Plantak 4.000 metro karratu ditu eta, azaldu dutenez, “farmazia-industriarako proteina alternatiboen eta entzimen eskari gero eta handiagoari erantzutea ahalbidetuko du”. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiaren esanetan, “instalazioa funtsezko urratsa da ekonomia dibertsifikatuagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteko, eta islatzen du Bizkaiak Bizkaiak zentro teknologikoekin, unibertsitateekin, ekimen pribatuarekin eta Bizkaiko Foru Aldundia bezalako administrazio publikoekin lankidetzan eraiki duen berrikuntza-ekosistemaren arrakasta”. Proiektu berritzaile honen lehen urratsak BIC Bizkaian garatu ziren, eta “Bizkaiak bioteknologiaren sektorean eta inbertsiorako lurralde erakargarri moduan duen zeregina indartzen du”.
Etxanobek azpimarratu duen moduan, "inbertsio honek indarra ematen dio bioteknologiaren garapenari Bizkaian. Zergatik? Gure lurraldearentzat sektore estrategikotzat jotzen dugulako, eta Euskadiko espezializazio adimendunaren estrategian lehentasuna duen sektorea delako, gure gaitasun zientifiko-teknologikoengatik eta jarduera ekonomikoa eta kalitateko enplegua sortzeko potentzialagatik. Instalazio hau adibide argia da. Oso ondo erakusten du nola erakartzen dituen Bizkaiak inbertsioa eta talentua, nola sendotzen duen gure lekua munduan, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren arloan dugun posizioa. Cocoonek Bizkaia garatzen laguntzen du, ekonomia aurreratuago eta dibertsifikatuago baterako bidean”.
Etxanobekin batera inaugurazioan izan dira, besteak beste, Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatua; Josh Robinson eta Romy M. Dalton Cocooneko zuzendari nagusia eta eragiketa-zuzendaria hurrenez hurren; Javier García, Columbuseko bazkidea; eta Esther Apraiz, Derioko alkatea.