Jose Ramon Elorriaga, DEES alkarteko presidentea: “Jentea oso solidarioa da, eta hori oso pozgarria da”

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 10:11
Urtarrilean, elikagaien banku bat ipini zan martxan Derion. Derioko Elikagaien Elkarte Solidarioak (DEES) kudeatzen dau banku hori, eta 130 pertsonari emoten deutse zerbitzua. Bankuko presidenteak emon deuskuz zehaztasunak. Orain dala gitxi jantoki soziala zabaldu zan herrian; elikagaien bankua, joan dan hilean. Ia 6.000 biztanle gara Derion, eta badago beharrizana. Bankuak 40 familiari baino gehiagori emoten deutse zerbitzua; 130 herritarri, gitxi gorabehera. Asko da hori. Zelan etorri zan elikagaien bankua sortzeko ideia? Bizkaiko Elikagaien Bankutik etorri jakun proposamena. Zerbitzuaz baliatzen diran derioztarrek Zorrotzaurreraino joan behar izaten eben elikagai bila, eta gastu bat ekarten eutsen horrek. Gastu hori ekiditeko, Derion elikagaien banku bat martxan ipintea proposatu euskuen. Zerbitzuaz herriko alkarte bat arduratu ahal izango zala esan euskuen, edo alkarte barri bat sortu zan horretarako. Azkenean, Derioko Elikagaien Elkarte Solidarioa eratu genduan. Zein da elikagaien bankuaren funtzionamentua? Elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankutik jasoko doguz hilabetean behin. Banaketea, beraz, hilabetean behin egingo da. Udal langileak joaten dira elikagaien bila, eta Udalak itxi deuskun lokal batera eroaten ditue. Beste alde batetik, aitatu behar da beste elikagai-sorta bat jasoko dogula lau hilabeterik behin, Europatik etorriko dana. Sobran dagozan elikagaiak dira, antza. Zuek antolatzen dozue zenbat jagokon pertsona edo familia bakotxari. Zelan egiten dozue hori? Bizkaiko Elikagaien Bankuak momentu bakotxean daukazan baliabideen arabera jasoko dogu elikagai motak eta kantidadeak. Lehenengo aldiz urtarrilean banatu doguz elikagaiak, eta horretarako kontuan hartu doguz, besteak beste, zeintzuk beharrizan daukazan familia bakotxak, zenbat kide diran, zenbat urte daukezan... Personako lau kilo emon dira. Lekaleak, esnekiak, kontserbak... izan dira, hilabete pare bat iraun leikien produktuak. Elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankutik jasoten dozuezala esan dozu, baina dohaintzarik egin gura badau herritarren edo negozioren batek? Egin dabe dagoaneko. Herritar batzuek dirua emon deuskue eta elikagaiak erosteko erabili dogu. Horrela osatu ahal izango dogu Bizkaiko Elikagaien Bankuaren eskaintzea. Esnetik kooperatibak be produktuak bialdu deuskuz eta Ipar-Alde abesbatzak Gabonetan zozketaturiko saskiko produktuak emon deuskuz, ez zalako irabazlerik egon. Jentea oso solidarioa da eta hori oso pozgarria da guretzat. Bizkaiko Elikagaien Bankutik personako lau kilo jasoten bada, esate beterako, bada, dohaintza horreei esker, 4,5 kilo emon ahal deutsegu; bost kilo... Zuekaz harremanetan ipinteko? Gizarte laguntzailearen edo gizarte-ongizate arloaren bitartez egin daiteke. Edo zuzenean jo daiteke gugana. Lokala oso leku diskretu baten ipini da. Ez dozue esan gura non, erabiltzaileen anonimatua errespetetako. Zein da hareen profila? Adin ertaineko lagunak dira. Egia da badagozala etorkinak, baina batzuk derioztarrak dira, herrian jaioak edo berton urteak daroezanak. Hasieran pentsau genduan kostauko litxakiela elikagai bila etortea, beharbada. Gauza bat dalako Zorrotzaurrera joatea, bertan ez zaitu inork ezagutzen... Eta beste bat herrian bertan hartzea elikagaiok. Derio oso herri txikia da eta alkar ezagutzen dogu guztiok... Baina ez; guztiak etorri dira eta oso pozik azaldu dira. Esan bezala, 130 laguni emoten deutsezue zerbitzua. Aurreikusi dozue pertsona gehiagok beharko dabela zerbitzua? Egia esateko, ez dakigu. Baina baten batek behar badau, gizarte laguntzaileagaz ipini leiteke hartu-emonetan. Berak aztertzen dau kasu bakotxa. Zerbitzua behar dabenen zerrendea bialtzen dau Bizkaiko Elikagaien Bankura, eta gero zerrenda horren arabera emoten deuskuz Bankuak elikagaiak. Hamar kide zarie DEES alkartean. Laguntasunik behar? Momentuz, ez. Urte akabuan beharko da, ziur asko, laguntasuna. Janaria batzen dau orduan Bizkaiko Elikagaien Bankuak, eta mesedegarria izango litzateke 40 lagun inguru batzea. Bilketeak egun bi irauten dau, eta hiru edo lau laguneko taldeak osatu ahal izango lirateke horrela, supermerkaduetan txandaka ibilteko. Orain arte Sutondoan alkarteko emakumeak ibili dira elikagaiak batzen, eta ez dakigu hemendik aurrera geuri esango deuskuen. Edozein kasutan, laguntasuna beharko da. Lehen esan dozu jentea oso solidarioa dala. Zuek be parte-hartze aktiboa dozue herrian. Alkartea barria dan arren, alkateko kideok ezagunak zarie. DEES Odol Argia alkarteko kideek eta neuk osatzen dogu. Odol-emoileen alkarteak urteak daroaz beharrean, eta neuk Santimamiko jaien antolakuntzan hartzen dot parte. Bai, ezagunak gara herrian.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).