Miren de Miguel, sopranoa: “Ezin ikusizkoak diren emakumeei ahotsa ipintzeko beharra daukat”

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 18a, 09:40
Miren de Miguel soprano eta aktoreak Tutte Contro Verdi opera-ikuskizuna aurkeztu zigun joan den hilean, Derion. Antzerki- eta musika-lan bat da, kabaret-ukitua duena. Parmako egilearen lanetan emakumeek duten papera kritikatzen da bertan. Zein da Tutte Contro Verdi lanaren arrazoia? 2012. urtean sortu nuen, Alhóndiga Bilbaok sorkuntzarako emandako laguntzari esker, Zorrotzaurreko ZAWP proiektuaren babesa nuela. Grina handia dut operarako, baina, aldi berean, opera-libretoetan badago izugarri gogaitzen nauen joera bat, emakume protagonistei dagokiena eta etengabe errepikatzen dena: emakumeak etengabe hiltzen dituzte, gaizki tratatzen dituzte, edota hiltzera behartzen dituzte beren senarrari, aitari, aberriari… dioten maitasunagatik. Dikotomia hori islatu nahi nuen proiektuan, nire barruan dagoen gatazka hori, soprano izatearen eta emakume izatearen artekoa, eszenara eraman. Ellas trilogiaren zati bat da. Nire antzerki- eta musika-proiektuen egilea edo egilekidea naizen aldetik, nolabaiteko beharra sentitzen dut kulturari ekarpen handia egin arren ezin ikusizkoak diren emakumeei ahotsa ipintzeko; agerian jarri nahi ditut beste arrazoiren bategatik ospetsu egin diren emakumeak, gizonek sortutakoak diren emakume-pertsonaiak, maitasun erromantikoan murgilduta dauden eta handik ihes egiteko zailtasunak dituzten emakumeak… Hain zuzen ere, horregatik hautatu nuen Linda Lee Porter So in love kabaret-lanerako. Cole Porter musikagilearen emazte leiala izan zen, Cole homosexuala izan arren, eta nolabait haren karreraren gidaria ere izan zen. Beste alde batetik, Tutte Contro Verdi Giuseppina Strepponi sopranoarengan dago inspiratua. Hura Verdiren bigarren emaztea eta kolaboratzailerik leialena izan zen. Trilogiaren hirugarren lana, Quédate mis tetas y devuélveme mi dignidad, 2015-2016 denboraldirako estreinatuko da. Emma du protagonista, bere zazpi bekatu nagusiei, bere zazpi gizonei, aurre egin behar dien emakume bat. Gizon horiek eurengan islatu den estereotipoaren arabera lagundu dute Emma sortzen. Aita gularen sinboloa da; senarra, inbidiarena; neba, alferkeriarena… Eta amarengan batzen dira bekatu guztiak. Euskarri emozionala da ama, eta, elkarri ulertzeko arazoak badituzte ere, bene-benetan maite dute elkar. Emma krisian sartzen da, eta bere buruhauste emozionala apurtzea erabakitzen du. Eusko Jaurlaritzak beka bat eman zidan iaz, gidoia eta muntatzea garatzeko, eta buru-belarri nabil horretan. Arriagako “Cuartitos” atalean estreinatuko da. Feminismoak pisu handia du zure lanean. Ezin dut neure alderdi soziala neure sorkuntza artistikotik bereizi. Emakumeok oraindik ere pairatzen ditugun berdintasun faltari eta indarkeriari irtenbidea topatzeko beharra daukat. Arketipoek funtzionatzen dute operan eta antzerkian, baina artistok ezin ditugu begiak itxi gizarteak helarazten duen emakumearen prototipoaren aurrean, edo beste albo batera begiratu geure arazoa izango ez balitz bezala. Hor konpon bakoitza bere kontzientziarekin! Zelako euskarria da artea aldarrikapen feministarako? Egoerak modu subjektiboago batean agerian jartzeko aukera ematen digu. Era berean, hausnarketara bultzatzen ditu ikusleak, eta inputak ematen dizkigu, beste gizon eta emakume batzuek arazoa azter dezaten edo aurrera jarrai dezaten arazo horri buruzko lanak egiten. Arazoa zenbat eta gehiago erakutsi, orduan eta normalizatuago egongo da eta gero eta tabu txikiago izango da. Gutxiengoen ikuskizuna omen da opera; Bilbon, hala ere, oso handia da ABAOren abonamendua eskuratzeko eskaria. Zergatik gertatzen da paradoxa hori? Athletic bezalakoa da opera, nire ustez: zalea zara edo ez zara; asetzen zaitu edo ez zaitu asetzen. Antza denez, elite batentzat da opera, adin handiko publikoarentzat. Baina musika transformatzen duen alkimia da. Musikagile handien musika zoragarriak, ahots pribilegiatuek eta gero eta garaikideagoak diren eszenaratzeek opera ikusteko aukera ez galtzera bultzatzen dituzte poltsikoan 50 edo 60 euro daukaten lagunak. Zaila da operako abeslari moduan trebatzea? Oso. Kontserbatorioan ikasi dut, eta ikastaroak egin ditut, gainera, hainbat hiri, herrialde eta eskolatan. Gose-aldiak igaro ditut, eta zailtasun askori egin behar izan diet aurre, baina banuen helburu argi bat: neure ahotsa menderatzen ikastea. Eta horretan jarraitzen dut; izan ere, ahotsa aldatu egiten da urteak bete ahala, eta errepertorio ezberdin batera egokitzen joaten gara. Operatik ihes egin Miren de Miguel, operako abeslaria ez ezik, aktorea, ama, sortzaile feminista, biolin-jotzailea… ere bada. Operari dagokionez, Madrilen egin zituen lehenengo urratsak, eta arte dramatikoa ere bertan ikasi zuen, J.C. Corazzaren eskolan. Madriletik Italiara joan zen, Verdiren hirira, Parmara, eta aholku baliotsuak jaso zituen han abeslari handien ahotik. Antzerki garaikidea ikasten ere jarraitu zuen. “Ia hamar urte eman nituen neure bokazioari bakarrik eskaintzen denbora. Baina neure ideia teatralak sortzeko beharra sentitzen hasi nintzen, eta kabaretari ekin nion. Operaren diziplina gogorretik ihes egiteko, beharbada”. Bilbora itzuli zen, “haurdun nengoela, lehenengo alaba jaiotzeko baitzegoen orduan, eta ilusio eta ezagutza artistiko handiagoekin”. 2009. urtetik hona ZAWP egitasmo artistiko eta sozialean hartzen du parte, Zorrotzaurren, eta han garatzen ditu bere ideiak eta egitasmoak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).