Testua: Gabriel Etxebarria, Lagatzu euskera alkartearen presidentea
Toponimo berbea grekotik dator: tópos = tokia edo lekua; eta ónoma = izena. Toponimoa lekuko edo tokiko izen berezia da, antxinarik datorren izena. Eta gure herrietan ez dago bazterrik izen berezia ez dauanik; hau da, leku edo toki guztiek euren izena daukie.
Baserrian jaio eta hazi garenok normaltasun osoz erabili doguz, betidanik, soloen, basoen eta abarrekoen izenak. Toponimiaren gaineko ikerketak be egin dira Txorierriko herri batzuetan, eta ikerketotan herriko soloen, basoen, erreken, bideen, bidekurutzeen... izenak batu dira. Holan, bada, herrian zer edo zer barria egiten danean (kalea, bidea, errotondea...) badaukagu izena, hari ipinteko. Baina ez! Eraikin barriak beste inguru batzuetatik ekarritako izenakaz bateatzen dira sarritan. Horren adibide ugari dagoz Txorierrin, esate baterako, kaleen eta bideen izenei jagokenez: Gorbeia, Kolitxa, Urkiola, Aizkorri, Urbasa, Ereaga, Kanala, Laida eta abar. Izen horreek Euskal Herriko izenak dirala esango dau baten batek; ba, bai, baina ez Txorierrikoak. Halanda be, aitatutako adibidea ez da orokorra Txorierrin, izan be badago herriren bat kaleei eta bideei betiko izenak ipini deutsezana. Hau da, izen toponimoez jantzita dagoana.
Bestalde, ez gagoz harro gure euskereagaz, antza. Eta euskera batutik ateratako izenak ipini deutseguz kale batzuei: Elaia kalearen ordez, Enara kalea; Txindorra kalearen ordez, Txantxangorri kalea... Eta nahaste-borraste horren barruan, batzuek –eta, ez hain zuzen be, bertokoek- atoan ipini deutsee izena toki batzuei. Zelan? Ba, adibidez, hor dagoan fabrika baten izena hartuz. Ganera, izen barri horreek arrakastatsu bihurtu dira sarritan. Adibide batzuk Zamudion doguz: “Cruce de cartonajesâ€, Gusurratxe ordez; “Ralpeâ€, Bidegane ordez; edo “Subiñasâ€, Kantaraburu ordez. Adibide gehiago egon badagoz, baina ez doguz guztiak aitatuko.
Gure gurasoek eta gurasoen gurasoek itxi deuskuen aberastasuna ez dakigu erabilten behar litzateken moduan, antza. Horregaitik, Toponimiaren gaineko ikerketak ez dira armairuko kutxa baten gordeta izateko; erabili behar dira.
Herritarrok errebindikau behar dogu erabili daitezala guk beti erabili izan doguzan izenak; geure izenak. Ez dogu zertan beste leku batetik ekarri, berton ugari daukaguz-eta. Hau guztia gure kulturako zatia da, eta geure ardurea horri eustea da.