Ikuskizunak kalean zein aretoetan egiten dituzue, zein da bataren eta bestearen xarma?
Bietan sentitzen gara eroso. Gehienetan a capella abesten dugu, eta aretoak aproposagoak dira kalitateaz eta armoniaz gozatzeko. Gainera, beti eskertzen da eszenografia apur bat eta argiztapenaren laguntza izatea. Kalean, berriz, biluzik gaude, baina jendearen hurbiltasuna eta beroa sentitzen dugu. Freskotasuna edozein zuzenekotan sentitzen dugu, bizirik dagoen ikuskizuna eskaintzen dugu eta; hala ere, inprobisatzeko aukera handiagoa da kalean.
Askotariko publikoa duzue: umeak zein gazteak eta helduak. Zein da sekretua?
Dugun giro ona eta freskotasuna, nire ustez. Transbertsala da, eta gure proposamenak edozein publikori ailegatzen zaizkio.
Hamabost urte beteko dituzue aurtengo maiatzean.
2010eko maiatzaren 8an estrainatu genuen Demode Quartet ikuskizuna, eta horrek nolabait eman zigun izena. Helburua zen, eta bada, nahi duguna sortzea eta publikoari eskaintzea, eta batez ere ondo sentiarazten gaituena eta disfrutatzen duguna aurrera eramatea.
Zergatik a capella?
Guretzat erronka handia izan delako. A capella abestea oso korapilatsua da, izan ere, oso ezberdinak diren lau ahots bat bihurtzeko egin beharreko lana eta enpastea ez dira makalak. Hau da, a capella abesteko, komenigarriena da bost edo sei pertsonatik gorako taldea izatea: hiru ahotsekin armonia egitea lortzen da –piano edo gitarra batekin lortzen dena–; beste ahots batekin, baxua; beste batekin, beatbox erritmoa; eta seigarrenarekin, melodia nagusia. Gu, ordea, lau kide gara eta esandako guztia lortu behar dugu. Beraz, armoniarekin pilo bat jolastu behar dugu, denetara ailegatzeko. Ez da batere erronka erraza, baina urte hauetan lortu dugu: gero eta hobeto egiten dugu.
“Oso ezberdinak diren lau ahots bat bihurtzeko egin beharreko lana eta enpastea ez dira makalak”
Umorea ere sartzen duzue ikuskizunetan, zelango balio erantsia ekartzen dizue?
Bizitzan moduan, umorea oso inportantea da ikuskizunetan. Batez ere gure buruari barre egitea erabat sanoa delako. Hala ere, horrek ez du adierazi nahi kontua arinkeriaz hartzen dugunik, ez horixe!; justu kontrakoa dela esango nuke nik. Gertatzen dena da umorea ez dagoela musika-arloan ondo ikusita eta askotan gutxietsi egiten dela. Askotan komertziala den zerbaitekin lotzen da, eta ez gara ohartzen barre eginaraztea zein zaila den. Publikoari irribarre eragitea lortzen dugunean zoriontsu sentitzen gara gu. Gainera, primeran pasatzen dugu oholtza gainean, eta hori ere kutsatzen da.
“Umorea komertziala den zerbaitekin lotzen da, eta ez gara ohartzen barre eginaraztea zein zaila den”
Hamaika ikuskizun dituzue, zein da bereziena zuentzat?
EPA! gure bigarren ikuskizuna, mugarria izan zelako: gure estiloa aurkitu genuen. Ikuskizun horretan, munduko musika-estilo guztiak gure kulturatik sortu direla frogatzen dugu, eta umorez hainbat musika-estilotan abesten ditugu euskal kantak: Maitiak, afrikar estiloan; Loa loa, Bollywooden estiloan; Bagare, samba-estiloan; Txoria txori, reggae-estiloan…
Badago alde handirik ikuskizun batetik bestera?
Aldea batez ere oinarritzat ditugun kanten zerrendari dagokio. Lehen ikuskizuna, esaterako, 80ko eta 90eko hamarkadetako klasikoetan oinarritu zen; EPA!, euskal abestietan; Musikal guztiak ia-ia, musikaletako kantetan; A kupela, munduko hainbat estilotako kanteetan… Zerrenda horrek, bestalde, ezartzen ditu abestien arteko elkarrizketen gaiak, umorea, eszenografia eta proiektatzen diren irudiak, batzuk aipatzearren.
Zein asmo duzue epe ertainera? Baduzue Ikuskizun berririk buruan?
Karteldegian ditugun musika-ikuskizunekin jarraituko dugu: A kupela, Gurpil gainean musika-kalejira eta Emakume okerrak kontzertu eszenikoa. Beste aldetik, buru-belarri gabiltza urrian estrainatuko dugun ekoizpen berrian: Hitzeko moduak formatu txikiko antzerki musikala.
Produkzio-lanak
Gaur egun, Demode Quartet osatzen dute Iker Huitzik, Santi Romanok, Joli Pascualenak eta Karlos Nguemak. Ahots-laukote moduan jaio arren, denboraren poderioz musika-ikuskizunen produktore bihurtu dira. “Bestelako gauzetan saiatzea gustatzen zaigu, eta lan bat zerotik sortzea ere badaramagu DNAn. Gainera, gutariko batzuk bagara musika-egileak, eta gure zuzendari artistikoa, Patxi Barco, gidoi-egilea da. Beraz, artista moduan, adierazteko beste modu batzuk jorratzeko nahia izan dugu”, azaldu digu Pascualenak. Horrela sortu zen euren produkziorik kuttunena: Kutsidazu bidea Ixabel musikala. “Sagastizabalen liburuan oinarrituta, Aitziber Garmendiak eta Patxik landu zuten dramaturgia, eta Iker, Santi eta hirurok abestiaz arduratu ginen. Musika-ikuskizun onenaren Max saria jaso genuen, eta jatorrizko musika onenaren sarirako ere proposatu gintuzten… Beraz, gure lehen antzerki musikalak –euskaraz, gainera– Espainiako antzerki-sari garrantzitsuena lortu zuen! Egia esan, primerako talde artistikoa eta teknikoa izan genuen, eta hori ere oso lagungarria izan zen”.
Kutsidazu bidea Ixabel lanaren ostean etorri ziren beste ekoizpen batzuk: Itsatsita, Emakume okerrak, Porrutata eta Iparragirre, bihotzeko Joxemari, tartean. Bestalde, La voz telebista-saioan parte hartu zuten 2022an, eta coach-ak zein publikoa aho bete hortz utzi zituzten. “Aipatutako ekoizpenen ostean, oso ondo etorri zitzaigun La voz saioan parte hartzea, laukoteari hasierako garrantzia berriro emateko. Oso esperientzia positiboa izan zen, jakinda, noski, mota horretako programetan protagonistak coach-ak direla, eta zu, programarako beste osagai bat. Hori onartu, eta laukotea bultzatzeko aukeratzat hartu genuen. Primeran pasatu genuen, eta, beraz, esperientzia on-ona izan zen guretzat”.