Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloa aurkeztuko du Zapata Gorriak talde feministak barikuan

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 6a, 10:51

Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak “Indarkeria matxistako emakume biktimak artatzeko protokoloa” aurkeztuko du barikuan, maiatzak 10, 19:00etan, kultur etxeko gimnasioan. “Gure asmoa da indarkeria matxista jasan duten emakumeak era seguruan eta atseginean hartzea. Era berean, instituzioek eskaintzen dituzten baliabideen inguruko informazioa eskaini nahi diegu, eta indarkeria lazgarri honen inguruko kontzientziazioa herrian hedatu nahi dugu”, azaldu dute.

Euren hitzetan, “herriko eragile zein instituzioekin elkarlana ezinbestekoa da, gure herria indarkeria matxistatik askatzen jarraitzeko”. Horregatik, herriko eragileak gonbidatu dituzte aurkezpenera, hala nola, kirol-, kultura- eta gizarte-taldeak, alderdi politikoak, udalaren gobernu-batzordea, gizarte-langilea, udaltzainak, Osakidetzako langileak, eskualdeko talde feministak eta berdintasun-teknikaria. Ekintzan parte hartzea baieztatu behar da zgprotokolo@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Beste alde batetik, Zamudiok talde feministak antolatuta, maiatzaren 16an, 19:00etan “Malestares de género” hitzaldia izango da Zamudiotorren. Hitzaldia Maitena Monroyk egingo du eta bertan azalduko du emakumeen ondoeza eta gaixotasunak ere desberdinkeriatik artatzen direla. Azkenik, jakinarazi dute aurten ere jai-batzordeak puntu morea ipiniko duela herriko jaietan (maiatzak 20-27) eta hura Eraikiz kolektiboak kudeatuko du. “Guk puntu beltzak seinalatu, eta brigada feminista sortuko dugu. Eraso matxistarik edo sexistarik egonez gero, 633 196 014 telefono-zenbakira deitu ahalko da; telefono-zenbakia gau osoan zehar egongo da martxan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).