“Lastimagarria izango zan dana ahaztea”

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 11a, 13:08

Juan Luis Goikoetxea Arrieta eta Udane Goikoetxea Bilbao

Aita-alabek Geldoko koplak liburua plazaratu barri dabe. Horretan, geldoztarren bizimodua eta jakituria jaso dabez eta, besteak beste, kaminoaren gainean egineko koplak, Indalecio Prieto auzoan ezkutatu egotea, eta 1936ko guda ekarri dabez gogora, Zamudioko auzoko bizilagunen historia-zati horiek ahaztu ez daitezan. 

Liburu polita argitaratu dozue zuek, Juan Luisek eta Udanek.

Txukuna da; ederto argitaratua; neurri  erosoko letra; zuriune lagungarriak dituana. Azken baten, irakurlea erakartzea da helburua. Horretarako, irudiaren zibilizazinoan bizi garanez, smartphonearen aroan, ezin ahaztu dogu argidun pantailakaz lehiatu beharrean garala.

Zer dala-eta argitaratu dozue orain, pandemia sasoian?

Argitaratzea Lagatzu Euskera Alkarteak bultzatu dau; eurai esker kaleratu dogu. Inongo kopla barik lagundu deuskue Lagatzukoek. Zeozergaitik dira Zamudioko euskal bihotza. Taldekideen harrera eta jarrera eskertuz kopla bat jarri dogu liburuan:

GALDARA LARATZEAN

SOLOAN GOLDEA

EUSKARAREN POZETAN

DABILEN TALDEA

AHOBIZI BELARRI

PRESTEN SUKALDEA

AIKO HOR LAGATZUREN

KULTURA-BIDEA.

Orain auzolana berbea modan dago, zeuen liburugintzan be bai?

Baita! “Esker ona zor” da atal baten izenburua. Hogei pertsonatik gora izan ditugu inguruan lankidetzan. Liburuan datoz euren izenak. Merezi daben esker ona erakutsiz jarri deutsiegu “Zorra lorra” atsotitza. Izan be, zorra eukitea ardura da-eta; zorra lorra da, zama; arrastaka eroan behar dan enborra da lorra.

Zelan sortu da liburua?

Liburua etorri egin da guregana. Edozelan be, liburua etor daiten, idazleak talaiako txoria legez egon behar dau begira-begira. Esaten da idazlearentzat inspirazinoa alperrik dala, datorrenean lo topetan bazaitu.

Zeintzuk dira liburuko gai nagusiak?

Geldoztarren bizimodua eta jakituria: Kaminoaren gainean egineko koplak; Bitoriano Bolunburu koplaria nor zan; bide barik egoan Geldoetarako kaminoa egitea; Indalecio Prieto auzo horretan ezkutatuta egonik bizia salbetea; sorginek bizitza sozialean euken eragina; 1936ko guda -oraindik oroimenean gordin-gordin dagoana-, eta Eusebio Maria Azkue, lehen euskaltzainburuaren aita, urteetan Geldon bizi zana.

“Argitaratzea Lagatzuk bultzatu dau eta hogei pertsonatik gora izan ditugu inguruan zetan edo hatan laguntzen”

Geldoko koplak liburua garrantzitsua da. Azaldu zeinkie zein arrazoirengaitik?

Jaso doguna batu ez bagendu, galdu egingo zan. Gure lekukoak, begizko testiguak zenduak dira jadanik, bakar bat be ez da bizi. Lastimagarria izango zan dana ahaztutea: orduan sorginkerian sinisten ebana; kopla sortzaile eta kantari ebilena; auzo-ikastolako 94 urteko andereñoa; koplak buruz ekiezenak; gerra krudela umezaroan jasan eban euskalduna. Behin honezkero, zorionez, idatzita eta grabauta geratuko da.

Geldoko kaminoa Prietoren eraginari esker egin zala esaten da. Holan da?

Bitoriano Bolunburuk koplen artean badauka bat azaltzen dauana zelan geldoztarren bat Madrilera joan zan:

Basorik baso solorik solo

joanta dago Madrille

gure (i) euzoan egon bihar deu

mutillen batek abille.

Guk Bizkaiko Foru Agiritegian eskuraturiko dokumentatuetatik dakiguna da kudeaketa guztia Diputazinoan egin zala. Eta, hatan be, orduan Diputazinoan agintean egozanak Prietoren alderdikoak zirala.

Zein bertso heldu da gugana, eta zeintzuk galdu dira?

Guri Alejandro eta Santiago Etxebarriak kantau deuskuezanak 53 kopla dira: 40 kaminoaz; zazpi Madrilerako bidaiaz; eta lau Indalecio Prietori eta bi Bustamanteri eskainiak. Galdu diranak: Paulino Arrituganekori ataratakoak; Atxutiko Leonardari; Ziriaka Barrengotxekori; Ormetxeko Txomineri, eta beste batzuri ataratakoak. Kaminoko koplan hauxe dino Bitorianok:

Hamasei etxe dagoz

barriotxu batian

kaminorik ez dala

legua bat bidian.

Zein eratara gorde dira, paperean ala buruz?

Gugana buruz etorri dira. Santik eta Alek 67 urtean buruz gorderik, 2000.ean guk grabatu geuntsiezan arte. Edozelan be, bidegintzan jardun eben beharginen artean ezagunak ziran, zabal kantau ziran Txorierrin Pedro Urtiaga 94 urteko bertsolariak 2020ko abenduan esan euskunez.

Geldoztarrai esker urten eban bizirik Indalecio Prietok 1917an?

Bai! Haolan idatzi eban Indaleciok berak: “Y aquél domingo comenzó la primera de mis expatriaciones forzosas. Salvándome, la hizo posible la hidalguía rústica, la caballerosidad campesina, la lealtad aldeana de varios vascos, moradores del valle de Asúa y de la cordillera de Artebacarra”.

Zein interesgarriak Juanita Rementeriaren sorginen gaineko kontakizunak!

Guztiz jakingarriak eta benetakoak. Juanita Rementeria da liburu honetako ate eta giltza, eskerrik beroenak merezi dituana.

Natxitube’tar Miren andereño egon zan Geldoetan, ezta?

Bai, Mirenegaz egin genduan alkarrizketa polit-polita da; dokumentu erabat gustagarria. Gainera, beti aitatzen eban Lauaxeta: “Lauaxeta eta biok lagun handiak ginan. “Juventud Vasca”n domeka batzuetan alkarregaz egon eta berba egiten genduan. Euskeraz beti eh! Bai, lagun handiak ginan, handiak!”

1936ko gudaz zer dinoe liburuan geldoztarrek?

Gorabehera jakingarri asko, gogor eta mingarriak, ia sinistezinak: “Eta gero soldaduek: Hay que salir de aquí, os van a matar!”. Baina urten gura ez ba, ganadua handia-eta. Urrutiak esaten euskun: “Inora be ez urten; hortik bazoaze ez dozue topauko ganadu bat be etxean”. Eta berton lotu ginan, baina hamaika negar egin genduan guk orduan”.

Zer esango zeunskioe irakurleari?

Irakurleak irakurri arte ez dago liburua amaituta. Zer da, ba, inork leidu ez dauan liburua? Guk irakurlea gogoan dogula idatzi dogu, irakurleari begira. Ea gustuko dozun!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).