Gure señeak-k musika ekitaldi bi antolatu ditu Gaixotasun arraroen Nazioarteko Egunaren haritik

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 20a, 14:32

Otsailaren 28an Gaixotasun arraroen Nazioarteko Eguna da eta Gure señeak Derioko elkarteak ekitaldi bi antolatu ditu data horren haritik. Otsailaren 24an, datorren domekan, Behotsik orkestrak eta Ipar-Alde Derioko abesbatzak kontzertua eskainiko dute Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan (Abandoibarra, 3), arratsaldeko 6etan. Sarrerek 10 euro balio dute eta gaur eskura daitezke, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Birikan. Era berean, ostegunean eta ostiralean salgai jarriko dira Bizkaia Aretoan bertan, 18:00etatik 20:00etara. Lerro 0 ere egongo da: La Caixa - 2100 3996 70 0200061654. Bestalde, otsailaren 28an musika saio txiki bat egingo da Kultur Birikan, 19:00etan. Euskadin, 170.000 lagun baino gehiagok dute gaixotasun arraro bat; hiru milioik, Estatuan; 27 milioik, Europan; eta 25 milioik, Ipar Amerikan. FEDER Gaixotasun arraroen Espainiako Federazioa da eta bertan 230 elkarte baino gehiago daude. Federazioak 13 proposamen egin ditu 2013. urterako eta erakunde publikoei helarazi dizkie, horiek Lan-egitasmo bat garatu eta euren konpromisoa, solidaritatea eta erantzukizuna adierazteko. Gure señeak Derioko elkarteak bat egin du errebindikazioekin. Azaldu duten bezala, krisi ekonomikoa oso eragin handia izaten ari da gaixotasun arraro bat duten lagunengan, zeinak laguntza handiagoa behar dutenak baitira, eta osasun arloko murrizketek ere atzerapena ekarri dute pertsona hauen eskubideei dagokienez. Besteak beste, puntu hauek batu dituzte errebindikazioetan: Estatuko Osasun Sistemak (EOS) gaixotasun arraroak gaixotasun kronikotzat hartzea, eta horiei lehentasuna ematea; familiek koordainketarik egin behar ez izatea; familiek medikamentuak baldintza beretan eskuratu ahal izatea; Osasun sistemaren barruan dauden gutxienez 50 zentrotan gaixotasun arraroak egoki tratatuko direla bermatzea; ikerketa bultzatzea; beste estatu kide batera joan behar diren pertsonei behar duten arreta bermatzea; eta lan-integrazioa sustatzea.