Francis Díez, Doctor Deseoren abeslaria: “Bira festa handia izaten ari da, desiratzen genuen kontzertua”

Aikor aldizkaria 2014ko urr. 10a, 14:43
Busco en tus labios… lo mejor del Deseo birak Deriora ekarri zuen Doctor Deseo taldea irailean. Publikoak erantzun ezin hobea eman zion, betiko moduan, eszenatoki gainean bere onena eman zuen taldeari. Birari ekin zeniotenetik 20 kontzertu baino gehiago eman dituzue Euskal Herrian eta Espainian. Zelan zabiltzate pasatzen? Festa handia izaten ari da benetan, ospakizun bat. Bira hasi baino lehen esan genuen moduan, hau desiratzen genuen kontzertua da. Eta oso modu zuzen batean nabaritu dugu kontzertuetara etorri direnek disfrutatu egin dutela, eta guk haiekin. Zer moduz Derion? Eszenatokia Reincidentes Sevillako taldearekin partekatu genuen eta jendetza egon zen, eta ageriko sentsazioak. Haiek bezalako taldeekin eszenatokia partekatzea luxu eta bizigarri bat da beti. Hitz egin zuen azken lanari buruz: Busco en tus labios… lo mejor del Deseo. Gogo handiz egindako lana da, izan ere, ekarpen ezberdin bat egin nahi genuen, gehiago eskaini. Alde batetik, DVD bat egin dugu eta han, iazko biran, antzoki nagusietan grabatutako abestiak sartu ditugu, baita askotan izaten garen lekuetan grabatutakoak ere, hala nola Zorrotzako gaztetxean; Sangüesen, Donostiako jaietan; RazzMatazz Bartzelonako aretoan; edo San Mamés zaharrean. Bestalde, dokumental bat ere sartu dugu lanean. Musikariek, kazetariek, idazleek, zaleek, taldearen lehengo kideek eta gu geuk Doctor Deseori buruz dugun ikuspuntua azaltzen dugu bertan. Taldearekin egindako lana da, baina taldetik kanpo. Eta azkenik, estudioan grabatutako hiru abesti, bide berriak zabaltzen dituztenak. Lanak liburu-itxura du; horrela % 21eko BEZa saihestu egin duzue. Bai. Liburu-formaturako BEZa % 4koa da eta horrek aukera ematen dizu luxuzko lan bat – liburua, CDa eta DVDa- CD arrunt baten prezioan editatzeko. Irudimeneko egintza izan da kultura munduak jaso duen erasoaren aurrean. Busco en tus labios abestiak hasiera eman zion Doctor Deseoren ibilbideari. Eta haren bertsio berria egin duzue azken lanari begira… Abesti horri esker lehiaketa bat irabazi eta lehen diskoa grabatu genuen. Grabazio hori orain entzuten bada, nahiko kaskarra da, jakina. Baina, gure ustez, bazuen zerbait gaur egungoa zena. Abestia birmoldatu egin dugu, oso indar berezia eman diogu eta hasiera bilakatu da berriro; aurtengo biraren kontzertuen hasiera. Ia hiru hamarkada daramatzazue eszenatoki gainean. Zein da sekretua? Gainera, kontuan hartuta, zuen hitzetan, zuek ez zaretela “etorkizuneko talde bat”… Horrek zerikusia eduki ahal du, beharbada. Oraina denak emanda bizi izatea, momentu bakoitza, eta helburuak ahaztu. Gure nahia hau dela jakitea: gogor lan egin eta ahaleginean gure onena ematea; gure lana mimatzea, eta horretarako, behar baino gehiago ez nekatzea. Eta gure burua ez nekatzea ere bai. Eta barruraino sartzen diren hizkiak, sentimenduak… beharbada. Nirea den, ezagutzen dudan, eremu batean nabil beti bila; eta eremu hori guztiona da aldi berean. Jendearekin emozioak eta sentimenduak partekatu, horiek piztu… ahal izatearen arrazoietariko bat hori izan daiteke, beharbada. Busco en tus labios… lo mejor del Deseo zuen 14. lana da. Nahi duzuen lekuan zaudete? Nahi duguna egiten gabiltza eta publikoaren erantzuna gero eta hobea da. Nahi duguna egiten jarraituko dugu. Bilatzen jarraituko dugu, jolasten. Talde feministatzat duzue zuen burua. Feminista izatea normala izan beharko litzateke gaur egun. Feminismoak ikuspuntu ezberdina ematen du bizitzari buruz, harremanei buruz, politikari buruz… Gure aldetik, saiatzen gara gogorarazten, gauden lekuan bagaude, hori emakume askoren eta gizon batzuen borrokari esker dela; oraindik bide luzea dugula aurretik, eta duguna feminismoari zor diogula. Eta zelan tratatzen ditu musika-munduak emakumeak? Euskal Herrian, adibidez? Euskal Herriko musika-panoramak etengabe egiten du gora eta panorama horretako zatirik aktiboena eta sormen handiena duena emakumeei dagokie. Hala ere, zifrei erreparatu baino ez da egin behar, oraindik lan handia egin behar dela ikusteko. Birara bueltatuz, azaroan Mexikora joango zarete. Zelako harrera du Doctor Deseok Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo? Mexikon eromena da benetan. Oso pasio handia azaltzen dute, berton baino handiagoa. Hirugarren aldia da azteken herrira joango garena eta espero dugu pasio hori gure bira guztietan azaltzen jarraitzea. Birari urtarrilean emango diozue amaiera, Bilbon. Ondoren? Publikoa albo batera utzi eta buru-belarri ekingo diogu hurrengo lanari, 2016an kaleratuko dena. Eta birari agur esateko, behar bezalako jaia egingo dugu Santana aretoan. Hori goizeko zazpiak arte dugu gordeta, eta sorpresa asko egongo dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).