Zamudiotorreko jauntxoak

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 24a, 09:48
Historiak dinoen bezala, Fortún Garcés errege nafarraren semeagaz batera –Gabiria de Tolosako kondea- nekazari asko etorri ziran Nafarroatik Zamudiora. Kondearen ondorengoak, Galindo Ordoñezek, San Martín eleizea eta Zamudiotorrea eregiteko agindua emon eban 930. urtean. Galindo Ordoñez Asturiaseko Noreñako kondearen ondorengo bategaz ezkondu zan, eta ezkontza horretatik Fortún Galindez jaio zan, Alfonso VII. erregeak gizon-aberastzat hartu ebana, eta Maria Ortiz de Basurtogaz ezkondu zana. Emakumea Ayalako jauntxoen ondorengoa zan. Zamudio familiaren jatorri nobleak errealitateagaz egin eban topo XIII. mendearen amaieran, neba-arreba honeen eskutik: Ochoa Ortiz, Ordoño, Fortún Sanchez, Iñigo Ortiz, Mari Sanchez eta Juana de Zamudio. Lehenengoak ez eban seme-alabarik euki, eta familiaren agintea Ordoñok hartu eban. Ordoñok beste dorre bat altxatu eban Olariaga auzoan; eta Fortún Sanchezek etxe barria eregi eban Susunagan. Hedapen prozesu hori abagune biri esker izan zan posible. Alde batetik, Zamudio familiako bat foru-alkatea zan eta ondorioz, familiak esku hartzea eban Jaurerriko organizazino administratiboan. Eta beste alde batetik, oso ezkontza-politika egokia eroan eben aurrera. Halan, Ordoño Teresa de San Julianegaz ezkondu zan. Teresa Ayalako jaun-anderearen alabea zan eta ezkontzaren bidez Salcedoko dorreen jabetza hartu eban Ordoñok. Gainera, horren semea Mencia de las Ribasegaz ezkondu eta Ribas, Ibargoen eta Ochandategi etxeak jaso zituan:. Gorrotoa, Butronekoei Zamudiokoa Bizkaiko leinurik boteretsuenetarikoa izan zan XIV. mendearen erdialdean eta agindupeko lurrak jatorrizko eskualdean ezeze Salcedo eta Orozkoko bailaretan be izan ebezan. Halanda be, egoera pribilegiatu horrek gitxi iraun eban. Ordoñok lau seme eta alaba biren artean banandu eban bere ondarea. Historialarien eritxiz, erabagi bitxia izan zan Ordoñok hartu ebana, garai hatan une latzak bizi ziralako ekonomia arloan, eta logikoena leinuaren batasunari eustea izango zan. Sancho Ortiz familiako buru bihurtu zan eta horri beste Ordoño batek jarraitu eutsan XV. mendean. Ordoñok parte-hartze aktiboa izan eban Butron familiaren aurkako burrukaldietan. Butronekoak Zamudiokoen etsai amorratuak ziran eta 1443. urtean bigarrenen zenbait dorre, urkamendi eta jauregi suntsitu ebezan. Baina leinuaren buru barriak, Sancho Ortizek –Uribeko merinoa zanak-, berehala berreregi ebazan. Sancho Ortiz Juana de Butonagaz ezkondu zan, zirkunstantziek behartuta. Halanda be, ezkontzak ez eban familia biren arteko gorrotoa baretzea lortu. Liskarrak bandokideen arteko guden amaierak lasaitu ebazan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).