ZAMUDIOKO AZOKA

“Azokea lehen sektorearen benetako jaieguna izatea gura dogu”

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 29a, 09:57

Lander Aretxabaleta Jauregi, Zamudioko alkatea

Zemendiaren lehen asteburuan Zamudioko Azoka ospatuko da, lehen sektorearen alkargune garran- tzitsua dana eta urterik urte gero eta bisitari gehiago dauana. Ohikoa danez, azokearen baitan hitzordu bi izango doguz: Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka, zapatuan, eta Nekazaritza Azoka, domekan.

Mugimendu handiko asteburua izango da, beraz.

Bai, egun bi horreetan, nekazaritza eta abeltzaintzako produkturik onenak izango doguz Zamudion; baita herriko eta inguruko herrietako artisauen gozokiak eta lanak be, zapatuko Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokan. Azken horreek, ganera, X. edizinoa beteko dau. Eta jakina, limusin arrazako abelgorrien txapelketea oso garrantzitsua izango da programazinoan. Aurten, Bizkaiko XIX. Txapelketea izango dogu, emeen lehiaketea, arrena, limusin ganaduaren erakusketea, enkantea eta sariak barne. Eta ganera, iazko lez, zapatuan eskainiko dogun menuan be limusin-okela eskainiko da; aurten, sukalkian.

Zein da azokearen helburu nagusia?

Azokaren helburu nagusia da lehen sektorearentzako laguntza izatea eta azken kontsumitzaileakaz zuzeneko hartu-emona izateko erakusleihoa zabaltzea; hau da, kontsumitzaileak eta ekoizleak jai-giroan batzeko aukerea eskaintzea. Danok baloratzen dogu mahai gainean parajeko eta kalitatezko jeneroa eukitea, eta ondo dago atzean nor dagoan agertzea eta horren lana goraipatzea. Zamudioko Azoka lehen sektorearen benetako jaieguna izatea gura dogu, ekoizleen lana eta produktuak agertzeko, jai-giroan.

 

Zer ekintza egongo dira egitarauaren baitan?

Zapatuan, ohikoa dan bazkaria izango dogu, aitatu dodan menu bereziagaz. Horretaz aparte, Drunken Bros Zamudioko enpresa ekoizlearen eskutik, artisau-garagardoaren dastatze-saio komentatua be egingo da, agertoki nagusian. Domekan be dastatze-saio gehiago egongo dira, gaztaiarena eta txakolinarena, hain zuzen be. Lehiaketen aldetik, domekan zehar, euskal nekazaritzako produktu guztiak baloratzen ibiliko da epaimahaia, eta hainbat kategoriatako sariak baloratuko eta aukeratuko dira. Eta, jakina, Bizkaiko Limusin Ganadu Lehiaketak hainbat jarduera izango dauz zapatuan eta domekan. Ganera, giroa alaitzeko, aurten idi-probak egongo dira zapatuan, eta gizon-probak, domekan.

Nobedaderik egongo da?

Bai. Batetik, geure esker ona erakutsiko deutsegu lehen sektorean behar egiten daben emakumeei. Ekimen horren helburua da komunitate-sentimendua indartzea eta landa-ingurunean emakumeek betetzen daben rola baloratzea. Zehatzago esanda, gure asmoa da emakumeek lehen sektorean daukien zeregina eta egiten daben lana agertzea eta baloratzea, eta ganera, gizartearen erantzunkidetasuna sustatzeko jarduerak bultzatzea eta zabaltzea. Bestetik, zapatuko bazkarian menu barria izango dogu, eta limusin-sukalkia ez eze, indaba gorriak eta txarrikia be izango doguz, bata eta bestea “putxerak”  deritxen lapiko berezietan prestatuta. Aurten, ganera, idi-probak egongo dira zapatuan, eta domekan, gizon-probak. Era berean, iaz Puro Relajok izan eban arrakastea ikusita, aurten be herria alaituko dauan kontzertu bat ekarriko da zapatu arrastirako.

Nola atonduko da azoka-gunea?

Festaren erdigunea Kotxozulo parkea izango da, urteroko moduan. Karpa erraldoi bat izango dogu, eta bertan, ekoizleen postu guztiak ipiniko dira eta agertoki nagusi bat be, dastatze-saio komentatuak eta sari-banaketea egiteko. Bizkaiko Limusin Ganadu Lehiaketak bere karpa izango dau, eta ganaduaren erakusketea, enkantea, eta sari-banaketea egingo dira bertan.

Zenbat postu ipiniko dira?

Zapatuan, 50 postu baino gehiago izango doguz, Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokan. Herriko eta inguruko herrietako artisauak egongo dira, eta era guztietako gozokiak, txokolatea eta euskal pastela dastatzeko eta erosteko modua izango dogu. Domekan, 70 postu inguru egongo dira, eta bertan jenero freskoa: barazkiak, frutak, gaztaia, txakolina eta eztia, besteak beste. Eta hori guztia, dastatze-saio komentatuakaz batera.

Zamudioko Azokea hitzordu garrantzitsua bihurtu da lehen sektorearentzat. Aurten be herrira jentetza hurbiltzea espero dozue?

Azken urteotan, arteragoko markak hautsi doguz, eta espero dogu aurten be holantxe jarraitzea. Jentea gure azokara etorri daiten animatu gura dot, merezi dau eta. Primerako produktu ugari aurkituko dabe, danak ingurukoak eta kalitate handikoak, eta lehen sektoreagaz zuzeneko harremana izateko aukerea izango dabe ganera. Zamudion eta inguruko herrietan, zorionez, kalitate handiko produktuak ekoizten dabezan pertsonak dagoz, eta horreen lanari esker, askotariko dieta orekatu bat izan daikegu, eta aldi berean, ingurumena zaindu, 0 kilometroko produktuek ingurumenean eragin txikiena egiten dabe eta.

Zamudiora nola hurbildu gaitekez?

Bidaiatzeko modurik jasangarriena eta seguruena garraio publikoa da, eta oso zerbitzu ona daukagu Zamudion, zorionez. Beraz, beste herri batzuetatik bisitatu gura gaituenei garraio publikoa aukeratzea gomendatzen deutsegu. Edozein modutan, ohiko lekuak egongo dira autoz datozenentzat.

Hurrengo asteburuan San Martin jaiak ospatuko dozuez. Zer topatuko dogu aurten?

Adin eta gustu desbardinetako jarduerak osatzen ibili gara hilabeteotan; jaiak herriko hainbat lekutara eroango dauzan programazinoa prestatzen. Espero dogu danok be San Martin jaien edizino barri honegaz gozatzea. Hori bai, beti errespetuz, hori jaien gozamenaren parte garrantzitsuena da eta.