Emakumea eta baserria

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 24a, 10:03
Mari Carmen Llona Derioko Aretxagane baserrikoa da, eta Fermin Atelagaz ezkondu zanetik soloa lantzea da bere lana. Berrogeita hiru urte pasau dira ordutik hona. Eguna goiz hasten da Aretxagane baserrian; askoz goizago lehen, ganadua be euki eben eta. “Senarra goizeko 6etan altxaten zan behiak jasteko eta abereez arduratzeko. Beharretik arrastiko 3etan heltzen zan, eta 5etan, barriro solora”. Iluntzera arte. Izan be, soloak ez dau ordutegiz ulertzen; eta askoz gitxiago, jaiegunez. “Egundo ez gara joan oporretara”. Negutegiak dagoz Aretxaganen, baina ortuariak kanpoan be landatzen ditue. Danetarik hartzen dabe: zerbak, patatak, porruak, kinpulinak, berakatzak, lekak, indabak, artoa, eskarolak, txikoria... Orain lurra prestatzen dabilz, hurrengo sasoiari begira patatak, kinpulak, porruak... landatzeko. Hori guztia antxinako moduan egiten jarraitzen dabe: ez dabe produktu kimikorik erabilten. Uda idorra euki dogu eta uzta ez da izan espero bezain ona. Halanbe, oso udagoien euritsua egin dau eta, ondorioz, usteldu egin dira landara asko. Baina hurrengoa uzta hobeagoa izateko itxaropena dau Mari Carmenek. “Eguraldiari adi egoten gara, klimatologiara egokitu beharra daukagu”. Kuarta-tenporei jarraitzen deutsee oraindino, eta, esan deuskuenez, asmau egiten dabe. “Senarrak sua egiten dau eta haizeak nora joten dauan, jakiten dogu eguraldi ona edo txarra egingo dauen”. Kooperatibak, etorkizuna Mari Carmenek saltoki bat dauka Bilboko Erriberako plazan. Hogeita hamar urte daroaz bertara joaten saltzera, eta ezin dala kexau dino. “Aurrera jarraitzeko ateraten dogu”. Halanda be, eta kalitatearen aldeko apustua egiten daben bezeroak egon arren, salmentak gitxitu egin dira orokorrean. Handizka saltzaile asko dagoz eta ekoizle txikiek prezioak jaitsi beharra izaten dabe lehiakorrak izango badira. Ganera, gaur egungo krisi ekonomikoak be ez dau asko laguntzen. “Plazea orain 25 urte inguru egoan goren puntuan, uholdeak izan baino lehen; orduan bai egiten genduzala salmenta onak”. Bere iritziz, oso laguntza gitxi jasoten dau ekoizle txikiak erakundeen aldetik. “Egon, badagoz laguntzak, teorian-edo. Hareetako bat eskatzen dozunean, trabak baino ez deutsuezalako ipinten. Eta akabuan, laguntza barik lotzen zara. Handiei emoten deutseez”. Horregaitik baltz ikusten dau nekazaritza sektorearen etorkizuna; ez da arlo erakargarria gazteentzat. “Ekoizle txikiok dogun konponbide bakarra kooperatibak sortzea da, ustiapenek ekarten dituen gastuei aurre egin gura badeutsegu”. Emakumeak behar isila egin dau baserrian mende luzeetan: sukaldean, soloan, kortan, seme-alabak hazten... Askotan ahazten dogun beharra, gitxitan baloratzen dana. “Gutaz ahazten dira lehen sektorean”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).