“Gero eta emakume gehiago ikusten ditut boxeoan”

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 19a, 11:14

Naia Diez Callado Boxeolaria

Zamudioko Boxeo Taldeak antolatuta, azaroaren 16an boxeo-borrokaldiak izan ziren udal-kiroldegian, emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko. Boxeolarien artean izan zen  zamudioztarra, herriko boxeo-taldeko kidea dena. Gazteak 16 urte ditu eta junior kategorian lehiatzen da. Kirol-ibilbidea profesional moduan egitea gustatuko litzaioke.

Zer moduz joan zen boxeo-emanaldia? Pozik?

Borroka irabazi nuen; beraz, oso ondo. Hasieran urduri ibili nintzen, jende asko zegoelako, baina asko gustatu zitzaidan esperientzia. Gainera, lehen aldia izan da Zamudion lehiatzen naizela, eta jende asko ibili zen ni animatzen.

Zer pentsatzen duzu halako ekintzak antolatzeari buruz?

Oso ondo deritzot. Izan ere, gizon boxeolari gehiago dauden ustea dago, baina nik gero eta emakume gehiago ikusten ditut kirol honetan. Gainera, halako ekintzek aukera ematen digute emakumeoi, gizonei moduan, boxeoa praktikatu ahal izateko.

Noiz hasi zinen boxeoan?

Hamabi urte nituela. Nebak boxeoa egiten zuen, baina niri, egia esan, ez zidan arretarik ematen. Gauza da ni beti izan naizela oso kirolaria, baina momentu batean kirola egiteari utzi nion. Orduan, nebak boxeoa egiten zuenez, ni ere saiatzera animatu nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Aurten hasi naiz lehian sartzen. 

Zerk erakarri zintuen?

Klubeko kide batzuk lehiaketetan ibil-tzen zirela ikusi nuen, eta ilusio handia egiten zidaten euren garaipenek. Nik ere borrokaldiak irabazi nahi nituen.  Beste alde batetik, boxeoa oso ondo dago defentsa ikasteko eta lagungarri da estresa-eta kanporatzeko. Gainera, sasoian egoten laguntzen dit.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Astelehenetik barikura entrenatzen dut, ordubete eta erdi, eta korrika ere egin behar izaten dut lehiaketako pisuari –52 kilo– eusteko. Era berean, korrika egitea inportantea da sasoi onean egoteko eta borrokaldietan ez nekatzeko. Entrenamenduei dagokienez, hasieran elkarrekin egiten ditugu beroketak, eta gero binaka ipintzen gara. Batek eskularruak janzten ditu eta besteak esaten dio nola kolpatu behar duen, edo boxeo-zakua kolpatzen dugu. Barikuak sparring-egunak izaten dira, lehian gabiltzanok praktikatu eta hobeto prestatu ahal izateko.   

Aurten lehiatzen hasi zarela aipatu duzu lehen.

Bai, zortzi boxeo-emanalditan hartu dut parte. Haietako bat izan da Bizkaiko Txapelketa: finalaurrekoa irabazi nuen, baina finala galdu; eta beste bat, Bizkaiko Opena: finalaurrekoa ere irabazi nuen.

Nolako boxeolaria zara?

Praktika menderatzen dut, hau da, ondo mugitzen naiz. Baina, entrenatzaileak esaten didanez, indar eta agresibitate handiagoa behar dut. Banoa pixkanaka-pixkanaka hobetuz.

Nola ikusten duzu zeure burua borrokaldietan?

Nire pisuko eta adineko neska baten kontra borrokatzen banaiz, ondo. Nolanahi ere, baliteke ni baino hobea den neska baten kontra borrokatu behar izatea, eta orduan aukera gutxi daude irabazteko. Edo nire maila bereko lehiakide baten kontra ibili behar badut, bada, edozein gauza gerta daiteke: ondoen egiten duenak irabazten du, eta kito. Baina, orokorrean, neure burua ondo ikusten dut borrokaldietan. 

Nolako giroa dago zuen artean?

Oso ona. Egia esan, ez dago lehia handirik geure artean. Hainbat boxeo-emanaldi egiten ditugu elkarrekin, eta azkenean lagunak gara. Ez gara ekarrekin haserretzen, eta ez dugu lehiakideari mina egiteko asmorik: bakoitza ahalik eta hoberen egiten ahalegintzen gara.

Zer gustatuko litzaizuke lortzea?

Espainiako txapelketan parte hartzea gustatuko litzaidake; ea datorren urtean aukerarik dudan! Era berean, profesionala izan nahiko nuke.

 
Merezi du

Zamudioztarra Batxilergo Orokorra egiten dabil, etorkizunean zer ikasi hobeto erabaki ahal izateko. Kontatu digunez, boxeoak ez dio denborarik ken-tzen, ez ikasteko, ezta aisialdiaz gozatzeko ere. “Ahaleginak merezi du, eta, egia esateko, ez diot gauza askori uko egin behar”. Bere ustez, gizonezko kideek onartu egiten dituzte emakumezko boxeolarien esfortzua eta kirol-lorpenak, eta publikoak ere gustura ikusten ditu emakumeen arteko boxeo-emanaldiak. 

Amaitzeko, neskak boxeoan saiatzera animatu nahi ditu. “Kanpotik ikusita, ematen du dena ezberdin dela. Nik lehen pentsatzen nuen boxeoa mutilentzat zela; orain, aldiz, ikusten dut lehen pentsaezinak ziren gauza asko  lortzen nabilela. Gainera, banakako kirola da eta, hortaz, nork bere buruarengan ipini behar du arreta zein indarra”.