Kultura Bere Bidean egitasmoak hurrengo hauek batuko ditu Zamudion: Iñigo Etxezarreta (ETS), Francis Diez (Doctor Deseo), Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea (Gozategi), Gorka Sarriegi eta Urbil Artola (Sorotan Bele), Roberto Moso (Zarama), Amaia Oreja, Kris Solano eta Maixa Lizarribar (Amak), Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania (Haize Arrosa), Juantxu Urkiaga (Jokaldi), Eider Saez, Mikel Markez, Etxahun Lekue eta Kukai dantza-konpainia. “Bakoitzak bere edo bere taldearen kantarik ezagunena joko du, edo abesti pare bat. Gainera, baliteke musikari batzuek elkarrekin ere abestea”, azaldu digute Lagatzuko kideek. “Musikari bakoitza bere izenean etorriko da, eta ikuskizuna egin ahal izateko, sei musikarik osatutako taldearen laguntza izango dute; talde hori ikuskizuna osoan zehar arituko da. Beste alde batetik, aipatu beharra dago Kukaik zenbait saio egingo dituela, eta oraingo honetan Etxahun Lekue ez dela bertsotan ibiliko, abesten baizik”.
Esan moduan, Kultura Bere Bidean ikuskizuna urriaren 19an izango da Zamudioko kiroldegian, iluntzeko zortzietatik aurrera. Sarrerak jadanik ipini dira salgai, 18 euroan, www.zamudio.eus webguneko “Bonoak eta jarduerak” atalean, eta hurrengo leku hauetan: Zamudioko liburu-dendan, Foteri tabernan (Larrabetzu) eta Txorierriko Baserri Antzokian eta Hiru tabernan (Derio). Guztira 900 sarrera ipini dira salgai, baina antolatzaileek adierazi dutenez, gehiago atera litezke, eskaerarik egonez gero eta horretarako aukera balego.
Egitasmoa hausnarketa-prozesu sakon baten emaitza da. “Euskara elkarteak urtero antolatzen du Lagatzu Eguna eta oso arrakastatsua izaten da. Hala ere, oraingo honetan, urteurrena dela eta, zerbait berezia egin nahi genuen Lagatzu Egunetik kanpo. Zenbait ideia izan ditugu buruan, baina gauza bat dela eta bestea dela, ezin izan ditugu horiek aurrera eraman. Orduan, Baga Bigara jo genuen, eta Ura Bere Bidean egitasmoaren antzeko ikuskizuna egiteko proposamena egin ziguten; Kultura Bere Bidean, gure kasuan. Ideia gustatu zitzaigun, eta Zamudioko Udalera ere jo genuen laguntza eske, nahiko ekitaldi «potentea» delako: euren babesa eman digute eta aurrera egitea erabaki dugu”. Ekintza arrakastatsua izatea espero dute Lagatzukoek. “Nahiko ekitaldi mamitsua da eta uste dugu horrek salmenta erraztuko duela. Beste helburu bat da herriari halako ekitaldi polita eta handia eskaintzea, eta haren bidez bai Zamudio, bai Lagatzu beste leku batzuetan ezagutzera ematea”.
Bestalde, eta Lagatzuk ere antolatuta, aurreko egunean, urriak 18, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ez gara jaitsiko ikuskizuna aurkeztuko dute, 18:00etan, Zamudioko kiroldegian. “Aspalditik eta urtero antolatzen dugun ekintza da, eta hori ere oso arrakastatsua izaten da. Sarrerak sei euroan ipiniko dira salgai elkartearen bazkideentzat, Lagatzuko lokalean,irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an, 18:00etatik 19:00etara. Bazkide bakoitzak bi sarrera erosteko aukera izango du. Gainerakoentzako sarrerak zortzi euroan salduko dira ohiko lekuetan eta udal-webgunearen bidez”.
Bizirik eta bizipozaz
Hogeita bost urtean aldaketa gutxi izan dira Lagatzu euskara elkartearen baitan, eta bere kideek aitortu dute alde horretatik nahiko «zahartuta» daudela. “Baina elkartearen bizitzari buruz hitz egiten badugu, argi dugu oraindik herriaren eta herriko elkarteen laguntza eta babesa dugula. Adibidez, ezinezkoa izango litzateke Lagatzu Eguna haien laguntza barik antolatzea, eta urtero erantzuten diote gure deiari. Beraz, talde moduan bizirik eta bizipozaz gaudela esango genuke, indartsu”. Ordezkoak topatzeko, berriz, zailtasunak dituztela adierazi dute. “Elkarte guztietan edo gehienetan gertatzen den gauza dela ikusten dugu. Izan ere, jendea prest dago egitasmoetan laguntzeko, baina asteroko dinamika batean inplikatzea beste gauza bat da; ez da erraza horretarako prest dagoen jendea topatzea. Gainera, guk edade bat dugu eta ez da erraza gazteak erakartzea, gurekin lan egin dezaten”. Horregatik kezkatzen ditu euskara elkartearen etorkizunak. Ez da erraza asmatzea, baina bitartean euskararen alde jarraituko dute lanean.