Errezeta elektronikoa, lehenik Derion

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:45

Errezeta elektronikoa, e-errezeta, martxan jarri da eta, Euskal Herrian, non eta Derion hasiko dira erabiltzen estreinako aldiz. Medikuek ez dute paperean errezeta gehiagorik egingo; orain tratamendu-orriak emango dituzte eta han medikamenduaren izena, dosia eta tratamenduaren epeak agertuko dira. Geroago, erabiltzaileek Osakidetzaren txartela aurkeztu beharko dute farmazian. Botikariek txartela eskaneatuko dute eta pantailan agertuko den botika emango diote pazienteari. Eusko jaurlaritzak plan aitzindaria jarri du martxan María Dolores Fernández Derioko farmazian, eta egun gutxi barru baita Gasteizen ere. Plana apurka-apurka zabalduko da eta 2013rako Euskal Herriko herri guztietan ezarri nahi dute. Beraz, erabiltzaileek ez dituzte paperezko errezetak bota behar, Yago Ferreiro Derioko botikariak aipatu duen moduan. “Etxean dituzten errezetak hona ekarri eta betiko moduan emango dizkiegu botikak. Ohiko errezetak bukatzen direnean, e-errezeta erabiltzen hasiko gara. Gaur bederatzi errezeta elektroniko eta 200 ohiko errezeta egin ditugu; bi hilabete barru, ziurrenik kontrakoa gertatuko da”. Txartel berriak abantailak baino ez ditu ekarriko. Erosoagoa da, medikuarenera errezeten bila joateko beharrik egongo ez delako, eta farmazian bertan zuzenean banatuko direlako. Era berean, seguruagoa eta fidagarriagoa da, botikariek informazioa zehatzagoa izango baitute.