Batzar nagusi berezia izan da aurten San Isidro Derioko ermandadeak ospatu duena. Berezia, mende erdia pasatu delako elkartea eratu zenetik. Ermandadea bederatzi lagunek sortu zuten eta haietariko bi oraindik bizirik daude. Horiei eta beste biren emazteei omenalditxoa egin diete martxoan.
Jabier Zubietak azaldu digun moduan, ermandadeari buruz dauden lehenengo aktak 1963ko abendukoak dira. Data horretan herriko bederatzi lagun batu ziren helburu hau zutela: elkarte bat sortzea, hileta batek dakartzan gastuak haren kide guztien artean ordaintzeko. Estatutuak egin zituzten eta gainontzeko herritarrei eman zieten egitasmoaren berri. Ermandadea hurrengo urteko urtarrilean jarri zen martxan, eta harekin 249 lagunek egin zuten bat.
Senide bat hiltzen denean oso momentu mingarria eta delikatua da. Era berean, erabakiak hartu behar diren momentua da. Ermandadeak kontratu bat dauka ehorztetxe batekin eta bera arduratzen da hileta baterako beharrezkoak diren zerbitzu guztiez, baita egin beharreko izapide guztiez ere. “Besteak beste, hauek daude ehorztetxeak ematen dizkigun zerbitzuen barruan: hilkutxa –hiru eredu daude aukeran-, hileta-autoa, tanatorioa, ehorzketa edo errausketa, eskelak... Sartzen ez diren gauza bi bakarrak loreak eta egunkarian eskela ipintzea dira”.
Ermandadeak 903 bazkide zituen 2013ko abenduaren 31n. “Bazkide bakoitzak kuota bat ordaintzen du, aurtengoa 46 eurokoa da, eta kuota horrek familiaren kide guztiak hartzen ditu barne, familia bakoitzak duen kide-kopurua bata edo bestea dela ere. Hau da, guk familia-unitateak hartzen ditugu kontuan eta kasu batean, esate baterako, familia-unitatea pertsona bakar batek osa dezake, eta beste kasu batean, bost kidek”. Familiaren kideetariko bat emantzipatzen denean ermandadeak eskaintzen dituen zerbitzuetatik kanpo geratzen da. Zerbitzu horietaz baliatzen segitu nahiko balu, familia-unitate berri bat bezala eman beharko luke izena.
Derioztarra izan behar da San Isidro ermandadeko kidea izateko. Hala ere, orain dela urte batzuk estatutuak aldatu zituzten beste herri batera bizi izatera joaten direnek ermandadeko kideak izaten jarraitu ahal izateko. “Bizileku berria zein den sei hilabeteren buruan jakinarazi behar digute”.
Iaz ermandadeko 25 kide hil ziren eta hileta bakoitzak batez beste 1.520 euro balio izan zuen. “Ermandadeak ehorztetxearekin kontratu bat adostuta edukitzeak hiletaren kostuak merkatzen ditu. Eta aseguru batekin alderatzen badugu, biek dena lotuta izatearen lasaitasuna ematen dizuten arren, ermandadeak merkeagoa izaten jarraitzen du. Hemen ez dugu kidearen adina kontuan hartzen eta ordaindu beharreko diru-kopurua berdina da guztiontzat. Gainera, harreman estua dago gure artean”.
Alta gehiago
San Isidro ermandadeak kontratatutako ehorztetxeak Bizkaian soilik ematen ditu bere zerbitzuak. Beraz, zer gertatzen da hildakoa gure lurraldetik kanpo bizi bada, edo oporretan edo beste autonomia erkidego batean zegoela hil bada? “Aukera bi daude: alde batetik, gorpua Bizkaira ekartzea. Kasu honetan, ehorztetxearekin adosten da gorpua probintziako zein herritara ekarriko den, eta ondoren ehorztetxea arduratuko da arduratu beharreko guztiaz. Eta bestetik, hildakoa Bizkaitik kanpo lurperatu edo erraustu. Hala egiten bada, hiletaren gastuen fakturaren fotokopia ekarri behar digute. Guk azken sei hileta hartuko ditugu erreferentziatzat eta batez bestekoa aterako dugu. Hildakoaren familiari ateratzen den diru-kopurua ordainduko diogu. Hileta garestiagoa atera bada, aldea haien poltsikotik jarri beharko dute; eta merkeagoa izan bada, haiek ordaindutako diru-kopurua emango diegu”.
Urterik urte ermandadeak alta gehiago ditu bajak baino. Ahoz ahozkoak zerikusi handia du horretan. “Seme-alabek etxetik alde egiten dutenean, gurasoek animatu egiten dituzte ermandadean jarraitzera. Beste batzuk gure kideen lagunak, auzokideak... dira. Ez dugu publizitatea egiteko ohiturarik, baina urteurrena aukera egokia izan daiteke derioztarrak gugana hurbildu eta eskaintzen ditugun zerbitzuak ezagutzera emateko. Berrogeita hamar urte bete ditugu eta horrek abala ematen digu. Gure telefonora deitu ahal dute, eta momentu horretan ezin badiegu erantzun, guk deituko diegu beranduago”. Telefono zenbakia 688 68 51 78 da.
Taldeak eta Elkarteak
Derio