Derioko Ostalaritza Elkartea orain dela hiru urte sortu zen, hango hiru tabernak eta Udalak bultzaturik. Gaur egun, 36 kide daude elkartean; tabernak, jatetxeak eta pubak, tartean. Maria José Eduardo elkartearen presidenteak eta Santos Nuñez presidente ohiak eman digute sektorearen egoeraren berri.
Zertarako sortu da elkartea?
Gure helburu nagusia herriko ostalaritza dinamizatzea da. Lehen, ez zegoen inongo loturarik gure artean, eta, gaur egun, ostalaritza-establezimenduen %97 gara elkarteko kide. Elkarteari esker, ideiak trukatzen ditugu elkarrekin, eta aukera izaten dugu arazoei edo geure jarduerari dagozkion erabakiei era koherenteago batean heltzeko. Gainera, erantzuna ematen diegu elkartekideen zalantzei, eta parte hartzen dugu gugan eragina duten udal arauen onarpenetan.
Ostalaritza sektorea sasoi onean dago herrian?
Mugimendu handia dago; beste herrietan baino askoz handiagoa. Bertokoak ez ezik alboko herrietakoak ere etortzen dira gure establezimenduetara, zerbait edatera, pintxoren bat jatera... Gainera, Deriok Teknologia Parkea eta industrialdeak ditu hurbil, eta hango langile asko gurera etortzen dira bazkaltzera edo kafe bat hartzera. Asteburu gauetan ere mugimendua izaten da herrian. Txokoan afaldu ostean, koparen bat hartzera irteten dira asko.
Krisia bereziki nabarituko duzue, ezta?
Bai. Gurea aisialdiari lotutako sektorea da eta, jendeak gastuak murriztu behar baditu, sektore honetan murrizten ditu. Hala ere, ez dio irteteari uko nahi izaten, eta, lehen hiru garagardo edaten bazituen, hiru zurito hartzen ditu orain.
Zeintzuk abantaila ditu elkartekidea izateak?
Guztion artean indar handiagoa dugu, Udalarekin arazoak konpontzeko edo dirulaguntzak lortzeko. Horrezaz gainera, kideek informazio zabalagoa dute udal arauei buruz, elkartetik ematen zaielako haien berri. Eta kideren batek Udalarekin edo auzokideekin arazorik izanez gero, bitartekari lana egiten dugu. Auzokideekin ondo konpontzea ezinbestekoa da eta horretarako argi eduki behar dugu udal arauak bete egin behar direla.
Oso zorrotza da udal arautegia?
Alboko herrietakoen antzekoa da. Udalarekin eta alkatearekin dugun harremana bikaina da. Era egokian konponduko ditugu beti geure arteko arazoak. Eta sektoreari dagozkion arau berriak egin direnean, geuk ere hartu dugu parte prozesuan.
Zer eskaintzen diezue bezeroei?
Lehen baino askoz kalitate eta barietate handiagoa. Ostalaritza lokalak arauetara egokitzen joan dira eta modernizatu egin dira. Gaur egun, guztiek dituzte elbarrientzako komuna, larrialdietako atea, su-itzalgailuak, soinu-intsonorizazioa... Horrek guztiak eragina izaten du bezeroengan zein auzokideengan.
Eta gastronomia eskaintzari dagokionez?
Kalitate eta barietate handia duten jatetxeak eta pintxo tabernak ditugu. Bezeroek aukera zabala dute gurean: eguneko menua edo plater konbinatuak jatea, pintxotan ibiltzea edo janaria etxera eramatea, banaka batzuk aipatzearren.
Herriko ostalaritza dinamizatzea helburu duzuela aipatu duzue lehen, nola?
Soinez soin gabiltza lanean herriko dendariekin, eta iaz Merkataritza eta Ostalaritza Gida atera genuen batera. Horren bidez, herriak eskaintzen dituen zerbitzuak eman nahi izan ditugu ezagutzera, eta bezero berriak egin. Era berean, bidaiak eta elikagai sortak zozketatu ditugu. Martxoan, olio eta txakolin dastatzea egin genuen “Derio Dastatu†kanpainaren barruan, eta laster ardo dastatzea eta pintxo lehiaketa antolatzeko asmoa dugu. Jardueron helburua da giroa sortzea eta jendea tragoren bat hartzera animatzea. Beste alde batetik, aparkalekurik eza arazo handia da Derion, eta horri zelan egin aurre aztertzen gabiltza.
Taldeak eta Elkarteak
Derio