Estibaliz Díaz Silvestre, zientzialaria: “Inportantea da neskatoei erakustea zientzialaria ikaskidearen ama ere izan daitekeela”

Aikor aldizkaria 2024ko mar. 5a, 13:22

Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen. Dataz baliatuta, AZTIk Derion duen egoitzara hurbildu gara, Estibaliz Díazekin solasean ibiltzera. Zientzietan doktorea da, Biologia eta sistemak espezialitatean, eta mentore ibili da Inspira STEAM egitasmoan, neskatoen artean bokazio zientifikoa sustatzeko.

Zergatik mentore izan?

Inspira programak nire bi pasioak batzen dituelako: zientzia eta berdin- tasuna. Emakume zientzialariak heroitzat hartzen ditugu askotan –Marie Curie, adibidez–, eta ez dugu hurbileko erreferenterik. Horregatik uste dut inportantea dela eskolara hurbiltzea eta ikasleei erakustea zientzialaria ikaskidearen ama ere izan daitekeela, edo emakume auzokidea. Dena dela, helburua ez da neskei esatea zientzietako ikasketak egin behar dituztela, egiteko gai direla baizik.

 

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikas- leekin ibili zara, zein da erradiografia?

Uste dute erabakitzeko askeak direla, baina neskatoei galdetzen badiezu, esate baterako, mutilek eta neskek matematikarako gaitasun berbera duten, baietz erantzuten dute; hala ere, haiek gaitasunik duten galdetuta, ezetz erantzuten dute.

 

Zer dela eta?

Ikerketa baten arabera, neskak sei urtetik aurrera hasten dira euren burua gutxiesten. Ikerketaren baitan, ume batzuei ipuin bat irakurri zieten eta protagonista oso-oso azkarra zen. Sei urtetik beherako umeei galdetu zieten, euren ustez, protagonista mutila edo neska zen, eta batzuek mutila zela erantzun zuten, eta beste batzuek, neska. Hala ere, sei urtetik gorako umeei galdetu zietenean, neskak hasi ziren mutila zela erantzuten. Alderdi askok dute horretan eragina.

“Emakume lankide gazteak gu euren adinean geunden baino askoz ahaldunduago daude; horrek erabat pozten nau”

Adibidez?

Arrosa eta urdin koloreetatik edo neskatoentzako eta mutikoentzako jostailuetatik haratago, janzten duten arroparen bidez ailegatzen zaizkien mezuak ditugu, esaterako: “Egun guztiak dira magikoak” edo “Polita eta perfektua”, nesken kamisetetan; eta “Oihukatu” eta “Mundua aldatu dezakezu”, mutilen kamisetetan. Marrazki bizidunetan ere topatzen dugu protagonistak mutilak izan ohi direla, eta neskarik badago, zein motatako neska da eta zer egiten du? The Big Bang Theory telesaila ere adibidea da: neska polita da leloa, eta zientzialariak, itsusiak.

 

Xumetasun-araua ere aipatzen da.

Bai. Lehen, askoz neska gehiago zeuden informatikako eta matematikako karreretan, baina kopuruak behera egin du azken urteetan. Zergatik? Bada, lehen ikasketa horiek gehienbat irakasle lan egiteko egiten zirelako; orain, berriz, karrera horiek egiten dituztenak oso baliotsuak dira enpresetarako, eta mutil gehiagok ikasten dituzte; prestigio txikiagoko ikasketetan emakume gehiago izan ohi dira. Nolanahi ere, egia da zientzietako karreretan emakume gehiago daudela, baina enpresetako eskalan igo heinean konturatzen zara emakumeen kopuruak behera egiten duela, eta gizonenak gora: artaziak esaten zaio horri, edo ihesak dituen hodia.

 

Zergatik gelditzen dira emakumeak bidean?

Faktore asko daude: amatasuna, etxe-ko gauzak… Gainera, lanpostuak apetaz aukeratzen direnean, emakumeok aukera gutxiago izaten dugu. Beste ikerketa baten baitan, bi curriculum aurkeztu ziren. Curriculum berdin-berdinak ziren, baina batean emakumearen izena zegoen idatzita, eta bestean, gizonarena. Bada, gizonaren curriculumak emakumearenak baino puntu gehiago jaso zituen; are gehiago, emakumeek ere puntu gehiago eman zizkioten. Harvardeko beste ikerketa baten arabera, emakumeek maila-igoerara aurkezten dute euren burua, eskakizunak % 100ean betetzen dituztela uste badute; gizonek, aldiz, % 60an betetzen badituzte. Nire ustez, horrek zerikusia du aurretik aipatutako arroparen mezuekin: “Polita eta perfektua”. Beste ikerketa baten emaitza ere ipini dezakegu adibide: zero urtetik urte batera bitarteko denbora-tartea pasatuta, gizonek uste dute programatzeko gaitasun nahikoa dutela; emakumeek, ordea, zortzi urteko tartea pasatuta pentsatzen dute hori.

 

Zaintza ere hor dago.

