Udaberria

Aikor aldizkaria 2009ko api. 27a, 08:37

Testua: Inés Serrano, filosofia zalea

Bai, badakit topiko bat dela, urtero datorrela, eta mila gauza dakarrela, besteak beste alergiak eta enparauak. Baina zer gura duzue esatea, aizue, aurten fuerte etorri da, eta jaso baino ezin da egin, etorri bezala, gogoz eta indarrez. Eta, betiko moduan, zer pentsatu ere ekarri dit, hausnartzeko paradatxoa edo. Betiko moduan. Lehengo eta behin, sentipena. Izan ere naturarekin gero eta lotura gutxiago duen gizartean, gure herri txiki, jator eta goxo honetan ez duzu El Corte Ingles-en beharrik udaberria bertan dagoela jakiteko; bazter guztietan igartzen baita bere agerrera. Haitzen artean hazitako zuhaizka txiki eta fina balitz bezala, lur eremu zabal eta emankorrean landatu ostean egun gutxitan zuztarrak sakon luzatu eta kimu eta hostotxoak berehalakoan eskaintzen dituena. Kementsua. Denboraren ideia ere ekarri dit gogora. Denboraren kontzepzio lineala (hasiera-amaiera) abiapuntutzat duen kultura honekin alderatuta, zikloen segida askoz erakargarriagoa dela iruditzen zait. Natura zikloka adierazten da, bere joan-etorriekin, gauzak errepikatzen edo berrizten, betiereko itzuleran. Eta nago gizakia ere zikloka bizi dela, ezin duela munduko gertaeretatik jarraipen lineal horren arabera zeozer garbirik atera, aldibereko esperientzia multzo moduan ezpada, bere osotasunean ulertu nahi badu, behintzat. Baina sarritan, denboraren neurri artifizialetan hain murgilduta bizi denez, enteratu ere ez dela egiten ematen du. Jakintsuago izan behar. Udaberriak oparitu didan beste ulertasuna aldakortasunarena da. Eder, gazte, fin edo aberats mantendu nahi duen gizartean gauzak aldatu egiten direla baino esaldi egiazkoagorik ez dago. Ezer ez da betikoa naturan. Harriek ere, denboraren poderioz, itxura ere aldatu egiten dute. Bainatzen garen erreka sekula ez da berbera izaten. Baina gu konturatu ez, aspertzen gara betiko ikuskeraz eta betiko jarrerez, ohartu gabe beti dagoela zeozer desberdin, zeozer berria. Eta, hala ere, bizi ditugun momentuak gorde gurean gabiltza, sentipenak ontziratzen, oroimenak biziarazi. Agian ziurtasuna ematen digulako, eta datorrenak, ezezaguna izaki, gehiegi beldurtzen gaituelako. Ausarta izan behar, natura bezala, ardura larregirik gabe. Laburbilduz, eskerrak burua galtzea maite dugun adiskideontzat sasoi paregabea heldu zaigula hain hausnarketa lehor eta sakonak modu dibertigarriagoan praktikan ipintzeko. Beraz, nagiak atera, neguaren ajeak astindu, bizipen berriei leku egin eta udaberri honek dakarkiguna hartu, merezi baldin badu. Udaberri on!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).