Jose Luis Korta, arraun entrenatzailea: “Nire garaipenik onena, hainbeste urtean lehenengo postuetan ibili izana”

Aikor aldizkaria 2014ko api. 28a, 15:41
t: Gaizka Eguzkitza / a: EiTB
Hurbila, berritsua eta sutsua. Telebistan ikusten dugun bezalakoa da Jose Luis Korta (Orio, 1949). Gipuzkoarrak ibilbide oparoa du arraunketan, eta azken bolada honetan telebista-saio bati esker askoz ezagunagoa da. Korta Deriora etorri da, kirola eta euskarari buruz hitz egitera. Derion euskara eta kirola izan zenituen mintzagai. Nolako garrantzia izan dute horiek biek zeure bizitzan? Biak izan dira garrantzitsuak. Euskara beti egon da nire bizitzan. Txikitan, Orion, euskaraz egiten genuen, nahiz eta eskolako maisuek horrelakorik nahi ez izan. 1976an Kaiku klubera joan nintzen, Sestao aldera, eta bertan euskara gutxiago egiten zen. Gaur egun, ordea, egoera erabat ezberdina da eta askoz gehiago egiten da euskaraz, eta hori oso polita da. Era berean, itsasaldean jaio nintzen eta arraunean eman dut bizitza osoa. Ez dut futbolariek beste diru irabazi, baina tira, familia mantentzeko gauza izan naiz. Bizitza osoa eman duzu arraunketan: hainbeste klub, bandera... Zein izan da zure lorpenik handiena? Eta etsipenik handiena? Ezin dizut garaipen bakar bat aipatu. Sakrifizio handiak eta lan ikaragarria egin behar izan ditut. Nire garaipenik onena hainbeste urtean arraunketan lehenengo postuetan ibili izana da. Horregatik zorion handikoa izan naiz. Era berean, ez dut zorte handirik izan, txapelketa asko eta asko zorte txarrarengatik ihes egin zaizkidalako. Esate baterako, azken urteotan Kaikuk irabazi dituenak baino Kontxako bandera gehiago irabazi behar izan ditu, eta horrek amorrua ematen dit. Baina tira, gertatu zaizkidan gauza onekin geldituko naiz. 1980ean Joko Olinpikoetan ibili zinen, Moskun. Zelango esperientzia izan zen? Oso ona. Gaztetan Estatuko txapelduna izan nintzen skiff kategorian. Espainiako federazioak aukeratu ohi ninduen Olinpiadetara eta Munduko txapelketetara joateko, baina ni ezin nintzen joan. Izan ere, horrek ez zidan jaten ematen; arraunketak, bai, ordea. Beraz, estropadak aukeratzen nituen. Hala ere, 1980eko Olinpiadetara joateko aukera izan nuen. Primeran pasatu genuen eta Mosku ezagutu genuen. Tamalez, zazpigarren postuan bukatu genuen eta ezin izan nuen dominarik lortu. Laster hasiko da arraunketaren denboraldia. Zelan ikusten duzu? Zaila da... Iaz Kaikukoa tripulaziorik onena izan zen Ligan, eta gero laugarren postuan bukatu genuen Kontxan. Aurten talde berria dugu eta ez dakit zelan ibiliko garen. Zigortuta zaude, dopina arraunketan dagoela adierazi izanagatik. Hori kontuan izanda, zelan biziko duzu denboraldia? Aurten ez daukat fitxarik, baina nire lana berdin-berdin jarraituko dut egiten. ACT Liga negozio handia da, baina galdera hauxe da: zenbat diru bideratzen dute klubetara? Batere ez. Errazena niri zigorra jartzea da. Eurek pozik jarraitzen dute, egoerak berdin-berdin jarraitzen badu ere. Ez dute ezer ere egiten dopinaren kontra borrokatzeko. Eta dopina egon badago, arraunketan eta kirol guztietan eta inork ez du ezer egiten. Eta, agian, gutxi dira dopina bultzatzen dutenak, baina horrek kaltea ekartzen dio kirolari, eta batez ere arraunlariei, pozoia ematen dietelako. Zergatik kobratzen dute dirutza klubetako medikuek? Ura emateagatik ez da izango... Hori ez da kirola, eta hori kirola bada, nik ez dut horrekin zerikusirik izan nahi. Borroka honetan bakarrik sentitzen naiz, baina jarraituko dut. Eta arraunlari bakar bat salbatzen badut, nahiko, pozik ibiliko naiz. Munduko konkistatzailea Estropadez eta banderez gainera, Jose Luis Korta beste abentura batean ibili da murgilduta azken zortzi urteotan, EiTB-ko El conquistador del fin del mundo saioan, hain zuzen ere. Erronka bota zioten eta, noski, oriotarrak onartu egin zuen. “Oporretan ezohiko lekuetara joateko gogoa nuen, biziraupen-saioak egiteko eta bertako jendea ezagutzeko: oihana, basamortua... Telebistarena sortu zen eta ez nuen birritan pentsatu”. Kortak aitortu digun moduan, saioa izugarri gogorra da; are gehiago, “ematen duen baino gogorragoa”. “Aurten Iguazu ur-jauzietan ibili gara. Lekua zoragarria da, baina oporretan joateko (kar, kar). Nik izugarri sufritu dut, janaririk ez zegoelako. Egun batzuetan zorabiatuta ibili naiz”. Agian horregatik ez du saioan berriro parte-hartzeko asmorik. “Gaur egun 65 urte ditut eta nire garaia pasatu egin da. Orain, gazteen txanda da”. Baina benetakoa da bertan gertatzen dena? Arraunlari ohiak argi eta garbi erantzun digu. “Bai horixe! Batzuetan kontziente gara kamerez inguratuta gaudela, baina beste batzuetan, ez. Batzuetan, lasai gaudenean, txorakeriak egiten ditugu kameren aurrean. Juanito Oiarzabal eta biok itsusiaren eta gaiztoaren paperak jokatzen ditugu. Ez dakit nor den nor (kar, kar)... Gu ez gara inoiz isiltzen eta azkar-azkar haserretzen gara, eta horretarako gaude hor, horrek saltzen duelako”. Ibilbidea Klubak –Orio (1968-1972, 1991-1997). –Lasarte-Michelin (1973-1975). –Kaiku (1976-1987, 2008-...). –Zierbena (1988-1990). –Castro Urdiales (1998-2007). Palmaresa –16 Kontxako Bandera. –10 Espainiako Traineru Txapelketa –Espainiako zortziko txapelketa 1. –10 Espainiako skiff txapelketa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).