Duela urte batzuk kanpaina hau ipini zen martxan: Edo zientzialaria, edo ama. Izan ere, zure curriculuma lanpostu baterako edo besterako aztertzen dutenean, amatasun-bajak edo lanaldi murriztua hutsunetzat jotzen dituzte, eta hortaz, gizonek puntuazio hobeak izaten dituzte. Baina, jakina, nork murrizten du lanaldia? Bada, AZTIn kasu, guztiok ditugu baldintza berberak; hala ere, lanaldia murriztu duten % 80 baino gehiago emakumeak dira. Pandemia-garaian ere nabaria izan zen emakumeek gutxiago argitaratzen zutela.

“Helburua ez da neskei esatea zientzietako ikasketak egin behar dituztela, egiteko gai direla baizik”

Eta ingurunea.

Ingeniaritzetan, esaterako, gizon asko daude eta salbuespena izatea ez da erraza; kontrako ingurunea dago. Dena dela, nekea ere bada oso alderdi inportantea, leku berberera askoz nekatuago ailegatzen baikara, gehiegizko esfortzua egin behar dugu eta.

 

Neskatoek emakumezko erreferenterik ez duten kezka ez da berria; oraindik jarraitzen dugu berdin.

Nire helburua da neskak nolabait ahalduntzea eta esatea gai direla. Hau da, andereño izatea erabakitzen badute, oso ondo dago, baina ez dadila izan, pentsatzen dutelako beste ikasketa-mota batzuk egiteko gai ez direla, edo eredurik ez dutelako. Inspira moduko programen bidez ikasgeletara ailegatzen garen arren, oso tarte laburra dugu gaztetxoekin lan egiteko, eta ez da nahikoa. Hortaz, gai hau modu orokorragoan landu beharko lukete ikastetxeetan, baina horretarako, beharrezkoa da irakasleak ere motibatuta egotea.

 

Eta eskolatik kanpo?

Ondo legoke ardura guztion artean banatzea; komunikabideak, adibidez, hor zaudete. Lehen pausoa da identifikatzea, izan ere, estereotipoek haiengan eraginik duten galdetzen diedanean, erantzuna da ezetz; hala ere, ikastetxearen errealitatea aztertzen hasten garenean, erantzunak ere aldatzen hasten dira: Zenbat mutil daude dantzan? Zenbat neskak jokatzen dute futbolean? Kritikoak izan behar dugu egoerarekin, eta jasotzen ditugun mezuak, eskaintzen dizkiguten jostailuak, esaten digutena… aztertu; horrela da benetan? Hori da, hain zuzen, espiritu zientifikoa izatea. Inportantea da ingurura begiratzea eta aztertzea emakumeak zertan dabiltzan eta zergatik; eztabaida piztea, azken batean.

 

Ariketa hori neskentzat ez ezik, mutilentzat ere bada interesgarria?

Mutilekin ere lan egin behar da, argi eta garbi. Zientzian emakumerik ez egotea arazoa da, baina osasun-zientzietan gizonik ez egotea ere bada arazoa. Hortaz, mutilei azaldu behar diegu zaintza oso garrantzitsua dela, guztion artean banatu behar dugula eta haiek ere erizainak izan ahal direla. Mutilek ulertu behar dute gizartean estereotipoak daudela eta haietako askok, gainera, euren kontra jokatzen dutela; esaterako, mutilek ezin dutela negar egin. Eta, era berean, konturatu behar dute euren jarrera asko horren guztiaren ondorioa direla: Ikasgelan, nortzuek hitz egiten dute gehiago? Nortzuek altxatzen dute gehiago eskua?

 

Nondik edo norengandik datorkizu bokazio zientifikoa zuri?

Alde batetik, natur zientzietako eta biologiako oso irakasle ona izan nuen ikastolan; eta bestetik, beti izan dut argi biologia ikasi nahi nuela, nahiz eta momentu batean agronomia-ingeniaritza ikastea burutik pasatu zitzaidan. Bada, unibertsitatera bideratzeko ikasturtean, UBIn, karrera aukeratzeko ailegatzeko unea ailegatu zen, eta etxean oposizio handia nuela, biologia aukeratu nuen. Oso nota onak nituenez, ingeniaritzaren bat egitea nahi zuten, baina nik argi dut bokazioa oso inportantea dela eta, aukeratzen dena aukeratzen dela, garrantzitsua dela ona izatea: irakasle onak behar ditugu, historialari onak, kazetari onak…

Matxismo handirik topatu duzu lan-ibilbidean?

Gizartean topatzen dena lanean ere topatu dut. Amatasun-baja hartzeagatik “zigortzen” gaituzte karrera zientifikoetan, eta proiektuak direla-eta bidaiatu behar baduzu, adibidez, ohikoa da emakumeoi galdetzea umeak norekin utzi ditugun. Gero, jakina, errudun-sentimendua dago. Zalantza barik, sentimendu hori txikitatik jasotzen ditugun mezuekin du zerikusia, eta ziur nago, gu ez bezala, gizonak ez direla hain errudun sentitzen lanean ordu asko emateagatik edo bidaiatu behar izateagatik. Gainera, gizonak oso seguru sentitu ohi dira lanean. Ni ere seguru sentitzen naiz gaur egun, baina urteak pasatu dira segurtasuna lortu dudan arte; haiek, berriz, oso gazteak direla segurtasunez eta konbentzimenduz adi-erazten dituzte gauzak. Nolanahi ere, ikusten dut emakume lankide gazteak gu euren adinean geunden baino askoz ahaldunduago daudela, eta horrek erabat pozten nau; harro nago.

