Interneten arriskuak, adingabekoentzat

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:41
Internet tresna berria da helduontzat. Denboraren poderioz, ohitura hartu eta ikasi dugu sarea erabiltzen. Umeek, ordea, ohiko kidetzat dute: lapitza edo telebista bezala. Onura handia ekarri ahal du Internetek, baita arriskuak ere. Eta hori guztia aztertu dute 2010eko Internet Seguruaren Nazioarteko Egunean. Internet Seguru baten aldeko Europako Sareak antolatutako ekimena otsailaren 9an egin zen. Aurten adingabekoentzat Interneten desegokiak diren eduki zein irudien zabaltzearen prebentzioa izan dute mintzagai. Horren haritik, “Umeen segurtasuna eta adingabekoen ohiturak Interneten” ikerketa eman da ezagutzera. Txostenaren egile izan dira Umeen Pornografiaren Aurkako Ekintza Gobernuz Kanpoko Elkartea eta Babestu Itzazu erakundea. Txostena egiteko, Internet maiz erabiltzen duten 10 urtetik 17 urtera bitarteko 4.000 neska eta mutili galdetu diete Estatuan. Gazteen %54k erantzun du ez duela inolako informaziorik jaso oinarrizko segurtasun arauei buruz. Horrela, %30ek bere telefono zenbakia eman du Interneten, eta %16k bere etxeko helbidea. Gainera, ikerketaren emaitzen arabera, inkestatutakoen %28 webgune pornografikoetan sartzen da; %38, indarkeriazko edukiak dituzten webguneetan; eta %16, eduki arrazista edo xenofoboa duten webguneetan. Era berean, Internet sarritan erabiltzen duten adingabekoen %44k sexu-jazarpena sentitu du noizbait; eta %11k irainak edo probokazioak jasan ditu beste internautengandik. Hala ere, %1,5ek baino ez du esan beldurra sentitu duela noizbait. Ikerketan aholku batzuk luzatu zaizkie gurasoei. Esate baterako, seme-alabekin Interneten era seguruan nabigatzeko garrantziari buruz hitz egin; gaztetxoei jakinarazi ezin dietela daturik eman gizarte-sareetan ezagutu dituzten pertsonei, edo mezu beldurgarriei erantzun; ordenagailuaren erabilera-arauak umeekin adostu; nabigazio seguruko programak instalatu eta pasahitz zailak ezarri; webkamararik ez jarri; eraso edo proposamen desegokiko susmo txikienaren aurrean, gurasoei esan ... Helduei ez ezik, adingabekoei zuzendutako gomendioak ere ohartarazi dituzte txostenean. Adibidez, ‘spama’ ez hartu kontuan; norberaren edo familiaren datuak ez eman; ezezagunei ez bidali argazkiak; chat guneetan webkamerarik ez erabili; gizarte sareetako ezezagunak laguntzat ez onartu; eta ezezagunekin zitarik ez hitzartu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).