Derioko Lagun Onak Txokoa:"Txoko gutxik izango dute hemengo mugimendua"

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 16a, 10:29
Testua: Bestorrene
Derioko Lagun Onak Txokoak 30. urteurrena ospatu du aurten, 1976eko abenduaren 8an inauguratu baitzuten. Bere sorreraz eta ibilbideaz gehiago jakin gurean, Gorka Zallo presidentearengana eta Jabier Zubieta sortzaileetariko batengana jo dugu. Noiz eta nortzuek sortu zenuten txokoa? Vista Alegre auzotik txikiteoan ibiltzen ginen taldea 1975ean hasi ginen biltzen, zerbait egin nahian. Derioko hirigunea sei etxe besterik ez ziren orduan. Hamabiren bat lagunek osatutako batzordea sortu genuen, non eta noiz egin erabakitzeko. Lagun bati eta neuri beste txoko batzuei buruzko informazioa biltzea tokatu zitzaigun: zein zen funtzionamendua, barne estatutuak eta abar. Garai horretan edozein batzar egiteko, baimena eskatu behar zen “gobernazioan”, zer tratatuko zen aurretik azalduz. Bakoitzak 6.000 pezeta jarri genuela uste dut, eta lokalerako mailegua eskatu genuen. Zalantza batzuk izan genituen; emakumeak txokora noiz sartu, esate baterako. Azkenean igandero sartu ahal izatea erabaki genuen; beste txoko batzuetan urtean behin zeukaten. Geroago aldaketa batzuk egin dira, egunero sartu ahal izateko. Umeak edo hamazortzi urtetik beherakoak ezin ziren txokora sartu lehen, eta gaur egun igandeetan etor daitezke gurenera. Beste txokorik bazegoen hemendik? Bai, On bide txokoa. Baina hori eliteko txokoa zen, orduko agintarien txokoa: alkatea, albaitaria eta abar. Zenbat bazkide zarete? Hasiera batean 50 bazkide hartu genuen mugatzat. Eta 30 lagun inguru hasi ginen, baina lehen urtean bete zen. Bazkide-kopurua handitu, eta, azkenean, 60 bazkide hartu genuen mugatzat. Gaur egun kopuru horrekin jarraitzen dugu. Bazkide berria izateko, idatzizko eskaera egin, eta bazkide biren laguntza izan behar da. Bajaren bat dagoenean asuntoa batzarrera eramaten da, eta botazioaren bidez egiten da. Baja denaren familiarrek lehentasuna dute. Arazorik izan duzue inoiz? Bai. Inoiz bai, hasieran. Berton kolore politiko guztietakoak gaude, eta garai gatazkatsuak ziren hasierako urteak. Nahi eta nahi ez, hori arlo guztietara eramaten zen. Gainera, nahikoa zen batzarkide batek bazkide-gai baten kontra egitea (bola beltza atera), hori txokoan ez onartzeko. Kasu batean gertatu zen eta geroztik aldatu egin ditugu estatutuak. Gaur egun heren batek eman beharko luke ezetza, bazkide berria ez onartzeko. Zein da txokoaren erabilpen maila? Handia, oso handia. Garaiak daude, baina normalean egunero dago zerbait, eta ekintza asko, asteburuetan. Orain gutxiago, baina garai batean gastronomia txapelketetan parte hartzen genuen. Beste alde batetik, txokoko bazkide askok hainbat sari eskuratu dituzte txapelketetan. Hasieran mus, tute... txapelketak antolatzen genituen, txokoa animatzeko. Baina gaur egun ez da beharrezkoa, berez dago eguneroko animazioa. Gutxik izango dute hemengo mugimendua. Arrazoia espazioa izan daiteke, lokal handia dugu-eta: 360ren bat metro karratu. Eta badakizu lekua izango duzula ia beti. Hain txoko handiak gutxi daude. Batzuetan, 100tik gora lagunak izanez gero,apur bat estu bazkaltzen dugu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).