BTEK, piramide deigarria eta jasangarria

Aikor aldizkaria 2009ko api. 24a, 14:02

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria

Garai batean, egiptiarrek eguzkiarekin lotzen zituzten piramideak, eta horregatik, Nilo ibaiaren ezker ibarrean altxatu zituzten denak; eguzkia sartzen den aldean, hain zuzen ere. BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroa piramide bik osatzen dute. Bata beltza da eta 18 metroko altuera du; bestea lurrean sartzen den piramide berdea da. Piramide beltzaren hegoaldeko aurpegian eguzki-plakak jarri dituzte, izan ere, zentroa eguzkiaren energiaz hornituko da. Gainera, eraikina Teknologi Elkartegian dago kokatuta, Zamudioko Teknologi Parkeko punturik altuenean, eta Parkeko eraikinik altuena da. Baina hori ez da energia aurrezteko izango dugun sistema bakarra, aire giroturako ere sistema berezia erabiliko baitugu. Sistema geotermiko bertikalaz ari gara; lurrean egindako zulo sakon bat aprobetxatzen da, sistemako tenperatura kontrolatzeko. Eraikin liraina da, deigarria, bitxia... benetan erakargarria. Eta kanpotik horrelakoa bada, zer esan barrualdeari buruz! Gelek hartzen duten bolumena, leihateak, arrapalak, argia, horma triangelatuak... Lan ederra egin du Gonzalo Carro arkitektoak. 1.000 m2, erakusketarako Bost gela nagusi daude eraikinean, 1.000 m2 inguru atondu dira erakusketarako. Sarrera ia 15 metro hartzen dituen korridore estua da, eta horrek “Sarea eta Mundu digitala” eremua kokatuko den aretora eramaten gaitu. Eraikina lehenengo aldiz bisitatzen duzuenean, ez galdu “Kioskoa” deitu diogun areto harrigarria ezagutzeko aukera. Eta ez itxi inori kontatzen zelakoa den, norberak topatzea merezi du-eta. Eskaileretatik jaitsi, eta piramide biak lotzen dituen gunera ailegatuko gara; etxearen inguruko eremua eta “L@btek” hartuko dituena. Azkenik, zalantzak izango ditugu hortik beheko piramidera sartzeko dauden bideak aukeratu behar izateko orduan: leihateek eta hormek argiaren laguntzaz eskaileretan egiten duten efektu geometrikoa, ala bosgarren aretora eramango gaituen arrapala. IX. mendean urteak pasatu ziren, lapurrak Keops piramidera sartu zirenetik Abdullah Al Mamun kalifa arabiarrak haren barrenak berriz ere ikusi ahal izan zuen arte. Aukera azarotik aurrera izango duzue gurenean.