Josetxo Riviere, Gizonduz ekimenaren idazkaritza teknikoaren kidea:

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 18a, 10:16
Testua eta argazkia: Gaizka Eguskiza
“Garai, adin eta herri guztietan dago desberdintasuna” Bortizkeria gero eta emakume gehiago jasaten dutela entzuten da. Baina genero indarkeria sexuen arteko desberdintasunaren alderdi bat baino ez da. Mugimendu feminista eta erakundeak horren kontrako borrokaren buru ditugu. Gizonduz ekimenaren kide batzuk Derion bildu ziren sinadurak batu eta gizonak inplikatzeko asmoz. Zertarako balio du sinadura batzeak? Bortizkeriaren kontrako adierazpena da eta sinatzen dutenek konpromiso pertsonala hartzen dute. Gainera, udalerri bakoitzeko gizonak mugiarazi eta hausnartzea nahi dugu. Gizonok gizartearen zati bat gara eta batzuetan desberdintasunari dagokionez beste leku batera begiratu dugu. Gizonok pribilegioak ditugu gizartean, baina Gizonduz ekimenekooi ez zaizkigu gustatzen. Nolako erantzuna izan duzue? Hiriburuetan ondo, eta herri txikietan okerrago, noski. Dena dela, nahiko pozik gaude. Batzuetan sinadura kopurua baino, jasotako erantzuna da garrantzitsuagoa, hau da, ea gizonek horren inguruan eztabaidatu eta hausnartzen duten. Momentuz 5.000 atxikimendu inguru ditugu eta datorren urterako 10.000 lortzea espero dugu. Zergatik gizonak soilik? Emakume batzuek ere ez dute ulertzen. Emakume guztiek aspaldian dute argi gizartea aldatu behar dena. Beraz, gizonak faltan ditugu atxikitzeko. Eurek ere konpromisoa hartu behar dute. Desberdintasuna geure arazoa ere badela uste dugu gizonok? Arazoa konpontzeko iniziatiba emakumeen eskuetan dagoela uste izan dugu gizonok orain arte. Gizonduz ekimenetik, aldiz, pentsatzen dugu emakumeen protagonismoa errespetatu behar dela, baina guk geuk parte hartu behar dugula, indarkeria salatzeko, batez ere. Aurrera doa benetan berdintasuna lortzeko bidea? Bai. Duela 40 urte emakume batek ezin izan zuen kontu korrontea ireki bere izenean, esaterako. Gaur egun, pentsaezina da, baina gaur egun lanpostu berean gizonek gehiago kobratzen dute emakumeek baino. Eta hori 40 urte barru ere pentsaezina izango da, agian. Aurrera pausoak eman arren, argi dago ez direla nahikoak izan, berdintasuna lortu ez baita. Legea aproposa da? Zer eskatuko zenieke politikariei? Legeak bidea ezartzen du, baina gizarteak horrekin bat egin behar du, bestela jai dugu. Eta Gizonduz ekimena horixe bera saiatu egiten da. Gizonengan aldaketa bultzatzen dituen programak sustatu behar dituzte politikariek; lege hurbilak, eragina zuzena izateko: sensibilizazio kanpainak zabaldu behar dira hedabideetan, gizonekin egon, hitz egin… Desberdintasun arloan, genero indarkeria da gehien ikusten den arazoa, baina ez bakarra… Bai, zoritxarrez gizon askok uste dute emakumearen jabeak direla. Berdintasuna lortuz gero, horrelako jarrerak ekidin ahal izango ziren. Desberdintasuna egon badago gaur egun: emakume gehiago daude langabezian, gutxiago kobratzen dute lanpostu berean, bortizkeria jasaten dute...; gizonek, aldiz, aisirako denbora gehiago dugu, kargu garrantzitsu gehienetan gaude.... Genero indarkeriari buruzko txostena argitaratu da. Bere ondorioetako bat gazteek bortizkeria psikologikoa identifikatzen ez dutela izan da. Kezkagarria, ezta? Bai, ahalegin handiak egin behar izan ditu mugimendu feministak indarkeria psikologikoa salatzeko. Bortizkeriatzat ematen ez bada, nekez konponduko da arazoa. Gazteen artean jarrera txar antzekoak agertu dira, eta horrek esan nahi du lan gogorra dugu egiteko oraindik. Beste alde batetik, txosten horren arabera gazteek uste dute bikote nagusien –eta ez gazteen- artean gertatzen dela bortizkeria. Hori ere kezkagarria da. Oro har, txostena oso erabilgarria da lan egiteko bidea ezartzen duelako. Desberdintasuna garai, adin eta herri guztietan dago. Zer egin daiteke bortizkeria inguruan dagoenean ekidin edo salatzeko? Tratu txarrak jasotzen dituenak egoera horretatik atera behar du, eta horretarako, eskura izan behar ditu erakundeek eskaintzen dituzten giza-baliabide guztiak. Bakoitzak zer egin ahal duen? Lehenik eta behin esan behar zaio bortizkeria erabiltzen duenari txarto egiten duela. Eurek konturatu behar dute horrelako jarrerak onartezinak direla eta gizartean atxikimendurik ez duela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).