Lasaitasun artetik paseatzea, naturarekin kontaktuan egotea momentu oro, loreak, zuhaitzak, tximeletak, bakea arnastea eta aukerarik izanez gero lurrean etzan eta begiak itxi isiltasuna entzuten…Orduak eta orduak emango nituzke giro paregabe horretan, baina ametsak, ametsak dira eta esnatzeak, bortitzak. Begiak irekitzean orain segundo bi berde zen koadroa, indusmakinek; zaratek eta poluzioak apaindu dute, etengabe aldatzen doan pintura da. Lehen berde-berdea, orain marroia eta grisa, eta laster etxebizitzek eta golf zelaiak eskaintzen duten kolore aukera anitz horrek apainduko du berregindako koadroa.
Gure poltsikoek bolumena hartu duten heinean, etxebizitzak eta hainbat aukera kultural edo kirol eskaintza loratu dira, horien artean “Golfaren kulturaâ€dago, basoak suntsitzea eta zelai berde-berdeak eraikitzeaz gain etengabeko ur galera eratzen du “kirol†honek. Nola aldatu diren garaiak…Lehen jendeak sokatira praktikatzen zuen herriko plazetan, herriaren bihotzean ospatzen zen ekitaldia zen, orain berriz, soka makilarengatik eta 18 zuloko zelaiengatik izan da aldatua. Denborak aurrera etengabe.
Koadroa berde-berdea eta honen barnean ura norabide guztietan banatzen duten ihinztagailuak, bitartean telebistan lehortea ekiditeko jakin beharreko zenbait pausu, ez al da hau hipokresia hutsa? Egunero ehunka litro xahutu, lehortea areagotzen den heinean? Benetan beharrezkoak al dira golf zelaiak? Hil ala bizikoak? Noren aberastasunerako dira? Denon eskura al daude? Eta zertarako gehiago eraiki? Erantzunik gabeko galderak dira, batzuen mesedetarako eraikitako industria, lurraren espekulazioa…
Etxebizitzak, zarata, porlana, golf zelaiak, uraren galera, etab… Guzti honek milurteko basoak suntsitzen ditu, zanpatu eta isildu. Arnasteko leku gabe geratzen ari gara, lasaitasunez beteriko bazterrik gabe, eta Txorierriko inguruak aldaketa bortitz horren adibide argia dira. Bilbo hiritik, Santo Domingo ganara heltzean bertan haranaren edertasuna sumatu daiteke, edertasun zauritua bere bihotzean orban handi bat duelarik, Derioko Mantuliz auzoan golf zelai berri baten proiektuak eta ehunka etxebizitzen lehen pausuak eragindako zauri latza, “Esmeralda oihanaren†suntsipena, koadro berdearen iluntzea,… Oraindik proiektua da, baina laster errealitatea izango da eta orduan ez da atzera pausurik izango, zauria geroz eta sakonagoa baita.
Agur gaztainondoei, agur pagadiei, ongi etorri porlanaren garaiari!