Pedro Bilbao Arrietakoaren ahotik jaso dut esaldi hori, Amerikara ardi-jagole joan zenarenetik. Pedro izatez, euskalduna da, euskaraduna, globalizazio aroan ere, doala doan lekura unibertsoa euskal bilakatzen duena; hizkuntzaren kanpaiari euskal hotsa, berbotsa ateratzen diona.
Gaur egun, kanpaien aldekoak nahiz aurkakoak dira gure artean. Derion bizi den Urlia elizara hurreratu da, abade parrokoari kanpaiak isilarazteko eskatuz, ezin egin duela lorik-eta. Ez daki, hurrean, bera Derioratu aurretik, bazela euskararen kanpaia.
Sandiaren eta Berendiaren seme-alaba hamazortzi urtekoak erdaraz bizi dira, euskaraz ikasi arren. Gurasoen kanpaia egunero dabil ekinean saminez errepikaturik: “Egizue euskaraz, ba!â€. Gazteok, ordea, gor, krudel guraso euskaldunei erdal kanpai hotsak jotzen ze, “Mihin bako arrana, sasiak jan!†dio esaera zaharrak. Lehenago ere, Angeluseko kanpaiak entzutean, txapela erantzirik sinestedunak errezoa, aldameneko astoak, ordea, ederrak belarriak, baina ahoa belarrera.
Aspaldiko urteetan, bestalde, herriaren ahoa kanpaiak izan ohi ziren. Landetako ardien edo basabehien arranaren nagusia dorreko kanpaia zen. Zoli-zoli entzun zitekeen kilometroetara haren din-dana. Gure egunotan, ordea, jo egiten dira Txori Herrietako kanpaiak, baina eurek baino dezibelio handiagoko hotsa sortzen dute beste tramankulu eta makinatzar askok.
Eskerrak Txorierrin Aikor kanpai handia entzuten dugula. Jabi Agirrek “jubilaroa†berba polita sorturik 69. Aikorreko kanpaiak zabaldu du herririk herri, beste hamaikatxo albiste interesgarrirekin batera.
Sarri, aro digital honetan, urruneko kanpaiak entzuten ditugu hurrago geureak baino, Txinakoak edo Kontxintxinakoak. Hala ere, tinko baieztatuko dugu: “Hizkuntza bakoitzak bere barruan du herri horren muin eta esentzia, esango genuke. Hizkuntzaz aparte ba omen dira beste berezitasun batzuk; baina, nire ustez, euskara adinakorik ez duguâ€. (Jesus Altuna antropologoak 59. Administrazioa Euskaraz aldizkarian).
Arrietako Pedro artzainak euskal kultura zabaltzen du, euskaraz pentsatzen du –ingelesa ere jakinik-, kanpaiari euskal hotsa ateratzen dio. Zelan, bestela burutara etorri: Idaho, airean joan eta behea jo?