Estresak hartzen gaituenean, egoera horretatik ihes egiten saiatzen da gure gorputza, eta horretarako, nerbio-sistema sinpatikoa aktibatzen du. Giltzurrun gaineko guruinek adrenalina eta noradrenalina jariatzen dute, hau da, gorputza erne jartzen duten bi hormona neurotransmisore eko- izten dute, defentsa-mekanismo bati ekin diezaion (Tsigos, C. & Chrousos, G.P., 2002)1. Arteria-presioa handitu eta arnasketa lastertu egiten da, burmuinera eta muskuluetara oxigeno gehiago garraiatzeko helbuarekin. Bestetik, gure gorputzaren kontrol-zentroak, hipotalamoak, abisuak igortzen dizkio hipofisiari, azkenak giltzurrun gaineko guruinak aktibatu eta kortisola jariatu dezaten, gure gorputza adi-adi eta atezuan darabilelako kortisolak.
Pentsa dezakegunez, gorputzak prozesu konplexuei aurre egin behar izaten die estresak eraso egiten digunean, eta inguruabar horretan, musika balia dezakegu egoera hori apaltzeko tresnatzat. Izan ere, musikak nerbio-sistema parasinpatikoa aktibatzen du; bada, sinpatikoak ez bezala, parasinpatikoak arteria-presioa moteltzen du eta arnasketa doitzen, eta dopamina eta endorfinak jariatzeaz gain, plazeraren, zoriontasunaren eta ongizatearen neurotransmisoreak ere botatzen ditu (Thoma, M.V., La Marca, R., Brönnimann, R., Finkel, L., Ehlert, U., & Nater, U.M., 2013)2.
Houstongo Unibertsitatearen ekimenez gauzatutako ikerketa batek (Saad, N., 2025)3 frogatu zuen musikak, batez ere, bat-bateko musikak, eragina izan dezakeela emozioak baretzen, ezagutzaren malgutasuna leuntzen eta gizarte-harremanak sustatzen. Ikerketako parte-hartzaileek aitortu zutenez, flow edo fluxu-egoeran murgildu ziren, musikara erabat kateaturik geratu ziren, hainbeste non denbora ezabatu zela eta musikarekiko zein besteekiko loturan nabarmen sakondu zutela iruditu zitzaien.
Ikerketa horretatik abiatuta, hainbat aplikazio praktiko abiarazi dira antsietatea eta estresa arintzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Jardunbide horietako batzuk hartze-musikoterapia edo musikoterapia aktiboa ditugu, non pazienteak musika entzuten duen edo, bestela, berak jotzen duen; jarduera horrek adierazpide emozionala sustatzen du eta aldartea hobetzen du. Beste jardunbide bat arnasketa eta lasaitze musikaleko tekniketan funtsatzen da, musika, arnasketa kontrolatua eta arreta osoa uztarturik (mindfulness ere esaten zaio) (Gauthier & Günede, 2024)4.
Laburbilduz, esan dezakegu estresa gure inguruan ibiliko dela beti eta gure gizartearen nahiz bizimoduaren osagai saihestezina dela, baina musikako teknikak baliatuz, aurre egin ahalko diogu, edo behintzat, egoera ulertu eta neurri batean kontrolatu. Ez dezagun pentsa aipatutakoak unean uneko irtenbideak direnik; aitzitik, aterabide horiek txertatu behar ditugu gure bizimoduan, musika pertsonen ongizatea eta buruko osasuna hobetzen laguntzen digun eguneroko tresna bihur dadin.
1Tsigos, C., & Chrousos, G.P. (2002). Hypothalamic-pituitary-adrenal axis, neuroendocrine factors and stress. Journal of Psychosomatic Research, 53(4), 865–871.
2Thoma, M. V., La Marca, R., Brönnimann, R., Finkel, L., Ehlert, U., & Nater, U.M. (2013). The Effect of Music on the Human Stress Response. PLoS ONE, 8(8), e70156.
3Saad, N. (2025). Healing Through Music: How UH Uses Music Therapy to Support Mental Health. University of Houston.
4Gauthier, F., & Güneş, G. (2024). The effect of music therapy and breathing exercise on anxiety and pain in patients undergoing coronary angiography: A randomized controlled study. Nursing in Critical Care, 29(6), 1325-1333.