Naia Petralanda, Kiroleneko ikaslea

“Ausarta izan behar da suhiltzailea izateko; oso ausarta naiz ni”

Aikor aldizkaria 2022ko api. 6a, 11:34

Hamazortzi urteko zamudioztarrak grina handia du kirolerako eta grina horrek bultzatu du Kirolenen, Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoan, izena ematera. Bigarren mailan dago, eta gurekin partekatu ditu bere esperientzia, pertzepzioak eta etorkizuneko helburuak.

Gaztearen esanetan, oso pertsona kirolaria da eta futbolean txikitatik jokatu du. “Kadete mailara arte Zamudion izan nintzen. Maila horretara arte mutilekin jokatu nuen, baina ezin zen goiko mailetan mutilekin batera ibili eta, nesken talderik ez zegoenez, Arteagara joan nintzen. Ondoren, lau urte eman nituen Bizkerren”. Kiroleneko eskaintza ezagutu eta bertan izena ematera animatu zen iaz. “Pentsatu nuen ez zitzaidala txarto joango. Nolanahi ere, futbolean jokatzeari utzi behar izan diot, ez dudalako denetarako astirik. Horrezaz gainera, uste dut futbolak ez didala aukera handirik ekarriko”.

Lau urte emango ditu Kirolenen eta bere helburua da curriculumerako ahalik eta titulu gehien ateratzea. “Suhiltzailea izan nahi dudalako. Nire iritziz, titulu horiek lagungarriak izango dira helburuari heltzeko”. Izan ere, azaldu digunez, utero modalitate askoko lanbide-ziurtagiriak ateratzeko aukera dago bertan. “Salbamendua eta sorospena, atletismoa, futbola, saskibaloia, mendiko bizikleta… Lehenengo hiru mailak dira erdi-mailako gradua, eta laugarrena, goi-mailakoa. Ikasturte bakoitzean bospasei ikasgai ditugu”.

Egunero lan gogorra egin behar duela esan digu. “Kirol asko eta ordu gutxi dira. Egun batean, esaterako, hiru orduan izan ahal gara futbolaren teoriari buruz ikasten, eta gero mendira bizikletaz joan eta bertan beste hiru ordu eman behar. Edo igerilekuan eta bizikletan ibili behar… Hurrengo egunean, berdin. Neke-neke eginda amaitzen dut, baina pozik nago”.

“Eskola-saioen ostean neke-neke eginda amaitzen dut, baina pozik nago”

Lehen aipatu moduan, suhiltzailea izan nahi du eta horretarako oposizioak egiteko asmoa du. “Kirolenen bertan ezagutu nuen lanbidea eta asko gustatu zitzaidan, gauza polita delako bizitzak salbatzea. Arriskutsua dela ere badakit, eta ausarta izan behar dela: ni oso ausarta naiz; beraz, bide horretatik jarraituko dut. Bestalde, herriko lagun bat suhiltzailea da eta oso gauza politak kontatu dizkit bere lanari buruz”.

Teoria ikasiz gainera, proba fisikoak ere egin beharko ditu oposizioei begira. “Pisua altxatu, abdominalak, iraupena… Nesken probak ez dira mutilenak bezain gogorrak; nolanahi ere, prestakuntza fisiko handia eduki behar da. Kirolenen egiten dugun lanaz aparte, gimnasiora joaten naiz ahal dudan neurrian”.

Kirol-irakaskuntzen ikastetxean jasotzen dabilen trebakuntzari esker lanean ibili ahalko da oposizioak prestatzen dituen bitartean edo horiek gainditu arte. “Aretoko monitorea izan ninteke, edo atletismo-, futbol-… teknikaria. Adibidez, futbolaren bigarren maila, errendimendu handikoa dena, atera dut eta datorren urtean hirugarren maila aterako dut. Maila hori izanda lehenengo mailako taldeak entrenatu ahal dira. Ahal dela, prestatzaile fisikoa izan ninteke, edo entrenatzailea…”. Aurretik sorosle ibili da Zamudioko igerilekuan eta Gorlizen.

Neskak animatu

Gazteak nahi du lerro hauetatik neskak kirolari lotutako ikasketak egitera. “Oso neska gutxi gaude. Nirea da neska gehien dituen ikasgela: sei. Eta bederatzi ikaskide gara gaur egun, iazko ikasturtean 15 lagun hasi baginen ere. Lehenengo mailan 16 ikaskide daude eta horietako hiru neskak dira; hirugarren mailan neska bakarra dago eta orotara 11 lagun dira. Nire iritziz, neskak ez dira beldurragatik animatzen. Ni ere beldur apur batekin ibili nintzen hasieran, ez nekielako ikasgelan neska gehiagorik egongo ziren… Gainera, oraindik gizonezko ikaskide askok esaten dizute «beharbada, hobe da zuk hori ez egitea, ezin izango duzulako…». Pentsa liteke gazteok parekotasuna ondo barneratuta eduki beharko genukeela, baina ez da horrela. Nik normalean ez dut erantzuten, okerrago izango litzatekeelako; ahal dudala erakusten dut. Gainera, Kirolene errendimendu altuko ikastetxea da eta han egotea ez da gutxi: oso prestakuntza fisiko handia izan behar dugu bai emakumezkook, bai gizonezkoek”.

“Kirolene errendimendu altuko ikastetxea da eta han egotea ez da gutxi”

Ez du irakasleen aldetik halako jarrerarik sumatu. Hala ere, elkarrizketa amaitzeko, sarbide-probetan izandako pasadizoa kontatu digu. “Baloi medizinal bat bota behar genuen ahalik eta urrunen. Talde bitan bereizi gintuen irakasleak: alde batetik neskak, eta beste aldetik, mutilak. Talde bakoitzari baloi bat eman zigun eta gurea txikiagoa eta arinagoa zen. Irakasleari galdetu nion ea bestea, handiagoa eta pisutsuagoa zena, botatzerik nuen. Baietz erantzun zidan, eta barkatzeko. Baloia hartu, eta mutilek baino urrunago bota nuen. Harrezkero, irakasle horrek ez dit ezer esaten (kar-kar)”.

Erlazionatuak

Suhiltzailea izatea amets

Aikor aldizkaria 2022 mar 25 Zamudio

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).