Gertaeraren haritik, putreen eta hegazkinen arteko talkek herritarrei ekar diezaieketen arriskua ekiditeko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu die erakundeei EH Bilduk, eta mozio bana aurkeztu dute Derioko eta Zamudioko Udaletan. Mozio biak baztertu egin dira, dagoeneko instituzioak arazoa aztertzen eta irtenbideak topatzen dabiltzala argudiatuta.
Iñaki Astorkiza Zamudioko EH Bilduko zinegotziaren esanetan, putrearen eta hegazkinaren arteko talka oso gertaera larria izan zen eta halakoek arrisku handian jartzen dituzte herritarrak. Horren haritik, aipatu du Txorierrin, azken urteotan, gero eta putre gehiago ikusten direla, baina erakundeek “beste aldera begiratu dute putre baten eta hegazkin baten arteko talka gertatzeko aukerak oso txikiak zirelakoan. Maiatzeko talka gertatu arte ez dira arazoa aztertzen hasi”. Izan ere, Elena Unzuetak, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko foru diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu zuen moduan, AENAK iaz 108 aldiz bistaratu zituen putreak Loiuko aireportuaren inguruetan, eta aurten 30 aldiz ikusi ditu.
“AENAren eta euskal administrazioen arteko koordinazio organoek lehenetsi behar dute arazo hau, eta adituek osatutako ikerketa-taldeak eta lan-egitasmoak sortu. Hori guztia modu gardenean egin behar da, eskubidea dugulako gai honetaz egiten dena jakiteko. Guztion segurtasuna dago jokoan”, esan du Astorkizak. Gainera, gogora ekarri du Txorierrin hegazkinak ez ezik abionetak eta helikopteroak ere badabiltzala. Gaia Espainiako Senatura ere eraman daJon Inarritu EH Bilduko senatorearen eskutik.
Adituen taldea
Bestetik, Igotz López Zamudioko alkateak eta Txorierriko Mankomunitatearen presidenteak esandakoaren arabera, mozioa aurrera ateratzeak ez zuen zentzurik, “aireportuak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat agentek batzordea osatu dutelako eta dagoeneko arazoa aztertzen dabiltzalako, neurriak hartzeko eta arazoari konponbidea emateko. Gure lana horri adi egotea da, eta adostutako neurriak bete daitezela ikustea ”. Azaldu duen moduan, lehenengo eta behin putreak nondik datozen aztertuko da eta zergatik hurbiltzen diren Txorierriraino. “Gainera, hau ez da bakarrik Loiuko aireportuaren arazoa; Estatuko beste aireportu batzuetan ere badituzte arazoak hegaztiekin. Horregatik AENAk, Madrilen, katedradunek eta adituek osatutako talde egonkor bat ipiniko du martxan, arazoari zelan hel dakioken aztertzeko. Era berean, aireportuko fauna batzordeak urtean antolatzen dituen bilerez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta aireportuaren arteko koordinazioa estuagoa izango da, konponbidea topatzeko”.
Derioko EH Bilduk antzeko erantzuna jaso du Udaletik. Idatzi baten bidez jakinarazi zieten aireportuko faunari buruzko batzordea bigarrenez batuko zela maiatzaren 31ean, eta bilera horretara Udalari ere deitu ziotela. “Oraindik ez dugu bilera horretan esandakoaren berririk, baina guk jarraipena egingo diogu gaiari”.