Aire berriak trikitirako

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 13:55

Argazkia: Joseba Azepetxea, Oskarbi fotografoak

Xabi Aburruzaga zamudioztarrak Denboraren naufrago bigarren diskoa kaleratu berri du. Trikitiaren soinua folk munduko musika tresnekin uztartu du lan horretan, eta musika bidaldi bat proposatu digu azken urteotan kontzertuak eman dituen herrialdeetatik. “Neure estiloa azaltzen saiatu naiz kanta bakoitzean”, esan digu Aburruzagak. Horretarako, aire berria eman dio ohiko trikitiari, eta folk mundutik datozen musika tresnekin eta musika tresna estandarrekin uztartu du soinu txikia. Denboraren naufrago lana izan da horren emaitza. Bertan, Euskal Herriko musikari apartek hartu dute parte: Mikel Markez, Joseba Tapia eta Oreka Tx taldea, banaka batzuk baino ez aipatzearren. Trikitilariaren azken lan hau 12 abestik osatzen dute. Haietako hamar instrumentalak dira; eta beste biak, hitza dutenak. Aburruzagak kanta guztiak konposatu ditu, Bossa nostra (Eloy Urrejola) izan ezik, eta abestera ere animatu da. Iñaki Aurrekoetxeak idatzi ditu hitzak. Diskoa 2009ko martxoan grabatu zuten Elkar disko etxearen Donostiako estudioetan, eta azken ukituak Musikart estudioetan eman dituzte. Mikel F. Krutzagak ekoitzi du lana. Lan zabala Aburruzaga soinu berri baten bila ibili da eta ez du arazorik izan lehentasuna trikitiari kentzeko eta beste musika tresna bati emateko. “ Disko zabala da, eta ez duzu trikitia zertan maitatu hartaz gozatzeko. Herrialde bakoitzetik maite dudan musika tresna bat hartu, eta huraxe sartu dut diskoan, betiere sonoritate konpaktua bilatuz”. Izan ere, Denboraren naufrago lanak keinua egiten die musikariak kontzertua eman duen hainbat herrialderi: Irlanda, Italia, Mexiko edo Ingalaterra, adibidez. Abesti bakoitzak leku horietako batera eramango gaitu eta bidaian Kirmen Uribek lagunduko digu. Diskoaren barruko liburutxoan marrazki bat azaltzen da kanta bakoitzarekin batera; eta, haien ondoan, hitz batzuk, Kirmen Uribek idatziak. Batzuetan denboraren naufragoa izatea gogokoa duela aitortu digu Xabik, egunean bizi izatea, etorkizunak zer ekarriko dion jakin barik. Gaztea pozik azaldu da lortutako emaitzarekin, eta diskoan, era batean edo bestean, parte hartu duten guztien lana azpimarratu nahi izan du. “Gauzak maitasunez egin direla nabaritzen da azken emaitzan”.