“Herri osoak disfrutatuko dauan programazinoa osotu da”

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 23a, 11:46

Ainhize San Andres, Herritartasun eta Ingurumeneko zinegotzia

Zamudioko Pazko jaietako lehen jarduera, meza nagusia eta luntxa, astelehenean egin zen, baina programazio nagusia asteburuan izango da. Herritarren eta alkarteen laguntzari esker, herritar guzti-guztiek gozatzeko moduko jai-egitaraua prestatu da. Ainhize San Andres zinegotziak gakoak emon deuskuz.  

Jaiak atzeratu dira, zergaitik?

Pazko ospakizuna, izatez, maiatzaren 17ko asteburuan da, baina Derioko jaiakaz bat ez egiteko, hurrengo asteburuan ospatuko doguz. Halanda be, jaietako lehenengo jarduera, meza nagusia eta elizpean egiten dan ohiko luntxa, maiatzaren 20an izan zen, Mendekoste astelehenean. Ganerako programazinoa, aste berean ospatuko dogu, maiatzaren 24ko asteburuan. Ohikoa dan lez, ospakizunak Adintsuen Etxean ospatuko dan karta txapelketagaz itxiko dira. Aurten, hitzordu hori maiatzaren 27an izango da.

Aurten deia egin jake herritarrei, jaien prestatze-lanetan parte hartu dagien. Zein izan da erantzuna?

Jaiak antolatzeko deia urtero herritarrei zein talde kulturalei zabaldu izan jake, beti egon izan da zabalik. Orain arte, gehienbat, talde kulturalek hartu izan dabe parte. Hau dala eta, herritarrek be parte hartu dagien eurenganako deia zabaldu da. Asmoa eta helburua da herri osoak disfrutatuko dauan programazinoa osotzea, edade eta gustu guztietarako jarduerakaz, eta horretarako, hareen iritziak jaso gura izan doguz. Erantzun ona izan dogu, eta parte hartu daben herritar guztiei eskerrak emoten deutseguz. Eurei esker, eta alkarteen laguntzagaz, proposamen barriak dakarguz. Herritarrek gogotsu parte hartzea espero dogu.

Nobedaderik egongo da?

Alde batetik, txupinaren ostean herrian zehar egingo dan kalejiran buruhandiak girotzen izango doguz, eta kalejira ostean berreskuratu dogun perretxiko dastaketa solidarioari ekingo deutsagu. Musikaren aldetik be, nobedadeak dagoz, edade guztietako publikoari zuzendutako aukerakaz. Holan, adinekoek maiatzaren 20an Palmeras taldearen eskutik dantza ugari egiteko parada izango dabe. Asteburuan murgilduta, barikuan, “Remember Fest” eta “Gazte-festa” izango dira; azkenengo horretan, Oihan Vega DJak animatuko gaitu. Domekan, maiatzaren 26an, “Zamudio ezagutuz” izeneko familia-martxa egingo dogu; jarduera barria da, edade desbardinetako pertsonek alkarregaz disfrutatzeko pentsatuta. Bukatzeko, domeka arrastian, Bocabeats Comediaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izango dogu.

Ekintzarik azpimarratuko zeunke bereziki?

Gatxa da ekintza bakarra aukeratzea. Badagoz oso arrakastatsuak diran ekimenak: sukalki txapelketea, adin desbardinetako pertsonak alkarregaz egoteko aukerea emoten deuskuna; asteleheneko meza nagusiaren osteko luntxeko solasaldia; kontzertuak; euskal dantzak; kalejirak, erromeria… Jarduera horreek sano zaintzen doguz, jakin dakigulako herritarrek gustoko dabezala.

Zein da jaien helburua?

Herri osoak disfrutatzea eta adin desbardinetako pertsonek alkarregaz egoteko moduko aukerea izan dagiela.

Nola atonduko da jai-esparrua?

Adin desbardinetako gustoko jarduerak antolatzeaz gain, jaiak herriko kokapen desbardinetara zabaldu doguz, hala nola Sabino Arana plazan tuxpina, gaueko kontzertuak eta monologoa; Bidekoetxe parkean Tortilla eta Sukalki txapelketea, erromeria eta egurrezko jolas mitologikoak; San Martin elizan abesbatzen kontzertua; Adintsuen Etxean adinekoei zuzendutako jarduerak…

Eraso sexisten kontrako protokolorik egongo da?

Jakina. Azken urteetan egin dogun lez, gauez puntu morea egongo da, barikuan eta zapatuan, jai-esparruaren aurrean, 22:00etatik 01:00era. Han informazinoa eta laguntza ipiniko da herritarren eskura. Ganera, eraso sexistarik jasan edo ikusi ezkero, 633 196 014 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, gaueko 22:00etatik hurrengo goizeko 10:00ak bitartean, ala Brigada Feministaren kideengana jo leike; honeek zapi morea izango dabe jantzita. Jaiak bakean igarotzea eta pertsona guztiekiko errespetua nagusitu daitela espero dogu, baina holan ez balitz, Zamudioko Udalak eta Zapata Gorriak alkarteak adostutako protokoloaren bitartez erantzungo jako.

Amaitzeko, zer espero dozue aurtengo Pazko jaietatik?

Herritarrek euren laguntzagaz antolatu dogun programaz gozatzea dogu helburu. Eta ez eurek soilik, alboko herrietako lagunak be ondo etorriak dira, beti lez, eta etortera animatzen dodaz. Mereziduko dau! Baina, batez be, lehenago aipatu dodan lez, jaiak bakean eta pertsona guztiekiko errespetuaz igarotzea espero dot.

 

 

Jai-egitaraua

Maiatzak 24, barikua

11:00 Umeentzako tailerrak.

19:00 Txupinazoa, Sabino Arana plazan. Jarraian, kalejirea Bertokogaz, Gazte Elai txistu-taldeagaz eta buruhandiakaz.

20:30 Perretxiko-banaketa solidarioa, Arbolantxa kalean, Lagunandre alkarteagaz.

21:00 Remember Fest, Arbolantxa kalean.

21:00 Gazte-festea, Sabino Arana plazan: Oihan Vega.

23:30 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Oxabi + Dj Latxirongak.

 

Maiatzak 25, zapatua. Sukalki Eguna

09:00-10:00 Tortilla- eta sukalki-txapelketetan izena emotea, Bidekoetxe parkean.

11:30 Lagunandre alkartearen azoka solidarioa, Bidekoetxe parkean.

11:30-13:30 Egurrezko jolas mitologikoak, Bidekoetxe parkean.

13:30 Tortilla eta sukalki txapelketen sariak banatzea.

16:00 Kittu! Erromeria, Bidekoetxe parkean.

16:00-19:00 Egurrezko jolas mitologikoak, Bidekoetxe parkean.  

 19:30 Udabarriko kontzertuak, San Martin eleizan: Seber Altube Korala (Gernika), Itxartu abesbatza (Algorta), Zoli abesbatza (Zamudio) eta Zamudioko Kamara Korala.

20:30-23:30 Zutik elektrotxarangea, Agirre Lehendakaria plazatik.

23:30 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Dupla + Zirkinik Bez + Dj Vithy.

 

Maiatzak 26, domeka

11:00 Zamudio Ezagutuz familia-martxa, Sabino Arana plazatik urtenda, Lagatzu alkarteagaz.

18:00 Euskal dantzak, Hiru Bat dantza-taldeagaz, Agirre Lehendakaria plazan (eguraldia txarra badago, frontoian).

19:30 Bocabeats Comedia, Sabino Arana plazan.

 

Maiatzak 27, astelehena

16:00 Karta-txapelketea, Adintsuen Etxean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).