eskainiko dute Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoekin kantuan ari diren bitartean Goazeneko aktoreek ere gaztetxoentzako kantaldia izango dute».

Sorburuak

Erromerien “sorburuetara” jotzeko asmoa dute, eta horretarako txistulari, tanborreru, albokari eta panderojole ospetsuak eramango dituzte Durangora: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak eta Zabaleta eta Motriku trikitilariak.

Gazteentzako egungo erromeria formatu elektroniko eta handiagoekin amaituko da Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa. Iluntzeko 20:00etatik hasita, gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabiltzan lau erromeria talde bizkaitar igoko dira Plateruena antzokiaren oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida por Bizkaiko Erromeria Eguna (@erromeriaeguna)

Ez dira faltako erraldoiak eta buruhandiak, esaterako Mairuek eta Barakaldoko erraldoi eta buruhandiak. Gainera, egun osoz, erromerien inguruko hitzaldi, tailer, puzgarri eta kale animazioek osatuko dute

Bizkaiko Erromeria Egunaren programa.
Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatu Leixuri Arrizabalagaren esanetan, «urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, aurkeztu dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da». Gainera, Arrizabalagak esan du transmisioan jarri dutela fokua: “Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna”.