Zer da zientzia?

Jakin-nahia, kontatzen digutena ez sinestea, gauzak ulertzeko grina… Izpiritu zientifikoa eta kritikoa guztiok izan beharko genuke, zientzia arloan lan egin edo ez, eta esparru guztietan ezarri.

 

Europako aingiran aditua

(1974, Barakaldo). Karreraren hirugarren mailan zegoela, Díaz laborategi batera laguntzera sartzeko aukera izan zuen. “Barneko ikaslea izan nintzen eta tutuak-eta garbitzen ibili nintzen, tesia egiten zebiltzanei laguntzen… Beka lortu, eta tesia egin nuen arrain-larbei buruz. AZTIn 2004an hasi nintzen”. Gaur egun, ikerlari nagusia da bertan eta Arrantza Jasangarriaren saila kudeatzen du. Gainera, Europako aingiran aditua da, eta Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren aholkulari dabil. Espezie horren Espainiako or-dezkaria ere bada Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Zientzialarien Kontseiluan (ICES). “Kide bakoitza espezie batean da aditua. Datuak batu, aztertu, eta espezien populazio-egoera zein den ikusten dugu. Aholkua ematen diogu batzordeari, eta gero ministroek erabakitzen dute zer egin: batzuetan, irizpide zientifikoari jarraitzen diote; eta beste batzuetan, ez. Horrezaz gainera, ICESeko espezien arrantza jasangarriaren kudeaketarako saila koordinatzen dut; tunidoekin izan ezik, gainerako espezie guztiekin egiten dugu lan”.

Kasualitatea izan zen aingiran aditu bihurtzea. “AZTIn Prestigeren hondamendiaren ostean sartu nintzen, on-dorioak aztertzeko. Baina aingiran aditua zen neskak lana utzi zuen, eta frantsesekin proiektu bat zuenez, niri esan zidaten bere lanarekin jarraitzeko, frantsesa nekien eta. Egia esan, oso kasualitate zoragarria izan da, orain aingira asko maite dudalako. Espezie polit-polita da, eta oso interesgarria. Adibidez, bizitzaren zati bat errekan eta beste zatia itsasoan egiten duen espezie bakarra da; egundoko migrazioak ditu eta oraindik badaude haren in-guruan hainbat misterio argitzeko”. Zoritxarrez, arrisku larrian dago. “Hori da desagertzearen aurreko pausoa. Arrazoi asko daude: ziklo hain konplexua dutenez, mehatxuak erreketan zein itsasoan dituzte; gehiegizko arrantza; erreketako presak; habitata galdu izana, kutsadura… Gainera, hain hedapen zabala duenez – gure kasuan, Marokotik Norvegiaraino–, mehatxuak bestelakoak izan daitezke herri batean edo bestean. Beste aldetik, dakigunez, angula da aingiraren alebina eta gutxi daude gaur egun: azken azterketan egindako estimazioaren arabera, gaur egun ailegatzen den angula-kopurua da 80ko hamarkadan zegoen kopuruaren % 8,5 ingurukoa”. Bere taldearen lan-eremua Oria ibaiaren arroa da.

Bere kargua dela eta, Díazek batez ere paperen artean egiten du lan. “Egia esan, gero eta lan zientifiko gutxiago egiten dut, eta gero eta lan burokratiko gehiago. Noski, landa-lanaren hutsunea nabaritzen dut, laginak hartzera joan… Nolanahi ere, egungo eginkizunak ere alde onak ditu: oso lan handia izan arren, beste herri batzuetako ikerlariekin lan egiteko aukera dut eta oso aberasgarria da; ondorioz, hainbat nazionalitateko lagunak egin ditut”.

Europar Batasuneko proiektuetan hartzen du parte. “Europa mailan hartzen dira erabaki asko. Aingira kasuan, esaterako, stock bakartzat hartzen da, neurriak herri baten hartzen badira, baina ondoko herrian ez, ez direlako eraginkorrak izango. Horri lotuta, SUDOANG egitasmoa koordinatu nuen eta helburua izan zen Espainian, Portugalen eta Frantzian ebaluazio-metodo berbera erabiltzea”.

Gizakiok itsasoko animaliez elikatzen gara. Hala ere, besteak beste, ozeanoak kutsatzen ditugu, eta kasu askotan arrantza-teknika zalantzagarriak erabiltzen dira. “Inoiz itsasoko animaliez elikatzeari utziko diogun? Bada, espero dezagun ezetz. Arrantza jasangarria lortzea da, hain zuzen ere, nire sailaren ardura eta bagabiltza lan pilo bat egiten eta irizpide biologikoetan oinarritutako aholkua zientifikoa ematen, hori gertatu ez dadin”.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).