Derioko bost lagunek munduan zehar egindako bidaiak kontatu dizkigute herriko bost leku ezberdinetan. Berbaldiak “D5K, Derioztarrak bost kontinenteetan†ekimenaren barruan eskaini dituzte.
Olatzek hasiera eman zien berbaldiei astelehenean. Kubara eroan gintuen, Habanara. Bidaia Karibeko itsaso urdinetik haratago joan zen; kubatarren bizimoduan barrena, hain zuzen ere. Ezin hobeto erakutsi zigun turistek disfrutatzen duten Habana, eta bertakoek bizi dutena. Blokeoa gaindituz, oinarrizko beharrizanak betetzeak ekartzen duena; kultura, hezkuntza eta medikuntza aldetik duten maila ikaragarria. Kubatarren espiritua ulertzeko, esaldi bi jarri zituen hangoen ahotan: “Zaharrak gazteen atzeguardia dira†eta “Kuban ez dugu soberan duguna ematen, baizik eta dugun apurra banatu egiten duguâ€. Patxada handiko herria izanda ere, denek dute zeregin bat, eta besteekin zer konpartitu. Eta jakina, dantza eta musika edonon ikus daitezke.
Mari Carmen eta Jose Angelekin Nord-Kappera jon ginen asteartean. Suedian hasita, paisaiak lasaitasunera gonbidatzen du. Muino txikiak, pinuak eta urkiak, lakuak, gorriz pintatutako egurrezko etxeak... bideetan inor ez dabil arin. Herriak eta hiriak aproposak dira bizikletaz paseatzeko. Stockholm hiri ederrean irlak eta itsasoa ditugu, alde zaharra eta modernoa, txalupak, museoak... den-dena ondo zaindua, lorategiz betea.
Mapan gora, desagertzen doa gaua. Zirkulu polarra gurutzatu eta Sami herrira (Laponia) ailegatu gara. Elur-oreinak edozein momentutan ager daitezke bide erdian. Une batean, Finlandian; gero, Norvegian; eta itsasoa berriro. Laster Nord-Kappera helduko gara. Bidea amaitu da, ezin da iparralderago joan. Milaka bisitari auto-karabanaz eta autobusez etorri dira. Guztiak gaueko 12ak noiz jo zain daude. Lainorik ezean eguzkia sartzen doa, eta itsasoa ukitu baino lehen, igotzen hasten da berriro: “gauerdiko eguzkia daâ€. Itzuli behar. Norvegia basatia da, ederra. Fiordoak, ur-jauziak edonon, bide estuak, kurbak, tunelak... astuna gidatzeko. Oslon derrigorrezko geldiunea egin behar da: Munch pintorea, Giveland parkeko eskultura biluziak, eski saltoko instalazioak... Guztira, 12.000 kilometroko bidaia da, baina merezi du.
Prisa barik
Asteazkenean Kristinaren txanda izan zen. Aldaketa nabarmena, Hegoafrikara joan baikinen. Kamioia hartu, eta Namibiarantz. Paisaia zoragarriak eta animaliak nongura: errinozeronteak, lehoiak, gepardoak, jirafak, ñuak eta elefanteak. Basamortu itzela da, itsasoraino. Eta hondartza handian hezurrak eta fokak daude, fokak eta fokak. Kayukoak. Safaria oinez egin dugu. Segurtasun-neurri bakarra hau da: “korrika egiten badut, zuek ere egin korrika nire atzetikâ€. Padurak eta eltxoak. Lataz egindako txabolak daude herrian. Umeen aurpegiak, argazki zoragarriak. Animaliak gauero etortzen dira kanpineko putzura. Hotza dago gauetan, eta beroa eguerdietan. Egunsenti ederrak. Kolore-festa ikaragarria; gorria, bizi-bizia. Ilargia eta eguzkia batera daude. Lasaitasuna, baretasuna. Eta gosea. Jateko gutxi dago; baina kakahueteak, nongura. Victoriako ur-jauziak itzelak dira, luze-luzeak eta basati-basatiak. Eguzkiak itsasoa besarkatzen du. Afrika da.
Atotzen eskutik New Yorkera abiatu ginen ostegunean. Izaera ezberdinetako auzoen deskribapena egin zigun. Ezagunena Manhattan da: Central Park famatua, New Yorken “birikiaâ€; finantza-gunea; etxe orratz izugarriak; Empire State; 0 gunea; Chinatown; Guggenheim museoa... Brooklyn auzorik populatuena da: bi milioi eta erdi biztanle du! Eta Bronx, arriskutsuena: banden arteko borrokak ohikoak dira han. Gidak autobusetik ez jaisteko aholkua eman die turistei, baina jaitsi behar, artelanak diren graffitiei argazkiak egiteko. Hain berezia den hirian arraza eta kultura guztietako jendea dago: zuriak, beltzak, latinoak, txinatarrak, juduak, kristauak, budistak, argal gutxi eta lodi ugari, famatuak leku guztietan, finantzako andre-gizonak alde batetik bestera korrika... Zelako nahaste-borrastea eta estresa! Turista bezala ikustea merezi duen hiria da, baina ez ei da gomendagarria bertan bizitzeko.
Mari Carmen eta Julenen furgoneta ostiralean hartu genuen, eta Asian zehar 10 hilabetean ibili ginen, prisa barik. Europa amaitu eta Turkian sartu gara. Gero, Kurdistanen, Iranen, Pakistanen, Ladakhen, Katxemiran, Nepalen eta Indian. Eremu zabalak dira, kilometro askokoak. Beste kulturak ikusi ditugu, beste erlijioak, janzkerak, aurpegiak... Baina guztiak atseginak dira, abegikorrak; geu baino askoz gehiago. Hainbeste bizipen laburtzea ez da erreza eta argazki ikusgarriek laguntzen digute behar horretan. Edozein lekutan dute autoa konpontzeko abilidade ikusgarria: piezak lortu ezin badituzte, eurek egiten dituzte. Bidaiaren sorpresarik handiena Iranen topatu genuen: emakumeen “egoki†jantzi beharra... Baina zein jende atsegina! Kultua, etxera gonbidatzen zaituena. Nepal ikusgarria da, India... Hala ere, arriskutsuegia da azken herrialde horretatik gidatzea. Hizkuntza arazoa da, baina elkarri uler diezaiokegu, eta lagunak egin.
Amaitu da aurtengo bidaia; gehiago etorriko dira. Esaldiak dion bezala, “txapela buruan eta ibili munduanâ€. Eta gero, kontatu.