Bakoren bazterra: Gure glosario txikia (I)

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 16a, 15:13
Testua: Iñaki Suarez, sumillerra
Denbora luzea emon dugu ardoaren gaineko hausnarketak, grinak eta desadostasunak alkarrekin partekatzen. Era berean, termino berezi batzuk erabili ditugu: batzuk ezagunak izan daitekez; beste batzuk, nahasiak; eta beste batzuekin ez gara gogoratzen, beharbada. Horregaitik gonbidatzen zaituet ardoaren gaineko gure glosario txikia osatzera. Bertan artikuluetan agertu diran terminoak batuko ditugu, edo kaletik entzuten ditugunak. Baina jakina, aikor!lagunak, hau hitzaurre xumea izango da, denboraren poderioz betetzen joango garena. Bizia: Ardo arina, atsegina, ahotik igarotzean azkartasun-sentsazioa emoten dauena, baina konplexua ez dana. Atsegina: Glizerina eta hondar-azukrearen maila egokia dabe eta ondorioz, atseginak dira ahotik sartu eta igarotzean. Ertza: Beste sentsazioekin bat egiten ez dauen sentsazioa eta ardoaren armonia asaldatzen dauena. Batzuetan “(...)aren puntak” espresioa erabiltzen da, ertzak azaltzeko. Arropea: Muztioaren deshidratazio partzialetik –sutan edo Maria bainuan– lortutako produktua. Azukreak karamelatu eta muztioari kolore iluna emoten deutso. Leuna: Ardoa ez da mihitik irristatzen ahotik igarotzean, baina, hala ere, ez da garratza. “Zeta-antzeko” eta “landu” terminoak ere erabiltzen dira. Kapa: Ardoaren kolorearen intentsitatea. Kapa oneko ardoak kolore bizia dau. Kontrakoari “hustua” esaten jako. Konplexua: Zapore eta aroma aldetik sentsazio sorta zabala transmititzen dauen ardoa. Gorputza: Eskeletoak, haragiak eta zainak osatzen dabe ardoaren gorputza. Eskeletoa ardoaren estruktura izango zan eta haragiak haren gantzutasuna azalduko eban. Zaina garraztasunaren bidez azalduko zan. Dotorea: Fintasuna eta klasea dituan ardoa. Egokia, landua eta neurrigabekeriarik ez dauen ardoa da. Bilakatua: Denboraren poderioz aldaketak izan dituan ardoa. Termino hori akatsak azaltzeko erabiltzen da orokorrean; hau da, neurriz kanpoko bilakaerea edo desegokia.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).