Ederragoa da mundua

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 27a, 13:19

Mundua edertzen ibili dira Zamudioko Bertoko elkartearen musikari gazteak. Izan ere, “Mundua edertzen” egitasmoaren baitan, Lapurdiko Makea herriko gazteekin batera landu dituzte kantak, erritmoak eta koreografiak. Maiatzaren 25ean, gainera, ikuskizun ederra egin zuten Zamudiotorren, egitasmoaren emaitza jendaurrean erakusteko.

"Mundua edertzen” egitasmoa Makea herrian sortu zen, eta harrezkero ikastaroak egin dira Iruñean, Ligin (Zuberoa) eta Baigorrin (Behenafarroa). Aurten Bizkaira zabaldu da, Zamudiora hain zuzen. “Aspalditik bagenuen halako zerbait egiteko gogoa, baina ez genuen momentu egokia topatzen, edo ez genuen ikusten erraza zenik horrelako jende gaztea harrapatzea”, azaldu dute Itsaso Arrieta eta Katalin Zarate irakasleek eta proiektuaren arduradunek. “Makeako Jostakin elkarteko arduradunek deitu ziguten galdetzeko ea balitekeen gu hara joatea bertako umeei ikastaroa ematera. Baina pentsatu genuen guretzat interesgarriagoa zela hemengo jendea inplikatzea eta haien eta gure artean bide apur bat egitea; Iparraldea eta Hegoaldea batzea. Era berean, garrantzitsutzat jo genuen gure gazteak gure kulturan apur bat murgiltzea, ze kanten atzean informazio pilo bat dago, eta zer izan garen ulertu behar da gaurkoa ulertzeko eta geroa eraikitzeko”. 

Egitasmoan zazpi urtetik 16 urtera bitarteko 17 umek eta gaztetxok hartu dute parte: Bertokoko bederatzi ikaslek eta Jostakin elkarteko zortzi ikaslek. Unax Guerrero, Enaitz Alonso, Uxue de la Fuente eta Ariane Guerricagoitia dira Txorierriko partaideetako batzuk. Irakasleek zein ikasleek 10eko esperientzia izan dela adierazi dute. “Makeako lagunekin abestu dugu, dantzatu, gosaldu, afaldu, ondo pasatu, lo egin…”, kontatu dute ikasleek.  Iparraldekoak maiatzaren 24an eta 25ean izan ziren Zamudion, baina hori baino lehen, Bertokoko ikasleek lau eskola-saio egin zituzten lau abesti hauek ikasteko: Mundua eder, Alegrantziaren aldeko konjura, Ala kinkirrin eta Lurretik zeruraino.

Irakasleen esanetan, ikasleek ez zituzten kantak aurretik ezagutzen. “Kantak Bertokokook aukeratu ditugu, landu ondoren, Makeako ikasleei irakasteko. Haien artean zerikusia duten abestiak izan dira. Azken batean, guztion artean mundua zein eder egiten dugun adierazten dute. Euskarak eta euskal kulturak batu gaituzte Makeakoak eta gu, eta kantetan isla dute euskarak, berdintasunak, lagunek…”. Abestiak eta haien koreografia ikasita, maiatzeko azken asteburuan Lapurdikoekin batu ziren egitasmoa borobiltzeko. “Zapatu goizean ailegatu ziren. Hasieran apur bat urduri ibili ginen, ez genituelako ezagutzen”, esan dute ikasleek. “Baina gero elkarri hitz egin genion, eta lasaitu ginen. Kantak eta koreografiak irakasteaz gainera, haiekin jolastu egin gara, paella jan, abestu, Kultur Etxean koltxoiak atondu elkarrekin lo egiteko, trikitia jo, gosaldu, entseatu, bazkaldu…”.

Jai-giroan

Asteburua jai-giroan eman zuten, eta, hortaz, ederto pasatu zuten. Ikasitakoa senideen, Bertokoko gainerako kideen eta herritarren aurrean aurkeztu zuten domeka goizean. “Landutako lau kantez gainera, Makeakoek bi abesti kantatu zituzten; guk ez genekien horiek kantatuko zituztenik. Ondo pasatu genuen. Gainera, argiak-eta ipini genituen, eta nahiko emanaldi profesional irten zen. Gustura ibili ginen”. Bazkaldu ostean, elkarri agur esateko unea ailegatu zen. “Abesteak elkartu gaitu, eta esperientzia ona izan da, beste herri bateko jendea ezagutu dugulako eta euskaraz pentsatu dugulako. Era berean, elkarri entzunez elkarrekin abesten ikasi dugu”. Irakasleek ere oso positibotzat jo dute egitasmoa. “Guk ere asko ikasi dugu haiengandik. Adibidez, hasieratik izan dute argi geuk Makeakoak hartu behar genituela, eta ondorioz, oso harrera ona egin diete. Helduak direla erakutsi dute, eta egon behar denean badakitela egoten, onartzen eta errespetatzen. Oso anfitrioi onak izan dira, eta euren onena eman dute”.

Lerro hauek idaztean oraindik harremanetan dabiltza Makeakoekin, eta ikasleek zein irakasleek esan digute hara joateko gogoa dutela eta esperientzia errepikatu nahiko luketela. Horretarako aukera noiz izango duten ez dakite, baina bitartean irribarretsu azaltzen dira bizi izandakoa gogora ekartzen dutenean. Izan ere, euskara eta euskal kultura lagun, euren aletxoa jarri dute mundua ederrago egiteko.