“Ezinezkoa posible bihurtzea gustatzen zait”

Aikor aldizkaria 2023ko abe. 11a, 11:23

Jorge Barrena Marin, zinema amets

Hogeita zazpi urteko zamudioztarrak garun-paralisia du, baina hori ez da oztopoa bere grina handiaz gozatzeko: zinemaz. Hori bere zaletasuna da ezaguera zuenetik, eta kamera baten atzean zuzendari ibiltzeko ametsa izan du beti. Hori dela eta, gidoi- eta zuzendaritza-ikastaroa egin du, eta dagoeneko hainbat gidoi ditu idatzita; egun batean egia bihurtzea espero du. 

Norengandik edo nondik datorkizu zinemarako zaletasuna?

Errua aitarena da. Egun batean, zazpi urte-edo nituela, Bilboko Zazpi Kaleetatik pasieran genbiltzan eta bat-batean buelta eman zuen eta DVDen denda batera sartu zen; antza, zerbait ikusi zuen… Dendatik Marx anaien Una tarde en el circo filmarekin atera zen. Groucho ikusi nuen bibote aldrebes horrekin… eta boom! Ondoren, Charles Chaplinen Tiempos modernos pelikula ikusi nuen eta errematea izan zen.

Film horrek hain zuzen piztu zizun kamera baten atzean egoteko gogoa. Zergatik?

Zenbait gauzarengatik: istorioaren oinarriagatik, Charloten umore-senagatik eta istorioa bakarrik irudiak erabilita kontatzeko moduagatik. Inoiz ez da hainbeste esan ezer esan gabe. 

Zerk erakartzen zaitu zinematik?

(Kar-kar). Magikoa da: aretoa ilunpetan eta pantaila. Ez dago azalpenik; eta, gainera, ez dut azalpenik egotea nahi.

Zer da zinema zuretzat?

Edozein gauza izan daiteke: kritika soziala izan daiteke, baina dibertsio hutsa ere bai… Edo biak! Zinema gozatzea da.

“Zinema edozein gauza izan daiteke: kritika soziala izan daiteke, baina dibertsio hutsa ere bai”

Mota guztietako zinema gustatzen zaizu: klasikoa, suspensekoa, akziokoa… Nolanahi ere, genero bat beste bat baino gehiago gustatuko zaizu…

Bada, egia esan, ez. Adibidez, Mision imposible sagako azken pelikula ikusi dezaket, eta haren ostean, Mamma mía! Denetatik ikasten da. Denetarik ikusi behar da, eta disfrutatu!

Eta badakigu zuzendari asko gustuko dituzula… Baina zein da zure kutuna?

Zergatik egiten didazue hau? (kar-kar). Ama ala aita aukeratu behar dudala esatea bezalakoa da… Christopher Nolanek, Peter Jacksonek, George Lucasek, Fritz Langek, Alfred Hitchcockek… egiten duten zinema asko gustatzen zaidan arren, zuzendari bakar bat aukeratu behar izanez gero, zalantza barik, hori Steven Spielberg izango litzateke. Gehien gustatzen zaidana da: umearen arima duen gizona da eta horrek liluratu egiten nau. Gainera, ni bezala, Hergéren zale amorratua da… Ea, ezinezkoa da nik gogoko ez izatea. Zuzendaria baino, ametsen sortzailea da Spielberg; istorioen narratzailea. Eta beste inork ez du jakin zine naturalista eta zine fantastikoa nahasten… Spielberg taldekoa naiz, beti!

“Zuzendari bakar bat aukeratu behar izanez gero, zalantza barik, hori Steven Spielberg izango litzateke”

Zinemarako grinak bultzatu zaitu gidoiaren eta zinema-zuzendaritzaren ikastaroa egitera.

Momentuz bakarrik egin ditut eskolarako lanak. Gaur egun, nire azken gidoiaren storyboard-a prestatzen nabil eta ezin dut hari buruz ezer kontatu, “labean” dago eta. Baina laster izango duzue haren berri. 

“Nire azken gidoiaren storyboard-a prestatzen nabil eta laster izango duzue haren berri”

Stop Motion animazioarekin eta efektu bereziekin ere ausartu zara.

Betidanik gustatu zait ezinezkoa posible bihurtzea, eta alegiazko munduak sortu. Horregatik gustatzen zait hainbeste efektuen mundua… Hala ere, benetan liluratzen nautenak dira efektu praktikoak; hau da, set-ean bertan egiten direnak: maketak, animatronic-ak, makillajea… Kroma erosi nuen eta asko gustatzen zait efektuak egitea. 

Zein motatako pelikulak zuzentzea gustatuko litzaizuke?

Denetarik: zine beltza, fantasia, zientzia-fikzioa… Baina batez ere abenturazko zinema gustatzen zait.

Eredurik ez

Esan moduan, zamudioztarrari alegiazko munduak sortzea gustatzen zaio. Horregatik, zinemaz gainera, beste zaletasun bat du: marrazkigintza. “Txikitatik gustuko dut marraztea, gehienbat karikaturak eta komikiak”. Zaletasun horrek bultzatuta, eskola jasotzen du arte-eta diseinu-eskola batean. Duda barik, motibazio- eta hobetze-eredua da, nahiz eta bera ados ez egon. “Ez dut inoiz eredurik izan nahi; ondo egiten dudana eta gustatzen zaidana egiten ahalegintzen naiz, besterik ez”. Lagatzu Zamudioko euskara elkartearen eskutik, Inguruko berbak egitasmoan parte hartu zuen, eta liburuaren irudiak marraztu. “Egia esan, egitasmoak ustekabean harrapatu ninduen, baina marraztea beti gustatu zaidanez, aukera izan zen niretzat”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).