Gaur Landa eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta Derioko Udalak, arratsaldeko 6etan, omenaldia egingo die herriko emakume baserritarrei Kultur Birikan. Emakume baserritarren lana funtsezkoa den arren, lan isila ere bada, gogorra eta esker txarrekoa. Horregatik, Udalak iaz antolatu zuen lehenengo aldiz omenaldia. Ekitaldi instituzionalaz aparte, erakusketa bat egin zen eta horretan ehun emakume baserritarren argazkiak ipini ziren ikusgai. Antolatzaileek materiala biltzen jarraitu dute eta argazki berriak sartu dituzte erakusketan. Hori aurten ere antolatu da eta urriaren 29ra arte egongo da ikusgai Kultur Birikan. Horrezaz gainera, Derioko azken emakume baserritarrak liburua emango da argitara. Liburua Fernando Pedro Pérezek idatzi du eta bertan herriko emakumeei egindako 70 elkarrizketa baino gehiago batu ditu.
Emakume baserritarrek ezinbesteko papera dute herrialde garatuen zein garapen-bidean dauden herrialdeen ekonomiarako. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, konkretuki, abereak zaindu eta laboreak ekoizteaz gainera, elikagaiez, uraz eta erregaiz hornitzen dituzte beren familiak, eta landa eremutik kanpoko jardueretan ere hartzen dute parte, beren familien iraupeneko bideak dibertsifikatzeko. Era berean, badute umeak, nagusiak eta gaixoak zaintzeko ardura.
Landa eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna 2008. urteko urriaren 15ean ospatu zen lehenengo aldiz. Aurreko urtean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aintzat hartu zuen landa eremuko emakumeek, emakume indigenek be, duten funtsezko zeregina, nekazaritzaren eta landa eremuaren garapena sustatzeko, elikagaien segurtasuna hobetzeko eta landa eremuko pobrezia desagerrarazteko. Era berean, beren egoera hobetzeko, ingurune egoki bat sortu behar dela azaldu zuen, eta beren beharrizanak, lehentasunak eta ekarpenak kontuan hartu behar direla. Emakume hauen jabekuntza politikoa eta sozioekonomikoa bideratu behar dela be esan zuen.