Bakarkako lehenengo lana plazaratu du Aburruzagak

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 12a, 15:21

Xabier Aburruzaga Zamudioko trikitilariak Bizkaiko Trikitixa diskoa kaleratu berri du. Hori gaztearen bakarkako lehenengo lana da eta 2004. urtean plazaratutako Bizkaiko Trikitixa partitura-liburuari jarraipena ematen dio. Diskoa Durangoko Azokarako atera da, hala ere, aurkezpen ofiziala urtarrilean egingo du Aburruzagak. Hortik aurrera zuzeneko emanaldiei ekingo die. Jarrilleroak freskotasun puntu bat eman nahi izan dio trikitixa tradizionalari lan honetan. Horrela, Bizkaiko Trikitixa liburutik pieza batzuk hartu, eta instrumentu estandarrak gehitu egin dizkie: gitarra, bateria, baxua eta perkusioa, euren artean. Hitzekin ere jolastu du. Kopla zaharrak oinarritzat jo ditu, baina gaur egungo garaietara moldatu ditu, aldaketa klimatikoa, eliza, Euskal Herriko egoera eta beste hainbat gai tratatuz. “Niretzat oso berezia den musika hori atera, eta beste formatu unibertsalago batean zabaltzea izan dut helburu. Hain trikitixa-zaleak ez direnek ere eroso entzun dezaketela pentsatzen dut”. Aburruzagak ia urtebete eman du proiektuarekin hasi zenetik amaitu duen arte. “Nire estudioan grabatzea abantaila izan da, probak patxadaz egin eta gehien gustatu zaigun moldaketarekin gelditzeko aukera eman digulako. Prozesua motela izan da, baina ez dugu hasierako kontzeptua galdu eta emaitza ezin hobea lortu dugula uste dut”. Lagunen kolaborazioa Bizkaiko Trikitixa diskoan euskal kulturako izen handiko pertsonaiek hartu dute parte. Iñaki Aurrekoetxeak, German Meabek eta Paia anaiek, esate baterako, hitzak landu dituzte Aburruzagarekin batera. “Oso ondo ulertu dute nire ideia, eta oso erraza izan da haiekin lan egitea” Beste alde batetik, Mikel Markezek, Amaia Orejak eta Koldo Iturbek ahotsa jarri diete kantuei, beste abeslari batzuen artean. Aburruzagak berak ere kantu bat abestu du. “Oso pozik nago diskoarekin, eman dioten kolorearekin”. Diskoa hamalau kantuk osatzen dute eta hori amaitzea ez da lan erraza izan. “ Niretzat abesti berria sortzea moldaketa on bat egitea baino askoz errazagoa da”. Aburruzagak ikuspuntu modernoago bat eman dio trikitixa tradizionalari bere lehenengo diskoan. “Trikitixa tradizionala izugarri maite dut, baina kantu bat entzuten denean sorpresa eta emozioak gertatu behar direla uste dut. Musika bizirik egon behar dela. Hori izan da nire asmoa, behintzat”.