Maria Jesus Iturbe eta Luis Mª Olabarrieta zamudioztarrek oilategia zabaldu eben joan dan urteko apirilean Daño auzoan. Bertan ekoizten diran arrautzek eusko labela dabe, eta beste ekoizkinetatik ezberdintzen dabezan ezaugarriak honeek dira: zaporea, arrautza-gorringoa horixka izatea eta arrautza-zuringoak dentsitate haundiagoa edukitzea.
Beharra goiztiarra da oilategian, izan be, olioak goizeko 5etan hasten dira arrautzak egiten. Luisek 5.000 bat arrautza batzen ditu egunero.
Euskaber Sozietateak komertzializatzen ditu arrautzok Euskal Baserriko Arrautzak izendapenean. Sozietateko langileak astean bitan hurbiltzen dira ustiategira ekoizkina jasotzera. Era berean, sozietateak berak oilandak eroaten deutseez Maria Jesusi eta Luisi, baita hareek hartu behar daben pentsua be.
Oilategiak 800 metro karratu ditu eta bertan 5.600 hegazti dagoz patxadan. Instalazio automatizatua da, eta sistemak barneko tenperatura (18º) eta argia (16 orduan izan behar da piztuta) erregulatzen ditu. Olioen jana be kontrolatzen dau, eta leihoak itxi eta zabaldu egiten ditu. Oilategiaren erdian oilo-habia dago, eta han oiloek egiten dabezan arrautzak uhal garraiatzailearen bidez eroaten dira beste gela batera, bertan batzeko.
Baina oiloek kalitatezko arrautzak egiteko, eroso eta estres barik bizi behar dira. Instalazio ondoan 24.000 metro karratuko lursaila dabe Maria Jesusek eta Luisek; 4 metro karratu, oilo bakoitzeko. Lursail horretan aske ibiltzen dira hegaztiak egunean zehar. Eta iluntzen denean, hareek bakarrik sartzen dira berriro oilategira.
Tresneria egiaztatu behar
Oiloak be zahartzen dira eta maiatzean kendu beharko dabez. Behar hori Euskaberrekoek egiten dabe. Ostean, oilategia –teilatua barne- garbitu eta desinfektatu egin beharko da; eta suntsiketarik izanez gero, horreek konpondu. Instalazioa hilabetean egongo da itxita, harik eta oilanda barriak jaso arte.
Oilategia automatizatua izateak ez dau esan gura lan gitxi egin behar danik. Tresneria ondo dabilala egiaztatu behar da beti: hegaztiek behar daben jan eta ur kopurua jaso dagiela, tenperatura egokia izan dadila… Batzuetan ezusteak be gertatzen diralako. Luisek anekdota bat kontatu deusku: oiloek leku ilunetan jartzen dabez arrautzak eta behin, ekaitzaren eraginez, argia joan omen zan. Goizean oilategira sartu, eta arrautzak edozein lekutan topatu ebazan. Argia dagoanean, oiloak habira sartzen dira arrautzak egitera, leku iluna dalako. Baina kasu horretan, dana ilun egoanez, edonon egin ebezan arrautzak. Eskuz jaso behar izan ebazan 5.000 arrautzok.
Oilategiak urtebete eskas daroa zabalik, eta zamudioztarrek ez dakite oraindino errentagarria izango dan. Oso inbertsio handia egin behar izan dabe, baina irabazteak ataratzeko esperantza ez dabe galdu.