Juan Carlos Alonso, psikologoa: “Frustrazioa inportantea da autoestimu positiboa izateko”

Aikor aldizkaria 2016ko ots. 29a, 11:40
Psikologo donostiarra heziketan da aditua eta otsailean hitzaldi-sorta bati eman dio hasiera Derion. Hitzaldiak datozen hilabeteotan ere eskainiko ditu eta, besteak beste, gai hauek jorratuko ditu: seme-alabei autoritatea zelan txertatu, seme-alaben emozioak zelan landu eta teknologia berriak. Hitzaldiek gurasoei seme-alabak era egokian hezitzeko lagungarriak izan daitezkeen estrategiak eta erremintak ematea dute helburu. Seme-alabak haztea ez da lan erraza. Umeek ez dakarte argibide-libururik eta, gainera, gurasoek jasotako heziketa eta informazioa ez ezik beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan, hala nola eskola eta gizartearen balioak. Eta gurasoek ere badaukate beren egoera. Ez da erraza, ez, baina inportanteena oinarri batzuk edukitzea da. Dena dela, gakoa ez da izugarrizko teoriak edo trikimailu magikoak erabiltzea, baizik eta sen ona erabiltzea. Heziketa hori era kontziente zein inkontziente batean egiten da. Biak dira garrantzitsuak? Bai. Gurasoek hausnarketa kontziente bat egin behar dute seme-alabak zein baliotan hezi nahi dituzten inguruan, zein helburu lortu nahi dituzten, zeintzuk arau ipini… Baina gure izaerak, sentimenduek, jarrerak, esanek… ere eragin handia daukate umeen heziketan. Adibide bat ipintzearren: gezurrak ez dituela kontatu behar esan diogu umeari, baina telefonoak jo du eta bikoteari esan diogu, guretzat bada, esateko ez gaudela etxean. Umeak entzun digu eta, beraz, horrek nolabaiteko eragina eduki du bere heziketan. Ezinbestekoa da ezetza? Heziketan, baietzak zein ezetzak dira ezinbestekoak. Baietzak goraipamenak dira, esfortzuak onartzea, maitasuna…; eta ezetzak frustrazioa dakar, mugak ipintzea… Batzuek diote frustrazioa gauza txarra dela, umea traumatizatu daitekeela. Nire ustez, berriz, umea traumatizatzeko arrisku handiagoa dago frustratzen ez badaki. Frustrazioak irakasten dio ezin dela beti garaile izan, ezin duela beti nahi duena lortu… Inportantea da heltzeko, garatzeko eta autoestimu positiboa izateko. Baietzak zein ezetzak dira inportanteak horretarako. Hala ere, guraso askok zailtasunak dituzte mugak jartzeko. Faktore asko daude eta haietako bat denbora falta da. Izan ere, mugak ipintzeak denbora eskatzen du, hau da, tematia izan behar zara, mugak mantendu eta ondorioak ezartzeko. Gainera, mugak uste osoz ipini behar dira, umeak ziur ez gaudela ikusten badu, xantaia egin eta adarra joko digulako. Ezinezkoa da seme-alabak denborarik gabe heztea. Kalitatea kantitatea baino hobea dela diote, baina kalitatea emateko, kantitate gutxieneko bat behar da. Eta umeekin egon behar da jolasteko, hitz egiteko, hezitzeko zein ezetza mantentzeko. Ez dut gurasoen bizitzan sartu nahi, baina batzuetan eskola edo familiaren esku uzten da seme-alaben heziketa, eta beharbada, denbora arlo bati edo besteari kendu beharko genioke seme-alabei eskaini ahal izateko. Guraso bi daudenean, horiek ados egon behar direla aspaldiko egia da. Bai, gatazka eta zailtasun handiak sortzen dira gurasoak ez direlako ados ipintzen. Gainera, umea aurrean ez dagoenean ipini behar dira ados, eta ez diote bikoteari inoiz indarra kendu behar. Baina adostasuna ez da bakarrik bikotearen artean egon behar, eskola eta familiaren artean egotea ere ezinbestekoa da, helduen artean adostasuna ez egoteak umeengan ziurtasunik eza sortzen duelako. Autoritatea gurasoek berez daukaten ezaugarria da, ala irabazi behar dute? Heziketan, autoritatea eta autoritarismoa bereizi behar ditugu. Autoritarismoa agintearen menpean eta agintearen ondorioz inposatutako ezaugarri bat da; eta autoritatea, ordez, hitz positibo bat da. Autoritatea umeek ematen digute, eta gu hura irabazten joaten gara erabaki zintzoak eta bidezkoak hartzen ditugun heinean, seme-alabak errespetuz tratatzen ditugun heinean, ziurtasuna ematen badiegu… Hala ere, egia da batzuetan gauzak inposatu baino beste erremediorik ez dagoela, umeak ez duelako kasurik egiten. Ez da horregatik traumatizatuko. Oraintxe aipatu duzu: umeak errespetuz tratatu behar dira. Jakina! Seme-alabek besteak errespetuz tratatzea nahi badugu, guk errespetuz tratatu behar ditugu. Gainera, umeak oso ondo konturatzen dira errespetuz nortzuek tratatzen dituzten, eta nortzuek ez. Entzun behar diegu, eta beren bizipenak eta sentimenduak kontuan hartu. Baina neurri batean, ezin ditugulako orduak eta orduak eman gauzak aztertzen eta azaltzen. Umearengan, gurasoek ez ezik eskolak, familiak, gizarteak… ere eragina dutela esan duzu hasieran. Zelan uztartu horiek guztiak? Inportanteena etxekoa da: gurasoek zer uste duten, umeari zein balio helarazi nahi dizkioten, erabakiak uste osoz hartzen dituzten… Dena dela, horrek ez du esan nahi oso zorrotzak izan behar garenik: guk esaten duguna eta kito. Baina umeak sakelako telefonoa, bere lagun guztiek dutelako, eskatzen badigu eta horretarako behar beste adinik ez duela uste badugu, bada, ez diogu erosten eta kito. Literaturaren bidezko heziketa Juan Carlosek pasioz bizi du bere lana. Donostian kabinetea izateaz gainera, institutu batean dabil psikologo, eta gurasoei zuzendutako hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen ditu han eta hemen. Era berean, haur literaturgintzan diharduen Galtzagorri elkartearen kidea da. Bere ustez, literatura tresna ezin hobea da umeak hezitzeko. “Bizitzan gertatzen dena, bere sentimenduak, gatazkak… hobeto ulertzen laguntzen die. Balioak ere ikasten dituzte eta beren barrualdearekin ipintzen dira harremanetan. Umeek estimulu pilo bati egin behar diete aurre esnatzen direnetik oheratzen diren arte, eta ipuinak entzuteak edo irakurtzeak lasaitasuna ekartzen die, sosegua, isiltasuna, sentimenduak barneratzeko aukera… Oso tresna egokia da guraso eta seme-alaben arteko komunikaziorako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).